Saurreko iraultza: 40 urte eta irakaspen bat

Saurreko iraultza –

2001eko irailaren 11an muturreko islamismoa ezezaguna zen gehiengoarentzat; urruna oso, kasurik onenean. Inork ez zuen usaindu ere egin nola eragingo zion Euskal Herriari.

Dena da Al-Qaeda” teoremak baldintzak sortu zituen espainiar erresuman alderdiak ilegalizatzeko, egunkariak ixteko, “kaleak garbitzeko”… Funtzionalitate bera dauka gaur egun Euskal Herri osoan: Iparraldean estatuak salbuespen egoera amaitezina barne etsaia ahultzeko baliatzen du; Hegoaldean, “yihadismoaren aurkako ituna” ezarri zaie, esaterako, Altsasuko gazteei.

Egoera hau nondik datorren galdetzen dugunean, beti agertuko zaigu irudi berdina: talibanak Etxe Zurian. Sobietar Batasunaren aurkako borroka sustengatzearen ondorioz sortu zela islamismo erradikal garaikidea, alegia. Baina irudi horren aurretik badago kapitulu interesgarri bat, duela 40 urte abiatu zena: Saurreko Iraultza eta Afganistango Errepublika Sozialista.

1973an monarkia bertan behera geratu zen, eta Daud Khan izeneko presidente batek hartu zuen boterea. Ia afganiar guztiak analfabetoak ziren, terratenienteen jabetzapean zeuden lur emankorrenak, azpiegiturak hutsak hurrengoa ziren… 1978ko elikagai eskasiaren ondorioz tentsio egoera bizian zen Afganistan.

Testuinguru hartan, PDPA alderdi komunista indartsu zegoen: 50.000 kide inguru zeuzkan, eta askoz ere laguntzaile gehiago. Urteak zeramatzaten lanean herri mugimendu bilakatzeko, eta besteak beste, zenbait militarren babesa zeukaten.

Parean horrelako arerio bat izateak ez zion inongo graziarik egiten Dauden gobernuari, eta PDPAren zuzendaritza koadroak desegiten saiatu ziren. 1978ko apirilean kide ezagun bat hil eta gero, zuzendaritza ia osoa atxilotu zuten. Ia. Espetxeratu ez zutenak eman zuen altxamendurako agindua. Zenbait militarrek eta herri miliziek hiriburuaren kontrola hartu zuten, eta Daud fusilatu.

Saurreko iraultza
Alfabetizazio kanpaina

Gobernu marxistak zenbait aldaketa bultzatu zituen Afganistanen: lukurreria debekatu zen (milioika nekazarien bozkariorako), alfabetizazio kanpainari ekin zitzaion, lurraren erreforma ezarri zen, erlijio eta estatua banandu, opioa landatzea debekatu, baita, besteak beste, gutxieneko soldata ezarri ere. Emakumeek zapiarekin estali gabe ibiltzeko eskubidea zeukaten, gidatzeko, EMAKUMEEN SALEROSKETA DEBEKATU ZEN, lan munduan eta unibertsitatean sartu ziren, politikan, bizitza publikoan… Jaioberrien heriotza tasa jaitsi zen, bizi-itxropena igo, hirietako biztanle ia denek osasun sistema baliatzeko aukera zeukaten, umeen gehiengoa eskolatu zen… Afganistanek dibortzioa 1980an baimendu zuen, espainiar erresumak baina urte bat lehenago, bidenabar.

Dena al zen kolore arrosekoa? Ez, seguraski. Baina Erdi Arotik atera eta modernitatean sartzen hasi zen lurralde batean bilakatzen zihoan Afganistan; bizitza maite ez dutenek muturra sartu zuten arte.

Saurreko iraultzaTime aldizkariaren arabera, Sobietar Batasunak ez zeukan ideia handirik iraultza honen inguruan, eta mesfidatia izan hasieran, harreman ona mantentzen baitzuen Dauden gobernuarekin. Baina SESB-ek ateak irekita zeuzkan gobernu komunistarekin komertziatu ahal izateko; ez hainbeste AEB-k. Estatubatuarrak berehala hasi ziren egoera berria onartzen ez zuten muturreko islamiarrak entrenatzen, eta Zbigniew Brzezinskiren arabera (Segurtasun Kontseiluko aholkularia) CIAk 1979ko uztailean onartu zuen armak eta dirua bidaltzen hastea; hau da, Carterren admnisitraziopean hasi eta Reaganekin jarraitu zuen.

Mendebaldeko hedabideek ein eta berriro errepikatzen dute: “Afganistanen okupazioa Sobietar Batasunaren eskutik”. Ezin da egoera, inondik inora, Hungria (1956) edo Txekoslovakiarekin (1964) alderatu. Afganiar Gobernuak laguntza eskatu zion SESBi, eta honek erantzun (bere interesen mesederako, bistan dena). Gogoratu behar da Afganistango Errepublika Sozialistak urtebete iraun zuela SESB desegin zenetik. 

Saurreko Iraultzaren aurreko Afganistan iluna zen; Saurreko Iraultzarekin jaio zena, hobea; eta bien arteko talkatik sortu zena azabatxea. Talka batean herritarrak hobe bizitzea nahi ez duena gailentzen bada, talkaren aurretik zena baino ankerragoa izango da etorkizunean.

Hobe bizitzeko egiten den saiakera bakoitzak erreakzio bat dauka. Horregatik esan daiteke, okertzeko beldur handirik gabe, Kataluniako prozesuak porrot eginez gero inboluzio demokratiko latza biziko dugula.

Saurreko iraultza

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.