Nerabeen hizkuntza-erabilera eta interneteko sare sozialak. Aukera berriak?

internet-sare-sozial

Soziolinguistika Klusterrak eta Kultur Kabia- Topaguneak elkarlanean egindako proiektuaren emaitzak kaleratu dituzte.

Nerabeak eta euskara

 

Nerabeen hizkuntza erabilera, euskararen normalizazioan dabiltzanen interesgune nabarmena da, gaur egun. Hezkuntza-sistemak euskararen ezagutza bermatzean bertatik igarotako belaunaldien bizimodua euskaraz garatuko zela aurreikusi zutenen ustea ez da bete, erabat behintzat. Herrian eta etxean euskararen presentzia esanguratsurik aurkitzen ez duten nerabeek euren arteko harremanetan eta, orokorrean, eskolaz kanpoko bizitzan, gaztelaniarako joera erakusten dute sarri.­

 

Horrez gain, garrantzitsua da aipatzea euskaraz dakien nerabearen profil soziolinguistikoa aldatu egin dela duela urte batzuetatik hona. Euskara bigarren hizkuntzatzat duten euskaldunen proportzioa gero eta altuagoa da. Era berean, hiri-inguruneetan bizi diren euskaldunak ere gero eta gehiago dira. Ezaugarri horiek aldatu diren moduan, euskara erabiltzeko motibazioetan ere bilakaera bat ematen ari dela antzeman daiteke.

 

Nerabeak eta sare sozialak

 

Interneteko sare sozialak, azken urteetan sarean agertutako fenomeno berrietako bat dira. Pertsonen arteko komunikaziorako erabilgarriak dira, harreman asko eskura edukitzea eta informazioa modu errazean trukatzea ahalbidetuz. Gaur egun 12 eta 18 urte artean dituzten nerabeen belaunaldia bete-betean harrapatu du interneteko sare sozialen orokortzeak. Euren arteko komunikaziorako tresna garrantzitsuenetakoa bihurtu da, argazkiak, mezuak, hitzorduak eta loturak bat-batean eta dohainik jende askori zabaltzeko aukera ematen dutelako. 

 

Sare sozial hauek nerabe eta haurren artean izan duten arrakastaz oharturik, hainbat saiakera egin dira tresna hauek helburu batzuen mesedetan erabiltzeko. Esate baterako, facebook, tuenti edo twitter bidez produktu eta zerbitzuen publizitatea egiten da, hezkuntzarako baliabide bezala erabiltzen saiatzen dira edo herritarrak kazetari bilakatzera bideratzen dira. 

 

Nerabeak, sare sozialak eta euskara

 

Soziolinguistika Klusterra eta Kultur Kabia-Topagunea elkarlanean aritu gara gai hauen inguruan. Kultur Kabiak nerabeei zuzendutako hainbat aisialdi programa kudeatzen ditu. Programa hauetako bakoitzak bere ezaugarri bereizgarriak baditu ere, denetan erabiltzen dira interneteko sare sozialak nerabeen arteko harremanak eta nerabeek programaren arduradunekin dituztenak ahalbidetzeko. Interneteko sare sozialena fenomeno berria izanik eta adin-tarte jakin batzuetan duten arrakasta kontuan harturik, interesgarri ikusten da tresna hauei ematen zaien erabilera hobeto ezagutzea. Izan ere, aurrera begira euskara sustatzeko baliabide eraginkorra izan litezke, egoki erabiliz gero.

 

Hau guztia kontuan izanik, hurbilpen gisa balio dezakeen esperientzia bat burutu da ondorengo bi helburuekin:

 

– Batetik, aisialdi programetan sare sozialen bidez nerabeen euskararen erabileran eragitea

 

– Eta beste alde batetik, hizkuntza-portaeratan sare sozialen bidez eragiteko esku hartzeen baliagarritasuna aztertzea

 

Egitasmoaren ezaugarriak, emandako urratsak eta lortutako emaitzak, Soziolinguistika Klusterra eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren webguneetan eskuragarri dagoen txostenean daude azalduta.

 

SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA eta KULTUR KABIA-TOPAGUNEA

http://www.soziolinguistika.org/nerabeaksaresozialak

http://www.topagunea.org/dokumentazioa/ikerketak/2

Zer duzu buruan “Nerabeen hizkuntza-erabilera eta interneteko sare sozialak. Aukera berriak?”-ri buruz