Nik erabaki, guk gozatu!
Euskal Herriko jairik unibertsalenak, San Ferminak, ospatzen diren honetan, eta Gari Garaialdek bertako txupinazo egunean egindako argazki erreportaje bikainak izan duen arreta ikusita (bertatik hartu dugu argazkia), Euskal Herriko Bilgune Feministaren idatzi bat dakargu hausnarketara –Klitto! aldizkari feministatik jasoa-, interesgarri gerta daitekeelakoan:
“Tengamos la fiesta en paz!” entzun izan dugu hainbat eta hainbat aldiz. Eta ez da baieztapen hutsala, festak gure errealitatetik ihes egiteko burbuilatzat saldu izan baitira. Eredu patriarkal eta kapitalistari men egiten dioten eskuineko gobernuek jaiak kontsumo-gai bihurtzen dituzte, herri jaiak erasotuz. Eta jaiak bere jendarte eredua hedatzeko baliatzen dituzte.
Bada, festak ez dira jendartetik at dauden bake eta poz gune isolatuak. Festak politikoak dira, guztiontzat. Eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira, errealitatearen adierazle kondentsatuak. Jaietan norbanakoa kolektibora hurbiltzen duten prozesu subjektibo eta objektiboak ematen dira. Beraz, festak bizitzaren erdigunean kokatzen ditugu, jendartearen balioak, nortasunak, ideologiak eta egiturak birsortzen dituztelako. Jaiek jendartean dauden gatazkak, zapalkuntzak eta diskriminazioak adierazten dituzte: hierarkia anitzak, botere harremanak, indarkeria, rol banaketa… Orokorrean, hegemonikoak diren genero eredu eta heteroaraua indartuz.
Jaietan, “dena libre” denaren aitzakiapean, eraso sexisten ofentsiba nabaria da: begiradak, irainak, gutxiespenak, bortxaketak, erailketak… Eraso sexisten aurrean gure erantzuna tinkoa behar du izan, ez dago aitzakiarik, erasoekiko konplizitateak ezin du lekurik izan gure jaietan eta guztion inplikazioa behar da indarkeria hau ekidin eta salatzeko. Gainera, gure hautua jaietan emakumeok autodefentsa feministari ekiten jarraitzea da, nazkatuta gaudelako eta gure arteko aliantzaz, gureak diren plazak, kaleak eta gauak okupatu eta erasotzaileei hortzak erakustera goazelako.
Duten garrantziaren jakitun, baliatu ditzagun jaiak sistemari iseka egiteko, probokatzeko eta nahi ditugun herri eta harreman ereduak eraikitzeko. Betebehar, estres, kontrol eta gehiegizko planifikaziotik aldenduz, erabili dezagun jaietako indar sortzailea eredu askatzaileak praktikara eramateko: publiko-pribatua, lan-aisialdi edo borroka-plazera dikotomiak behingoagatik lehertzeko! Gozamenetik, jakintzak eta bizipenak elkartrukatu eta iraultza gorpuztu dezagun. Boteredunen aurrean ez gaudelako bakarrik eta jaietan komunitate loturak indartzeko eta elkarrekin izateko aukera badugulako.
Bide horretan ezinbestekoa deritzogu, batetik, herri jaiak bazter askotan pairatzen ari diren erasoaldiei aurre egitea, eta bestetik, jai ereduaren inguruko lanketa ikuspegi feminista batetik egiteari. Norberak birsortzen dituen ereduetatik gure jardun kolektibora. Honela, gure jaietako antolaketa eta garapena bera, prozesu kontziente bilakatu behar dugu zirrikitu guztietatik, eta ezarria den ordena soziala eraldatzeko baliatu ditzagun: nola antolatzen den jai batzordea, egitaraua osatzeko orduan jarraitzen ditugun irizpideak, zein arduratzen den zaintza lanez, eta erasoei aurre egiteko aldez aurretik adosten ditugun erantzunak edo protokoloak aztertzeari.
Norberak erabakiz, guztiok gozatuz, sortu ditzagun festak guztiontzako espazio seguru eta gozamen iturri! Soilik gure jardunaren eta ekintzen jabe bagara eskaini ahal izango ditugu guztiok gozatzeko moduko ikuskizun, kalejira, harreman, musika, otordu, txaranga, jolas zein dantzak. Aurten ere, emakume gehiago izango gara Euskal Herriko plazetan jaiak askatasunez biziz, gozatuz, dastatuz, usainduz. Gure buruak zainduko ditugu eta elkartasuna oinarri izanik jaietan izaten diren eraso sexistei erantzungo diegu.
Nik erabaki, guk gozatu!!!