Feminismoa eta Klitto!

Gaur, ekainak 26, aldizkari digital berri bat jaio da Euskal Herrian, feminismoa ardatz eta euskara tresna duen Klitto!

Atari digital berria Irati Urkiolak, Ana Iruretagoyenak eta Malen Aldalurrek sortu dute. Beraien esanetan,Feminismoak behar du euskara, eta euskarak behar du feminismoa”.

Atari berria, beraz, feminista aldarrikatzen da, eta feminismoa gai bezala lantzeaz gain, “errealitate anitzak ikuspuntu feministatik” aztertuko dituela dio; sozialki zapaldua den kolektibo bat (emakumeak) indartzeko bide moduan.

Klitto! kolaboratzaile sarea ehuntzen ari da orain, “eta zuri ere gonbidapena luzatu nahi dizugu; zabalik dago Klitto!”, egiten dute gonbidapena.

Feminismoa eta Klitto!

Sarean jada

Ataria abiatu berria bada ere, ondo hornitua dago jada.

  • Lehen erreportajea, “Women In Black Bilbora bueltatuko da ekainaren 26an”.
  • Lehen kronika, “Sexu Anizatasunean heziz eta haziz”, Steilas sindikatuko kide Nagore Iturriozek Donostian emandako “Sexualitatea eta gorputza” hitzaldiarena.
  • Iritzia atalean, Danele Sarriugarteren “Ifemelu beltz egiten zuena”; Kattalin Minerren “Ulertzen nauzuenoi” eta sortzaileetako baten, Ana Iruretagoyena Rodríguez-en, “Armairuetan sartu ninduzuenetakoa”.
  • Guzti honetaz eta berrien atalaz aparte,  Ane Labakak bertso sorta bat eskaini dio Klitto!-ren sorrerari (doinua: Norbere mundu intimoa):

Norma-ri “L” bat gehituz
eraikitzen da normala;
gizartearen eredu
heteropatriarkala.
Nahiz ta esaten diguten
dena dela naturala
deseraikigarria da
eraikuntza kulturala.
Zalantzan jarriz nork nori
egiten dion itzala,
izango da feminista,
euskaldun, erradikala…
Normaltasunari hitzez
egindako arrakala
horietatik erditu
den atari digitala.

Ez da agindu diguten
ideal hori gurtzea,
inposaketen neurrira
gure gorputzak neurtzea,
norbere autoestima
uneoro egurtzea,
zapaltzen gaituenaren
oinetara makurtzea…
Izan liteke irri bat,
amorru bat lapurtzea,
borrokarako berpiztu
edo malkotan urtzea,
ez al da bide luze bat
pixkanaka laburtzea?
Feminismoari buruz
euskaraz irakurtzea.

Gizarteak egin gaitu
neskatxa eta mutiko,
klitoriak subalterno,
zakilak hegemoniko…
Zakildunek ez dute maiz
guri buruz idatziko,
ez gaituzte portadako
argazkietan jarriko…
Hala ere ez gaitezen
biktima rolean ito
indarrez hautsi ditzagun
norma ta estereotipo
izan gaitezen kolore
anitzeko abaniko
sentitzen dugun horixe
idatz dezagun ta KLITTO!

Feminismoa eta Klitto!Klitorekin harremanetan jarri eta parte hartzeko, klittoataridigitala@gmail.com helbidera jo besterik ez duzue. Atariak, gainera, twitter kontua ere badu, @KlittoDigitala, egun gutxiren buruan 350 jarraitzailetik gora batu dituena.

Zorionak eta ongi-etorri Klitto!, urte askotarako.

 

feminismoa, Klitto!

5 pentsamendu “Feminismoa eta Klitto!”-ri buruz

  • Feminismoa, gizateriaren %50a erahil nahi duen mugimendua (Solanas dixit) kezkagarria zen garai batean. Pozten naiz ikusteaz gaur egun inadaptatu diruzale espainolisten (Joseba Iturrioz) negozio-lobby negargarri bat dela.

  • Zuen lobby berriaren izena ez al dago feminismoaren genero/sexu bereiztearen dogmaren kontra? Klitoris gabe ezin feminista izan, nola ez!

  • Eta emakumearen zapalkuntzaren asmakizunarekin gizarte (barkatu, jendarte esan nahi nuen, feministentzat giza erroa erabiltzea matxista omen da) “heteropatriarkalak” (?) ematen dizuen diru publikoarekin bizitzera, hori bai zapalkuntza!.

    • Gaztañe Arnostegi
      margaritxon 2015-06-27 14:59

      Beste iruzkinen batean zuk zeuk erabilitako hitzokin erantzungo dizut: “Barkatu baina erakutsiko zenidake zuk idatzitakoa baieztatzen duen daturik? Esker aunitz”.

      • Alde batetik giza erroaren (eta genero maskulinoarekiko) fobia -> http://euskararenjatorria.net/?p=13982

        Bestetik, gaur egun emakumeak gizonen lan berberak edukitzeko aukera dituzte eta are gehiago diskriminazio positiboa daukate hainbat lanpostuetan (bai, minusbaliatuak izango balira bezala).

        -Gizonei lanpostu batzuetan (polizia, suhiltzaileak…) egiten dizkiguten probak errazagoak dituzte emakumeek.
        -Zinemaren legearen arabera emakumeei emango dizkiete diru-laguntza gehiago filmak egiteagatik.
        -Erakundeetan parekotasuna bilatzen duzue horrek suposatzen duen guztiarekin, esaterako prestakuntza oneko emakume edo gizonak baztertzea dena %50 izateko.
        – Dibortzio kasuetan ez da zainketa partekatua lehenesten.
        -Adibidez Andaluzian oposizioetan gizon eta emakume baten kalifikazioetan berdinketa badago emakumea irabaziko du lanpostua.

        Eta horrelako asko, heteropatriarkadotik lesbomatriarkatura, hori da zuen berdintasuna.

        https://pbs.twimg.com/media/CBCU5RvUUAAylfp.jpg

        Eta lesbomatriakatua deritzot feminismoaren kontua lesbianek kontrolatzen dutelako, esate baterako:

        Plaz! (non dago hemen parekotasuna? http://plazfeminista.eus/wp-content/uploads/2015/04/IMG_3657.jpg) alderdiko Josebe Iturrioz, argiako eta pikara magazineko June Fernandez, Podemoseko Beatriz Gimeno, eta abar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude