“Negua joan da ta” ez da hit-a izan Iruñerrian
‘Negua joan da ta’ ez da hit-a izan Iruñerrian
Joan den uztailaren 6an, sanferminetan, “Negua joan da ta” kantua jarri zuten taberna batean. Ondoan nuen lagunak esan zidan: “kantu hau ona da. Norena da?” Ez zen ari ironiaz. Uste dut “Negua joan da ta” ez dela hit-a izan Iruñerrian, eta hori hala izan dela Gaztea irratia ez delako (oro har) Iruñerrian aditzen, hots, Nafarroako euskaldun gehienak biltzen diren gunean. Zenbait girotan bai, famatu da, baina esanen nuke ez dela inondik inora ere izan Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako fenomeno bera.
Gobernu aldaketarekin, Euskalerria irratiak lizentzia lortuko du behingoan, ETB1 eta ETB3 LTD bidez ikusiko ditugu, baina ez dakit Gaztea irratia irratiz entzuteko aukerarik izanen dugun, horri buruz ez da hitz egin. Eta bai, Gaztea irratia ez da batere cool: komertziala da eta kantu gehienak estatubatuarrak edo espainiarrak dira. Baina kantu gehienak euskaraz balira, segur aski oso entzule gutxi izanen lituzke, tamalez.
Beraz, Iruñerrian hit-ak estatubatuarrak eta espainiarrak BAKARRIK izan ez daitezen, Iruñerrian euskarazko irrati-formula aditzeko aukera nahi dugu. Bestalde, entzule gehien dituen euskarazko irratia da. Normaltasuna Iruñerrian ere.
‘Negua joan da ta’ ez da hit-a izan Iruñerrian
Gaztea Irratian musika gehiena ez da ez estatu batuarra ezta española ere. Eta euskal musika gehiago dago espainiarra baino. Noski estatu batuar gehiago dago euskalduna baino. Vendetta eta Hesian gehiago jarriko balute jendeak burua galduko luke kotxez gidatzean eta ehundaka edo milaka pertsona hilko lirateke. Gauza hauekin txantxa gutxiago.
Tira lagun iruindar despistatu bat izateagatik halako teoria zabala ateratzea… ez dakit nik ba zein balio izan dezakeen. Sanferminetan egon bazinen, ikusiko zenuen toki guzietan jartzen zutela kantu hori. Portzierto, kantua 2010ekoa da, beraz, uste dut bastante aguantatu duela tabernetako bozgorailuetan (sobera, agian?).
Zea Mays ezagutzeko ez da Gaztea behar, eta Iruñerrian jende gehienak ezagutzen du kantua, euskaldunek behinik behin. Inguru erdaldunetan ez duzu adituko, noski, baina ez duzu adituko ere Araba eta Bizkaiko gune erdaldunetan, edo?
Sarrera honen gakora joanez niretzako ere garrantzitsua da Gaztea bezalako irrati bat entzun ahal izatea Iruñerrian. Gaztetxoen artean (eta ez bakarrik hauen artean) irrati-formulak entzutea ohikoa da eta zoritxarrez Iruñerrian ez dago irrati-formula euskaldunik. Aldiz, hamaika daude gazteleraz. Eta garrantzitsua da euskara eremu guztietan present egon behar duelako, baita musika komertzialeko irratietan ere. Suposatzen dut arazo honi irtenbidea lortzea ez dela zaila izanen, Euskadi Irratia eta Radio Euskadi primeran entzuten diren moduan, Gaztea ere entzun beharko litzateke.
Bai, horixe zen gakoa. Uste dut oso inportantea dela, eta beharbada garrantzi gutxi aitortzen diogula, beharbada Gaztea irratiak fama txar samarra duelako mugimendu euskaltzalean.