Nekazarien haurren lotsa
Nekazarien haurren lotsa –
Kimetz Arana Butroek Argia aldizkarian.
Oraindik orain nekazari familietako gazteek beren jatorria aitortu eta etxekoaz hitz egiteko lotsa dute.
Lanbide desberdinak eskolara hurbiltzeko Ikas2deak proiektuaren bidez, urtero EAEko dozena bat ikastetxetara joateko aukera dut. Elikaduraz eta nekazaritzaz ari garela, hirian edo herri txikian oso desberdina izaten da sortzen den ikasleen motibazio eta lotura.
Araban hainbeste nabaritu ez dudan arren, kaxero, borono edo aldeano hitzen karga handia da oraindik Bizkaia eta Gipuzkoako herri txikietan. Baserriko gazteek eskolan beren bizipen edo gogoak isiltzeko erabakia egoera honen isla da.
Hirietan berriz, erabatekoa da jaten dugunarekiko ezezagutza. Bilbo inguruko gazteek ez dakite Idiazabal gazta zein den. Erraza da beraz jabetzen, gertuko, sasoiko, fresko edo kimikorik gabeko elikagaiak bereiztea ezinezko dela haientzat.
Batak zein besteak badute elkarrekiko lotura. Jendarteak ez badio jaten duenari garrantzirik ematen, janari ona sortzen duenak nekez baloratuko baitu bere lana.
“Baserriko gazteek eskolan beren bizipen edo gogoak isiltzeko erabakia egoera honen isla da. Hirietan berriz, erabatekoa da jaten dugunarekiko ezezagutza”
Iparraldean aldiz nekazari izatearen harrotasuna handitu den irudipena dut. Azken hamarkadan nekazariek sortutako hurbileko komertzializazio sareek, elikagai eraldaketan izaniko hazkundeak eta elikagai osasuntsua jateko jendearen nahiak, sektorea balorizatu eta ikusgarri egin baitute.
Sentsibilitate horren adierazgarri da Hendaia bezalako hirian, udalak 20 hektareako lur saila erosi, hirigintza planean nekazaritzarako izendatu eta bertatik bertarako elikagai osasuntsuak ekoiztera bideratzea.
Gurean berriz, Meatzaldeko udaletan ez da oraindik nekazal edo elikadura sailik existitzen. Beraz merkatal zentroz inguraturik, herritarren janaria aukeratu eta eskaintzea supermerkatuen esku dago ia osoki.
Hala ere, bizi dugun estresa, kutsadura eta elikagai industrialen ondoriozko gaitzen eraginez, hemen ere handitzen ari da osasuna eta elikaduraren garrantzia.
Horrela, gure eskualdeetan gertatzen ari den lanaren esklabizazio, prekarizazio eta uberizazioaren aurrean, eta aurreikusten den koronabirusaren ondoriozko hondamendian, nekazaritza izan daiteke duintasunez bizi, aberastasuna sortu eta sozialki zerbait baliagarria egiteko bideetako bat.
Areago, estrategikoa izan daiteke hirietatik gertu lurra duten eta ekonomikoki odolusturik dauden Enkarterri bezalako eskualdeetan.
Honetaz guztiaz jabetuz bada garaia konplexu zaharrak baztertu eta ditugun aukerak baliatzekoa. Nekazari, langile eta harro.
Nekazarien haurren lotsa