Nazio kontuak ez dira, gero, errazak
Nazio kontuak ez dira, gero, errazak –
Amatiñok, Euskadi Irratiko albiste Faktorian.
Datorren igandeko Aberri Egunaren bezperetan libururen bat aholkatzekotan, hona Iñaki Zabaletaren “Wilhen von Humboldt eta Euskal Herria” izenekoa.
Humboldt jakitun eta intelektual prusiarra ez zen, zehatz, politikoa izan; Sabino Arana jaio baino lehenago ezagutu zuen Euskal Herria, eta ezer gutxi zekien segurutik abertzaletasunaz, baina, Iñaki Zabaletari jaramonik egingo badiogu, Humboldt euskal esperientziari esker jabetu zen nazioen eta hizkuntzen arteko sakoneko loturaz, eta, hain zuzen ere, euskaldunok naziotzat jo gintuen, zalantza izpirik gabe.
Berrehun urte geroago ere, nazioaren kontzeptua pil-pilean dago eta gure eztabaida askoren ardatzean. Izan ere, berdin al da “euskaldun” izan ala “vasco” izan? Berdinak al dira Euskal Herria eta Euskal Hiria? Ondo dago “gure esku dagoela” esatea edo “erabakitzeko eskubidea” aldarrikatzea. Baina, norena da “esku” hori? Nork dauka “eskubidea”? Era berean, zer da herria? Zer da nazioa? Zer da estatua?
Iñaki Zabaletak dioen bezalaxe, honelako galderek, euren formulaziorik onenean ere, ez dute erantzun unibokorik eta, gainera, ezin dute izan, beraiek gogoan dituzten errealitateak ez direlako logiko-matematikoak edo fisiko-naturalak, historikoak, soziokulturalak eta idealak baino.
Jakina, honek guztiak ezin du egiazko argibiderik bozketaz jaso, gehiengo numerikoak ezin duelako muina argitu, nahiz eta hautetontziek ere euren garrantzia duten. Hona, zergatik, “nazio” kontzeptuaren inguruko hausnarketa funtsezkoa bezain sahiestezina suertatzen den.
Humboldten ildotik, nazioa, izatekotan, giza-errealitate jakin batez aritzeko erabiltzen dugun kontzeptua da; nazioak hizkuntz-komunitate natural edo historiko bati egiten dio erreferentzia eta, distantziak neurtzekotan, nazioa gertuago dago herria den jatorrizko errealitate kulturaletik, estatua den eraikitako errealitate politikotik baino.
Liburu aproposa, nik uste, Aste Santuko opor-egun pattaletan irakurtzeko. Ez da liburu arina, ez. Baina… zein ahoberok esan du nazio-kontuak errazak direnik? Humboldten Alemaniara egunotan begiratu besterik ez dago.