Mundiala?

earth_seen_from_space_at_night_1920x1080

“Mundial” hitza Hegoaldean zerbait itzela, izugarria, sekulakoa dela adierazteko erabiltzen dugu lagunarteko hizkeran. “Mundiala” ere bada Eusko Jaurlaritzako HPSk aukeratu duen leloa Euskararen egunerako. Leloa gustuko dut, kanpaina ez hainbeste.

(Artikulua Leire Narbaizak idatzi du Kalamuatik Txargainera blogean)

Kontua da ekimenarekin munduko mapan kokatu nahi dutela zenbat euskaldun dauden bertatik barreiatuta. Ederki, polita izan daiteke. Baina zer ardura digu zenbat euskaldun dauden Namibian, Uzbekistanen edo Letonian?  Polita, baina ezdeusa! Itxurakeria eta eskaparatismo hutsa.

Egia esatera, benetan ardura diguna da jakitea nor den euskalduna Eibarko osasun etxean, Legutioko Correosen, Lezamako Kutxabanken, Zizurreko guraso elkartean, Ziburuko ile-apaindegian, Atharratzeko tabernan. Jakin gura genuke zenbat euskaldun garen Euskal Herrian, norekin egin dezakegun euskaraz mutur okerrik ikusi barik, erdarara jo gabe, naturaltasunez. Eta gainera, ziurtatu leku guztietan euskaraz egin ahalko dugula.

Euskara munduratzea ondo dago, baina euskararen trinkotzea hemen dugu beharrezko, ez kanpoan. Euskal komunitateak lurraldea behar duelako, euskararen herria, munduan ere badena, baina gurean gorpuztu behar dena, ez Ameriketan, Londresen edo Malasañan.

Kanpolarrosa hutsa da ekimena, eta badakigu kanpolarrosa izateak ia beti etxe-kardo izatea dakarrena. Hori sarriegi gertatzen euskararen kontuekin. Bestela, adibidez, nola uler liteke Argentinan euskara ikastea doan izatea eta hemen ordaindua?

Horregatik, bitxia eta txioagarria izan liteke Vladivostoken edo Antananarivon euskaldun taldetxoa izatea, edo maori bat eta bavariar baten artean euskaraz mintzatzea. OK! Baina nahiago nuke Osakidetzara joan eta euskaraz artatuko naute ziurtasuna izatea!

Euskal Herria bete beharko genuke puntuz! Tinkotu hizkuntza komunitatea, lehenbizi, euskaldunok gure artean ezagutu eta nahastu. Elkar identifikatu. Mikro euskal komunitateak sortu nonahi. Gero etorriko da kanpoan zabaltzearena! Lehenengo etxean, hegemoniko bihurtu arte!

Nola zen hura? “Pentsatu mundu osoan, baina ekin tokian tokikoan”?

(Artikulua Leire Narbaizak idatzi du Kalamuatik Txargainera blogean)

euskara

ZuZeu-ko editoreek sarean aurkitzen dituzten artikulu interesgarriak, CC-BY-SA 3.0 lizentziapean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude