Autodeterminazioaren beharra

Autodeterminazioaren beharra –

Egungo 78ko erregimenarekin kontent dauden historialari eta intelektual eta alderdikide espainiar eta euskotar-euskaldunentzat ere, Franco hil ondoko trantsizio espainiarra (aski) eredugarria izan zen. Juan Carlos erregeari, Adolfo Suarezi, Felipe Gonzalezi eta Santiago Carrillori esker, frankista ohi eta opositore ohien arteko ituna tarteko, baketsuki igaro ginen Francoren diktaduratik monarkia parlamentariora eta “Movimiento Nacional”-etik bi alderdi estatalen alternantziara, AEBetan edo Europako estatu gehientsuenetan bezalatsu. 

Badakigu Euskal Herrian errepresioa basatia izan zela, inondik ere ez baketsua, eta alderdi-bitasunik ez dela egon, baina gurean ere, Espainiako Konstituzioa erroldaren %35ak bakarrik onartuagatik, autonomi estatutuari emandako baietzarekin, nolabaiteko zilegitasuna eman zitzaion, estatututik askatasunera errazago iritsiko ginelakoan edo, eta kontra soilik HB eta talde armatua(k) posizionatu zirela.

Alabaina, Trantsizioarekin kritiko agertu diren hainbat autore espainiarrentzat, eredugarri ez baizik eta posible zenaren frustrazioa izan zen –A. García-Trevijano, J. Navarro Estevan, J. Vidal-Beneyto, G. Puente Ojea, A. Guerra Gil, Gregorio Morán, etab.–. 1976-1978 bitartean ez zen prozesu eratzaile demokratikorik egon. Horretarako, behin-behineko gobernu bat osatu behar zen, sufragio unibertsalez hautaturiko Gorte Eratzaileak osatzeko eta hark Konstituzioa idazteko; eta hauteskundeak demokraziaren aurkako murrizketarik gabe eta askatasun publikoen araubidean burutu behar ziren. Ez zen betekizun horietatik bat bakarra ere bete. 

Autodeterminazioaren beharra

Felipe Gonzalez Manuel Fragarekin 1976ko martxoan elkartu zen –1974an izan zituen lehen harremanak alderdi klandestinoak frankistekin–, Gasteizko hilketen ondotik, eta urte hartako abuztuan, birritan bildu zen Adolfo Suarezekin, afaria barne, frankismoak erreforma politikorako jartzen zituen baldintzak ikasteko, eta, funtsean, haiek onartu beharraz, bere gogaideekin batean, alderdiko militanteak konbentzitzeko. Monarkia edo errepublika hautatzeko plebisziturik ez, lehendabizikoa. Handik eratorri ziren laster, indar armatuek inposaturiko estatuaren zatiezintasuna; autodeterminazio eskubiderik eza, eta autonomien Espainia; gaztelania derrigorrezkoa; beste hizkuntzak ez; merkatu ekonomia, eta NATOn sartzea, eta Eliza katolikoaren pribilegioen berrespena.

Ahaztu beharra zegoen kolpe militar faxista, klase menderatzaileek herri-klaseak menperatzeko gerra, haren ondoko 40 urteko diktaduran gertaturiko errepresioa eta eskubide zibil-politikoen urraketa larri-iraunkorrak, kontsentsuaren eta espainiarren arteko berradiskidetzearen izenean. Eta, horretan, paradoxikoki, frankismoan oposizioan egondako indarrak nabarmendu ziren: PSOE eta PCE bereziki, eta halaber beldurra ereiten ere; frankistei beren marra gorrietan amore eman ezean, berriz ere matxinada armatura joko zutela eta. Ahaztu Errepublika, ahaztu planteamendu konfederalak eta autodeterminazio eskubideak, eta 1977ko ekainean egingo ziren hauteskundeetarako prestatu behar zen, horrek ekarriko zuen eta aldaketa. 

Alemaniako alderdi sozialdemokratak –Willy Brandt buru zela– eta AEBetako alderdi errepublikanoak ere zerikusi handia izan zuten –Henry Kissinger eta Gerald Ford–. Juan Carlos Borboikoa Kapitolioan izan zen 1976ko ekainaren 2an, zer egin nahi zuen azaltzera joanda, eta hango eliteen oniritzia lortzera. 

Suarezen gobernuak ezkerreko poltsikotik ateratako Ponentzia Konstituzionalean, Puente Ojearen arabera –frankismoan eta PSOErekin ere diplomatiko izana zenez, ongi ezagutzen zituen–, honako profileko politikariek ordezkatu zituzten espainiarrak –euskaldunok ez genuen ordezkaririk izan–: bi frankista eta katoliko irmok (Gabriel Cisneros eta Manuel Fraga); hiru monarkikok (Miguel Herrero, G. Peces Barba, eta Miguel Roca, katalanista, katoliko eta kontserbadorea) eta José Pedro Pérez Lorca transfugak eta Jordi Solé Tura, PSUC eta PCEren morroiak. 

Euskal Herrira etorrita, eta zehazkiago PNVrengana, Mitxel Unzetak dio eztabaida konstituzionalean PNVk ez zuela autodeterminazioaren gaia planteatu. Letamendiak eta Goyo Monrealek bai. Letamendiak zioen Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1966ko abenduan onartu eta 1976ko martxoaren 23tik indarrean den Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunari jarraikiz –169 estatuk berretsia; tartean, Espainia–, Euskal Herriak eskubidea zuela autodeterminatzeko, eta horrenbestez, hori nola egin azaldu zuen bigarren zatian. Goyo Monrealek zioen gorago aipaturiko itun hori legedi espainolaren parte zenez gero, besterik gabe, har zitekeela autodeterminatzeko erabakia. 

Kongresuko Batzordean PNVk onartu zuen Letamendiaren zuzenketa, baina gainerako bozketetan abstenitu egin ziren. Zergatik? UCDk esaten omen zien xedapen gehigarriaz hitz egin zitekeela, baina autodeterminazio eskubideaz ez –J. Ugarte (Ed.): La transición en el País Vasco y España. UPV/EHU. 1998. 190-191orr–. Itun foralaren bitartez autodeterminazio modu batera irits zitezkeela pentsatu zuten, eta foruen aurrekari historikoa egoteaz gainera, “politikoki salgarriagoa” zela.  Orduan, autodeterminazio-eskubidean amore eman zuten, eskubide historikoen gaineko xedapen gehigarria adostu zuten, eta ibili-ibili eginda, orduan egindako amore emateek eta erabakiek PNV-PSOEren Euskadi foralera ekarri gaituzte.

Pandemiak erakutsi digu, besteak beste, gure menpekotasun politikoa –eta politikoarekin batera, sozioekonomikoa eta linguistiko-kulturala–, zenbaterainokoa den eta zein egoera urrikalgarrian gauden alde askotatik. Ondorio gisa, inoiz baino beharrezkoagoa dugu euskaldunok autodeterminazioa eta euskal errepublika berri bat sortzea. 

Autodeterminazioaren beharra Autodeterminazioaren beharra

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

12 pentsamendu “Autodeterminazioaren beharra”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-05-12 10:59

    Naturalki ene historia- jakintasun faltagatik ez zaitut sinesten ahal baizik baina nahikoa argi da okasio erabakigarriak huts egin zirela trantsitzio garaian eta aurrean ere seguraz ere.
    Bazterretik ikusita ere, oraiko euskararen gutiagotasun egoera hori hilgarria da.
    Ez da beharbada Iparraldean bezain argi baina azkenean berdin izango da, ez da denbora gehiago kontua baizik.
    Gainera denak erakusten digu hizkuntza batek ezin epe guti edo asko luzean biziraun estatu batek ez badu derrigorrezkoa bihurtzen. Norbaitek baldinbadu kontra etsenplu moderno bat, serio begiratuko dut.
    Alde batetik bada estatu espainolaren erabateko oposizioa, eta bestetik orai EHan, eremu beretan bizitzen euskaldunak batera besteak ere badira, espainol (edo hemen frantses) jatorrikoak edo euskaldun asimilatuak, euskal errepublikaren ideia onartu ezin dutenak.
    Estoka baten bi matrailen artean bezala lehertuak gaude.
    Demografia aldaketak eta denbora kontza ditugu.
    Milesker Pako pentsatzen duzuna adorez azaltzeagatik eta animo.

  • Zuri Beñat.

  • Autodeterminazioaren beharra eta hitz horren esanahia batera aztertu beharko genituzke, ahal ba da modu lasaiean. Berdin gertatzen da independentzia, herria, separatismoa eta beste hainbeste hitz potoloekin.

    Aipatzen den Letamendia berak zioenez:
    “Independentea izan nahi duen herria ez da inoiz separatista. Izan ere, independentziaren aldeko borroka ez da herriaren aurkako borroka, baizik eta denek etsai komunaren aurka egiten duten borroka, oligarkia. Horregatik, euskal herriaren borroka Madrilgo kanpoaldeko langileen, asturiar meatzarien eta andaluziar nekazarien borroka bera da “. LETAMENDÍA. Kongresuko osoko bilkuraren aurreko hitzaldia. 1978ko maiatza).

    ¿Es ETA nacionalista, separatista, independista? Bere erantzuna:
    “Ñabardura batzuk egin behar dira. Beti burgesa izan den eta separatista den nazionalismo mota jakin batean sartzen bagara, separatistak eta burgesak izango gara, eta gu independentistak eta aurrerakoiak gara. Hain zuzen ere, EAJ separatista da eta bere taktika une honetan ez da independentista “.
    “Alderdi batek (EAJ) uste du euskal herriaren zorteak ez duela zerikusirik beste herrien zortearekin, baina horrela ere ez da independentista, alderdi burgesa izanik ez duelako Estatuko burgesiarekin loturarik hautsi nahi. Zentzugabea da entitate politiko buruaskia nahi izatea. Utopikoa eta negatiboa da. Inork ez du independentzia buruaskia nahi. Hori kontzeptu burgesa da. Guk, eta berriro diot, uste dugu EUSKADI ESPAINIAKO ESTATU SOZIALISTA BATEAN BAKARRIK IZAN LITEKEELA INDEPENDENTEA. Ez dago, beraz, estatu ‘independenterik’, aduanak eta alanbradak dituzten burges independenterik. Muga horiek inposizio burgesak dira. Estatuko herriek ezarri beharko lituzkete beren hitzarmenak”. CUADERNOS PARA EL DIALOGO, 265. 1978ko maiatza.

    Gai izango al gara hain beharrezkoa den eztabaidari ekiteko?

  • Benat Castorene 2021-05-12 18:15

    Arandi zure galdera justua deritzot. Momentuz erantzunen nizuke ezetz. Horretarako behar litzateke euskaldun arraza edo hobeki multxo berri bat euskal populuaren erru guziak nolazpait ulertuko eta “asumitu”ko lituzkeenak, erru haien analisatu, gainditu eta ez errepikatzeko etorkizunean. Momentuz gehienetan etsai errabiatuak ikusten ditut itsutuak bere arrazoi osoa betirako edukitzeko pasioan. Hutsak funtseraino ez aitortzeari eskuarki erantzuten dio huts horiek parte bederen esplikatuko lituzkeen arrazoi guziak errefusatze fanatikoak. Eta vice versa. Suerte on Aranzadi.

  • Ez dakit zenbat udaberri dituzun. Azken berrogei urtean ikusi ditugunak ikusita, Euskadi Espainiako estatu sozialista batean bakarrik izan litekeela independentea pentsatzen jarraitzen baduzu, gertakari historikoei ez diezu kasu handirik egiten.

    SESB desegin aurretik, politika sozioekonomiko-militar sobietarra egon zen, baina oligarkia sobietar hartan hegemonikoak errusiarrak, eta identitate nazional eta hizkuntza hegemonikoa ere errusiarra, eta errusiera ziren.

    SESB desegitean, identitate ukrainar, lituaniar, letoniar, estoniarra azaleratu dira, eta errusiar askok errusiar izaten jarraitzen badute ere, ez dute zuk letra larriz jarri duzun hori praktikatzeko asmorik erakusten.

    Espainiako estatura etorrita –pentsatzen dut Letamendiak 1978an “Euskadi” idazten zuenean, Euskal Herri penintsularraz ari zela–, Katalunian ikusi da oligarka finantzarioek ere badutela beren identitate nazionala, garbi asko espainola –Caixabankek Valentzian du orain egoitza, eta beste banku eta enpresa handik batzuk ere–, zuzendaritzako oligarken artean katalantasunik ez dagoelako eta espainoltasuna bai. Eta Euskal Herri independentea baino are utopiko eta ezinezkoagoa den Espainiako estatu sozialista eratuko balitz -Europa mendebaldean, eta mundu osoan, zozo zuria izango litzateke–, esan beharrik ez dago identitate nazional-linguistiko hegemonikoa zein izango litzatekeen.

    Aspaldi esan zuten Txillardegik eta Azurmendik eta, nazioa eta langile arazoak biga zirela, eta biga gisa tratatu behar zirela.

  • Benat Castorene 2021-05-12 18:33

    Begira zazue zer zioen SWek 1940ko desastre militarra eragin zuten frantsesen hutsei buruz:
    “nazio-sendimendu horren 1940ko ekaineko desagertze bapatekoa hain zaigu ahalgez betea nun nahiago dugun ez gogoratzea, bai begietatik baztertzea eta bakarrik ondoko nazio-sendimenduaren berpizteaz oroitu. Bizi pribatuan ere, norbera beti tentatua da bere faltak parentesien artean ezartzera, haiek puskategi batean jasotzera, falta haiek kontatzen ez duten kalkulatzeko modu bat aurkitzera.
    “Ahanzte”aren tentazio horri amor emaitea arimaren arruinatzea da; atsulutuki garaitu behar den tentazioa da.
    Amor eman diogu denok ahanztearen tentazio horri. Hain sakona izan zen nazio-sendimendu aren desagerpen horren ahalge publiko hori nun denok zaurtu gaituen gure ohorearen sentimentu intimoan.
    Tentazio horri ez baginio amor eman, hain harrigarri den fenomeno horren inguruko hausnarketak iritsiko zirela doktrina berri batera, patriaren kontzeptzio berri batera.
    Beharbada emekumeen aldetik xerkatu behar ginuke arraza berria.
    “A bons entendeurs salut”

  • Nik ez dut esan “Euskadi Espainiako estatu sozialista batean bakarrik izan litekeela independentea”, Letamendiak baizik, Espainiako gorteetan autodeterminazio eskubidea planteatzen zuen euskal diputatuak. Proposatzen dudana zera da: aitorpen hori bere ikuspuntutik, hau da, marxismo-leninismotik aztertzeko saio bat.

    Ikuspegi horretatik, herri eta nazio guztiek banantze-eskubidea dutela aitortzeak ez du esan nahi, inola ere, automatikoki estatuaren haustura kasu guztietan bultzako denik. Adibide bezala: ezkontza batean banatze eskubidea onartzen da baina horrek ez du suposatzen haustura derrigorrezkoa izan beharko duenik.

    Orduan, planteatzen den galdera zera da: Noiz bultzatu behar da haustura?
    Burgesiak beti lehen planoan planteatzen ditu bere aldarrikapen nazionalak. Eta baldintzarik gabe planteatzen ditu. PROLETALGOAK KLASE-BORROKAREN INTERESETARA BIDERATZEN DITU.
    Proletalgoa halako praktikaren aurka dago: eskubide-berdintasuna eta estatu nazional bat eratzeko eskubide berdina aitortzean, nazio guztietako proletarioen batasuna estimatzen eta ororen gainetik jartzen du, aldarrikapen nazional oro eta bereizketa nazional oro ebaluatzen ditu, langileen klase-borrokari begira. (El derecho de las naciones a la autodeterminación – Lenin)
    Kasu batzuetan, banantze eskubidea gatazkan jartzen da goragoko eskubide batekin, hots, boterera iristen den langile-klasearekin, haren boterea sendotzeko. Kasu horretan, argi eta garbi esaten dugu, banantze eskubideak ezin duela eta ez duela oztopo izan behar langileriak bere diktaduraz baliatzeko duen eskubidearentzat. Lehenengo eskubideak bigarrenaren aurrean amore eman behar du… Ez dezagun ahaztu nazioek beren burua xedatzeko duten eskubideaz gain, langileriak boterea sendotzeko duen eskubidea ere badela, eta lehena bigarrenaren mende dagoela “. Stalin.
    Kontuan hartuta beraientzat gizartearen oinarria ekonomikoa dela, gustokoa izan ala ez, bere logika ba du.

