Nik ere gelditu dut. GZZren irakurketa eta ZZ taldeen deialdia
Gipuzkoako Zero Zabor mugimendua osatzen dugun Zero Zabor taldeok lorpen handitzat daukagu, errauste planta toxikoa bertan behera uzteko lortutako akordioa. Urte luzez Gipuzkoarron osasuna, ingurumena eta ekonomia mehatxatu dituen proiektu toxiko horrenak egin du, milaka herritar, herri eragile eta zenbait erakunderen elkarlanari esker. Guztioi, zorionak eta gure eskerrik beroenak.
Planta toxiko eta garestia eraiki zedin bereak eta bi egin zituztenak badira, erraustea bestelako aukerarik ez zegoela behin eta berriz errepikatu izan digutenak. Gezurrak eta etsipen mezuak besterik ez dituzte izan herritarrontzat, xede bakarrarekin: Beraien lagun handiei errauste planta nola-hala oparitzea.
Denis Itxaso eta Carlos Ormazabal bezalako galtzaile txarrek bereari eusten diote. Erraustegiak dioxinak nola, gezurrak eta mezu nahasgarriak hala isurtzen dituzte. Errauste plantaren defentsan belarrietaraino kakaztuta, bere erruak besteei leporatzea beste irtenbiderik ez dute ikusten. Erraustegia bertan behera geratzeak sortu duen galera zenbatekoa den esaten ari zaizkigu behin eta berriz. Bada, hitzegin dezagun horren kosteetaz.
Errauste planta bertan behera geratzeak 8 milioiko kalteordaina ekarri du. Errauste planta eraikitzeak 200 milioitik gorako gastua ekarriko liguke. 25 aldiz diru gehiago aurreztea lortu dugu, Denisek eta konpainiak gastatu arazi nahi digutena baino. Osasuna eta ingurumena babesteagatik ordaintzeak merezi badu, nola ez du mereziko 200 milioi eurotik gora aurrezteak?
Hitzegin dezagun guzti honek sortu dituen gastuen arduradunetaz. Gogora dezagun 2011ko urriaren 13an, Calos Ormazabal eta Denis Itxasok zuzentzen zuten GHKak egindako administrazio kontseiluko bilera hura. Maiatzeko hauteskundeetan aldaketak izan eta bost hilabetera, aurrerantzean GHKan aginduko zutenak errauste planta eraikiko ez zutela jakitun, bere arduratan jardunean zeudela, premiaz deitutako ez-ohiko bileran, errauste plantaren oinarrizko proiektua onartu zuten, orain bertan behera utzi behar izan diren kontratuak indarrean jarriz. Orduan ere gogor salatu genuen horren asmo bakarra: Gipuzkoarrei xantaia egitea, haien proiektu toxikoan atzera egiteari ordain ekonomikoa jartzea. Carlos Ormazabal eta Denis Itxasok zuzentzen zuten administrazio kontseiluaren erantzukizuna dira eragin diren gastu eta kalteordain guztiak. Orain eragiten duten zalapartak, ez ditu erantzukizun horretatik libratzen. Azala behar da gero, kosteen errua besteei leporatzeko!!
Baina ez gaitezen pertsona hauen amarruan katramilatu. Gertakari hau mugarri bat da. Zaborraren eta errausketaren aroari bukaera eman, eta, Zero Zabor aroa abiatzen duen mugarria. Zeregin asko dugu aurrean, garaipen berri asko erdiesteko. Herri eragile eta erakundeen elkarlanari esker posible dela ikusi dugu. Zero Zabor aroak, errausketaren aroak ez bezala, baikortasuna eta ilusioa ditu akuilu. Osasuna eta ingurumena, etorkizun jasangarri eta hobeago baten itxaropenak bultzatzen gaitu zabortegi kutsakorren amaiera ekarriko duen aro berri honetan barneratzera. Horretarako, zaborra sortzeari utzi behar diogu, Gipuzkoan geroz eta leku gehiagotan, geroz eta emaitza hobearekin lortzen ari garen bidetik, ahalik eta hondakin gutxien sortuz, sortutako hondakinetan dauden materialak berreskuratuz, eta hori guztia egin ahal izateko azpiegitura egokiak eraikiz.
Aro aldaketa hau garaipen bat da. Osasunak eta ingurumenak, kutsadura eta garapenkeriaren aurrean izandako garaipena, baikortasunak eta ilusioak, ezkortasun eta etsipenaren aurrean izandako garaipena, herritar guztien interesak, elite ekonomiko-politiko txiki baten interes zitalen aurrean izandako garaipena. Eta garaipenak ospatu egiten dira.
Gipuzkoa Zero Zabor eta herrietako Zero Zabor taldeok, elkarlanean, abenduaren 29an NIK ERE GELDITU DUT jaia antolatu dugu Usurbilen. Bidelagun izan ditugun herritar guztiokin batera ospatu nahi dugu garaipena. Haur, heldu eta gazte, guztiontzat animazio eta jai giroa izango duen jaialdia antolatuko dugu. Jaialdiaren xehetasunak, antolaketan aurrera egin ahala emango ditugu.