Negozio-ereduko unibertsitateen aurrean, gureak publikoak
Negozio-ereduko unibertsitateen aurrean, gureak publikoak –
Antzeko argazkiak ikusi ditugu EAEko bi hiriburutan: trajedun Juan Mari Aburto eta Gorka Urtaran alkateak irribarretsu kamerari begira, beste gizon irribarretsuei eskua estutzen, Bilbok eta Gasteizek punta-puntako unibertsitateak jasoko dituztela iragarrita. Antzeko irudia errepikatu zen Urdulizko campusaren aurkezpenean; horretan, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia zegoen irudiaren erdialdean, goi-mailako ikasketak «irauliko» dituen eredu berritzailea salduz.
2018/19 ikasturtean, Hego Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleen %65ek zentro publiko bat aukeratu zuten. EAEn, EHUk jaso zituen ikasleen %72; Nafarroan, aldiz, ikasleen %43k NUPen ikastea erabaki zuten, eta %57k Nafarroako Unibertsitate pribatu katolikoan. Aipatzekoa da unibertsitate pribatuen eskaintzan masterrek duten pisua; doktorego-ikastaroetan matrikulatzen diren gehienak, aldiz, publikoan daude. Espainiar unibertsitate publikoetan matrikulaturiko ikasleen kopurua %85 izan zen 2017/18 ikasturtean. Zifrek agerian uzten dute Hego Euskal Herria eremu erakargarria dela goi-mailako ikasketa-zentro pribatuak ezartzeko negozio bila datozenentzat.
Digipen, Kunsthal zein Nafarroako, Deustuko eta Mondragon Unibertsitateek osatzen duten eskaintza pribatua handitzera dator Legebiltzarrean tramitatzen ari den Euneiz. Horiei gehitu behar zaie Bilboko Zorrozaurreko Leinn-Mondragon, Deustu-IMQ Medikuntza Fakultatea edo Nafarroako Unibertsitateak iragarritako Arkitekturakoa. Berezitasunak berezitasun, ezaugarri batzuk partekatzen dituzte: erosahalmen altua dutenei zuzenduta, eskaera handiko tituluak edo unibertsitate publikoek eskaini ezin dituztenak eskaintzen dituzte, eta, lidergoa, nazioartekotzea edo ikasketa berritzaileen ikurra erabiltzen dute saltzeko.
Ustezko eliteentzako diseinaturiko ikasketen truke, urteko 8.000/10.000 euroko gastua izango du aipaturiko unibertsitateetako graduetan matrikulaturiko ikasleak; are gehiago master bat egiteko asmoa duenak. Gainera, horietako askotan start-up edo egitasmo ekintzaile bat sortzeko tresnak emango dizkiote egresatuari, puntako teknologian oinarrituta. Hori bera saltzen dute Telefonica Fundazioak eta Bizkaiko Aldundiak sorturiko Urduliz 42 campusean, non ikasleak bere erara ikasi ahal duen 24/7 autoikasketa prozesu baten bidez. Google edo 5.0 enpresa-ereduan oinarritutako arrakasta eskaintzen duen zentro honetan, ikasketak doakoak dira, eta sartzeko norberaren talentua baino ez da behar; euskal Mark Zuckerberg bihurtzeko ametsa gero eta egingarriagoa.
Josean Kerejetak Gasteizen bultzaturiko Euneiz-en inguruan, eztabaidatu da izango dituen gradu, finantzaketa-bide edo ezaugarri teknikoei buruz, baina gutxiago jendarteak behar duen unibertsitate-sisteman zehazki —eta hezkuntzan oro har— izango duen eraginaz. 0-18 adin-tartean eskola doakoa, unibertsala, euskalduna, hezkidetzailea, inklusiboa, laikoa, kritikoa… aldarrikatzen dugun bezala, goi-mailako ikasketak herritar guztiontzako eskuragarriak izan behar direlakoan gaude LABen, eta hori unibertsitate publikoek —eta beken sistema indartsu batek— soilik bermatzen dute. Hezkuntzak herritar kritikoak egiten gaitu, eta zeregin horretan unibertsitateek erantzukizun handia dute, jakintzaren gordailuak izatetik haratago.
Hezkuntza ez-unibertsitarioan bezala, sistema duala bultzatzen du eskuinak; ez dago berezitasun handirik Madrilgo Ayusoren PPren eta EAJren artean, eta sumatzen dugu PSOEk defendatzen duen ereduan ere ez. Duela gutxi, Rosa Peral EAJko ordezkariak ohartarazi zion Castells ministro espainiarrari «euskal unibertsitate sistema» deiturikoaren berezitasunaz, eta unibertsitate publikoei zuzendutako laguntza post-doktoralak eskatu zituen ere Mondragon eta Deusturentzat. Jaurlaritzak Euskadi Next Generation Europako funtsetan 64 milioi euroko diru-partida sartu du Euneiz-en proiektuetarako, eta Urtaranek eta Arabako Aldundiak ia milioi bat bideratuko diote. Zorrozaurreko zentro pribatuei ere diru publikoz ordaindutako espazioak eskaini zaizkie. Aurrekontu orokorretako partidetatik haratago, Nafarroa Garaiko eta EAEko administrazioek diru-publikoa bideratzen dute goi-mailako ikasketetako zentro pribatuetara, zuzenki edo zeharka, askotan ospearen, garapenaren eta balizko nazioarteko proiekzioaren aitzakiapean. Diskurtso bera entzun ohi da kirol ekitaldiak edo turismoa erakartzeko inbertsioak justifikatzeko.
Norgehiagokan eta norberaren arrakastan edo aberastasunean oinarrituriko lidergoak sortzera bideraturiko proiektuak baino gehiago, iritzi kritikoan, lankidetzan eta gizarte-egitasmoetan oinarrituriko eta sarbide unibertsala bermatzen duen goi-mailako ikasketa-sistema behar dugu, lehenengo eta bigarren mailako graduatuak ezartzen ez dituena. Haatik, unibertsitate eredu elitistek publikoetan eragiten dute, eta kanpoko finantzaketa bilatzera, ingelesa euskararen gainean jartzera, edo ikasketa-eredu neoliberalak saritzera behartzen dituzte, pribatizazioa bultzatzen duten bitartean. COVID-19aren pandemiak ikerketa publikoaren barrenak agerian utzi ditu, aspaldian inbertsioa arlo pribatura desbideratzen ari baita. Eta, beste eremuetan gertatu bezala, baliteke diru publikoz lagundutako proiektu horiek funts putreetarako sarbidea izatea.
Beraz, Euskal Herriak behar duen hezkuntza-sistema burujabeak unibertsitate publiko sendoa behar duelakoan, administrazioei exijitzen diegu NUPen eta EHUren aldeko apustua egin dezaten, baita Ipar eta Hego Euskal Herriko unibertsitateen arteko lankidetza bultza dezaten ere.
…
Arantza Gutierrez Paz eta Irati Tobar Eguzkitza
Interesgarria iruditzen zait LABeko kideek idatzitako artikulua, eta bat nator gauza gehienekin. Zoritxarrez, hutsune batzuk ikusten dizkiot.
Alde batetik, ematen du unibertsitate pribatuen bultzatzaile nagusiak PNV, PP eta PSOE direla. Hala ere, errealitatea bestelakoa da. Debagoineko udal guztiek babesten dute politikoki eta ekonomikoki Mondragon Unibertsitatea. Beraz, praktikan, “Ezker” “Abertzalea” ere unibertsitate pribatuen aldekoa da, Mondragon Talde kooperatibo espainolaren unibertsitateari amaigabeko estaldura eskaintzen diolako.
Bestalde, unibertsitate pribatuei buruz hitz egiterakoan, askotan bertako langileak ahazten ditugu. Holako negozioek diru publiko asko jasotzen dute, baina langileen lan baldintzak negargarriak dira: lan zama handia, estres egoerak, autoritarismoa, jazarpenak,… Hori dela eta, estres, depresio, antsietate eta bestelako osasun arazoak jasotzen dituzte langileek. Sindikatuko kideak izanik alderdi hau “ahaztea” ez da normala.
Azkenik, ez dugu ahaztu behar unibertsitate pribatuek gaur egungo status quo politiko-ekonomikoa babestu eta defendatzen dutela. Hau da, Hego Euskal Herrian unibertsitate espainolak dira (frantsesak Ipar Euskal Herrian), eta gazteen artean ideologia espainola (frantsesa) zabaltzen dutela, pragmatismoaren izenean. Hortaz, Euskal Herriaren eraikuntzarako oztopo garrantzitsua.
Dena dela, herri edo nazio mailako unibertsitate egitasmoaren ekimenaren gabezia hor dago.
Sindikatu abertzaleek eraikitzen lagundu beharko luketena, gaurko egungo abiapuntutik pribatua ere izango litzaketena, Ehko ikastolen antzera.
Baina, euskalduna eta nazio gogoarekin.
Gaur euren agendetan agertzen ez dena. Herrigintzarik edo nazio trinkotasunik egiten ez dutelako.
Publikotasuna gaur Espainiaren eta Frantziaren irizpideetan bizi da, ez gurean.