  • Proletarioak zein dira gaur egun? Langile prekarioak. Horiek izan behar dute iraultzaren protagonistak?
    Teoria praxian frogatzen da, ezta?Marxismo-leninismoak praktikara eramen denean, zer ekarri du?, Porrot egin badu, estatu kapitalisten erasoagatik izan da bakarrik? Aztertu teoriaren gauzatze praktikoak.
    Alde askotatik erreferente hurbilekoena Katalunia dugu, ez Errusia, ez marxismo-leninismoa.
    Hemen amaitzen dut Arandi, zurekiko iritzi-trukea!

  • Teoria praxian frogatzen da, bai. Eta autodeterminazioaren aldeko borrokak iraultzaren zerbitzura dagoen tresna eraginkorra dela frogatu du, eta horrek engainura eta nahasmenera eraman gaitzake. Baina ez dut uste oportunismo hutsa denik, zerbait sakonagoagoa da.

    Funtsean, gizartearen ikuspegi ekonomizista batekin bat datorren jarrera da, non historiaren motorra klaseen arteko borroka den. Eta nire ustez, ikuspuntu hori gainditzeko erakusten dugun gaitasunatik sortuko lirateke baldintza berriak eta egokiak gaur egun pairatzen dugun antagonismo kronikoa bideratzeko.

    Tximino talde baten portaera aztertuz gero non aurkituko genuke bere oinarria? Nik behintzat tximinoan bertan, bere izaeran. Eta gizatearen kasuan zergatik ez? Gizartearen oinarria pertsonak gara eta gure izaera honela defini daiteke modu natural eta zientifikoan: animalia arrazionala.

    Beraz, beste animalietatik bereizten gaituena arrazoia da. Eta tresna hori erabili beharko genuke pertsonari buruz adostasun gutxiengo bat lortzeko helburuan. Ikuspuntu anitzetik: psikologia, soziologia, antropología, biología, … aurreiritzirik gabe.

    Gakoa pertsonatik abiatzean datza, herrigintzan.

  • Benat Castorene 2021-05-13 12:54

    Arandi , hainbat urteko esperientziak erakutsi digu pertsona animalea arrazionala bezainbat animalia pasionala zela eta horrek dena konplikatzen du. Adeitasunez.

  • Lan zaila da bai. Bizikidetza on batean aurrera egiteko, balioak partekatu behar ditugu. Esan genezake gizakiak erabateko determinaziotik kanpo dagoela, askatasuna duela. Baina, aldi berean, giza jokabideak eragin handia du hainbat estimuluren aldetik, hala nola publizitatearen eta manipulazioaren aldetik.

    Morala, gizarte jakin batek, garai historiko jakin batean, ontzat hartzen dituen arauen multzo bat da. Balio moral antagonikoak dituzten kulturak ezagutzen ditugu baina inoiz ez da eman moralik gabeko kulturarik.

    Bestetik, etika, balio unibertsalak bilatu nahi dituen zientzia da. Planteamendu garaikide garrantzitsuenen arabera, balioek osagai intelektual indartsua dute, baina baita emozionala ere. Erreakzio sentimentalen bat ez badago, ez dago benetako balorazio etikorik.

    Pertsona gizartearen oinarria den planteamentua nola baloratzen duzu? Etikoki, hau da, modu orokorrean onartua izateko aukerarik ikusten al diozu? Zure iritzia jakin nahi nuke (eta edozein interesdunena).

  • Benat Castorene 2021-05-13 18:58

    Aranzadi, galdera konplikatua bezain garrantzizkoa egiten diguzu. zerbait originalik ez dizut nihaurrek asmatuko, horretarako ez naiz gai. Aldiz erran diezazuket irakurri, piskat hausnartu, eta gustatzen zaidan SWen ikusmoldea. Horregatik naiz bere itzulpenari lotu. Pertsona har dezakegu balore oinarri bezala emaiten badiogu pertsonari zentzu altu bat. Pertsonak lehenik obligazioak ditu bertze pertsona guzien aldera aldera baita beraurren aldera ere. Gero premia fisikoetaz gain, arimaren premiak ditu eduki transzentalak dituenak. Ezdakit transzentendiarik gabe ere posible den. Baina pertsonaren kontzeptzio altu horrekin ekiditen dugu oraiko indibidualismo katerik gabekoa.
    Baina konturatzen naiz biok Pakoren artikulua eskoatatzen ari gareka biok, lotsarik gabe.
    Nahi bazinu, erabil dezakegu astero agertzen den Erroztamenduko artikuluak solastatzeko. Adeitasunez.