Euskaraz bizitzeko nahiaren isla izan da Doka kafe Antzokia

Euskaraz-bizi-nahi-dut-20111028Euskaraz bizitzearen aldeko dinamika aurkeztu da Donostiako Doka kafe antzokian. Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu… ekitaldiaren bitartez. 2010eko maiatzaren 15ean Iruñean egindako manifestazioan du jatorria dinamikak. Horren jarraipena izan nahi du orain abiatzen den dinamika honek. Normalizazio prozesuan urrats kualitatiboak eman nahi baldin baditugu, beharrezkoa da eraldaketa soziala ematea eta eraldaketa sozial horretan, guztiok dugu zer egina eta zer esana, azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

 

Dinamikaren zabaltasunari erantzun asmoz, aurkezpen ekitaldian bertan jende andanak hartu du parte, batzuk ekitaldian bertan egonda eta beste batzuk berriz bideoan grabatutako adierazpenen bitartez. Euskaraz bizi nahi duten norbanakoek eurentzat euskaraz bizitzea zer den adierazi dute eta baita hainbat ezagunek ere; besteak beste, Kike Amonarrizek, Miren Amurizak, Eneko Lazkozek, Maddalen Iriartek…

Uda garaian egindako ekimen desberdinekin (EHZ festibala, Kontxako estropadak, Donostia, Gasteiz, Villabonako festak… ), osatutako bideoa proiektatu da. Galder Gonzalezek euskaraz bizi nahi duten herritarren komunitate birtuala aurkeztu du, ekimenerako sortutako webgunea aurkeztuz. Web guneak www.euskarazbizinahidut.org helbidea izango du eta laster egongo da sarean eta baita euskaraz bizi nahi duen ororen topaleku izan nahi duen posta zerrenda ere. Esne Beltza taldeko Xabi Solanok zuzenean jo du bere taldearekin dinamikari ekarpena eginez sortu duen abestia.

Normalizazio prozesuak zutabe desberdinak ditu eta horietako bat, herri gogoarena da. Urte hauetan guztietan, herritarren lanari esker proiektu ugari jarri da martxan Euskal Herrian eta horri esker urratsak eman dira normalizazio prozesuan. Une honetan, herri gogo hori aktibo bihurtu behar da hizkuntza-politiketan urratsak emateko eta modu horretan euskaraz bizitzea ahalbidetzera heldu.

Dinamikaren funtsa jendarte mugimendu zabala eratzea da. Euskaraz bizi nahi duen orok lekua du dinamika honetan. Eta nahi duen espresio edo agerpen mota erabiliz egin dezake ekarpen hori. “Asko gara euskaraz bizi nahi dugunak, jadanik euskaraz bizitzeko hautua egin dugunak eta gure egunerokoan hori praktikan jartzen dugunak. Hortaz, norbanakoari adierazi nahi diogu ez dagoela bakarrik. Euskaraz bizi nahi duen jende guztiaren bilgune izan nahi du dinamika sozial honek”, esan du Bilbaok.

Norbanakoez harago ere, gizartearen arlo desberdinetan lanean ari direnei ere Kontseiluak egindako hausnarketa aurkeztu eta dinamikan parte har dezaten proposatu zaie eta proposatuko zaie aurrerago ere. Modu horretan, hezkuntza arloa, alor sozio-ekonomikoa, espresio artistiko desberdinak… dinamikan txertatuko dira.

Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, herritarrei dinamika honetan parte hartzeko deia luzatu die. “Garai berri hau euskararen garaia izango dela bermatu behar dugu guk guztiok. Orain herritarron aukera da, eta ziur naiz gaurko ekitaldi honetan herritar horiek guztiek erakutsi diguten determinazioa milaka herritarrek erakusten badute euskaraz bizitzeko baldintzak lortuko ditugula eta berandu baino lehen euskaraz biziko garela, herri hau euskaraz biziko dela. Horretara goaz, eta herri-gogoak ez du inoiz huts egin, lortu egingo dugu”, esan du.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.