Munilla, olatu artean

Munilla, olatu artean –

Martxoaren 8ko (M8) itsasoa bare dagoela, une egokia iruditu zait sarea uretara bota eta gurean soka luzea ekarri duen afera berriz harrapatzeko. On Jose Inazio Munilla, Donostiako gotzaina, olatu moreak aurretik eraman omen zuen martxoan, bere Radio Mariako ontzian “El Sexto Continente” programarekin arima berriak arrantzatzen zebilela. Bere amua, zer eta feministek Deabrua barruan omen zutelako komentarioa, eragindakoen haserrea piztu zuena, eta M8an bertan hainbat deabru izan zituen Elizbarrutiko atarian biluzik, bere bila zihoazela mehatxuka. Gertakariak Baionako gotzainaren duela bi urteko kasua ekarri zidan gogora, non inauterietan, Monsinore Marc Aillet panpin itxuran sutara bota zuten donibandarrek, Twitterren bota zituen txio aldrebes batzuk zirela medio, non Frantzian abortuak hildako umekiak Daesh delakoaren biktimekin alboratzen zituen. Errea izateaz gain, Asanblada Nazionalak ere gaitzetsi zuen Aillet.

Munilla, olatu artean

Lapurtarra bezain urrun ailegatu gabe ere, apezpiku donostiarraren hitzak Espainia osora hedatu dira. Diputatuen Kongresuak ez du bera gaitzetsi, baina bai ordea bertoko prentsak –aproba egiteko, aski da Googlen “Munilla” jartzea eta hamaika edukien lakuan murgiltzea–.

On Jose Inazio ez da nire santu hartua, batez ere bere gizaki politikoaren ikuskeragatik. Hala ere, eta titularrek hala bultzatuta, bere programa hura guztiz entzun nuen Interneten, zehazki zer esan zuen jakiteko. Esplorazioaren ondoren, eta nire metodoa ortodoxoegia ez bada ere, guztiz froga dezaket katolikoaren hitz horiek inon ez daudela.

Monsinore Munillak mahiz egiten du genero-ideologiaren kontra, nahiz eta jarrera hori ez duen, berez, propio. Edozein katolikok baliatzen duen –edo beharko lukeen– Kristau Bideak, edo Katiximak, zera dio bere III. atalean –jatorrizko latinez dakart zita, euskarazko bertsiorik ez baitut topatu (2. sekzioa, 6. artikulua, I: 2.333)–: «Ad unumquemque, virum et mulierem, pertinet suam sexualem identitatem agnoscere et accipere», hots, andre eta gizon orori dagokiola bere nortasun sexuala ezagutu eta onartzea, euren arteko desberdintasunek bateragarri egiten baitituzte ezkontzari eta familiaren sorkuntzari begira: «differentia et complementaritas physicae, morales et spirituales ad bona matrimonii ordinantur et ad vitae familiaris progressum».

Feminismoa, bestalde, ez da Bidean definitzen, baina bai Munillak aipatu zuen eta andreari berezkoa zaion duintasuna, ezein homo persona est, pariter vir et mulier: ambo namque ad imaginem et similitudinem Dei personalis creati sunt –andrea eta gizona berdin sortu zituen Jaunak, bere antzerakoak (III.at, 6.art., I: 2.334)–. Urrunegi joan barik, hain herrikoi bihurtu den Aita Santu Frantziskok –edo Frantxoa, Iparralden– feminismoa maite duela onartzen du, baldin eta uniformetasunik eta amatasunaren ukapenik suposatzen ez badu (Amoris Laetitiae, 173. puntua). Honela, eta Munillaren programara bueltan, Gipuzkoako gotzainak ez zuen M8ko greba errefusatu, ez eta feminismoa ere. Bai ordea genero-ideologiak oinarri duen desberdintasunen ezabaketa, berez legala dena gainezkatzen duena –lege kontuetan, eskubideen berdintasuna defendatu du Elizak–, eta biologia kontuetara ere hedatzen dena, munduko edozein erlijiok onartzen ez duen jokabidea. Corpus teoriko honi guztiari gehitu behar zaio genero-ideologiak ez duela feminismoa modu unibokoan definitzen, baldin eta feminismoa gizon eta andreen eskubide-berdintasunaren aldarrikapen gisa ulertzen bada. Zentzu denotatiboari segika, bai Katixima, bai Munilla, feministak lirateke.

John Gray idazleak bere liburuetako baten izenburuan «men are from Mars, women are from Venus» zioen (1992). Inor ez zen atsekabetu, ezein andre eta gizonen arteko desberdintasun fisiko zein psikologikoetaz barre egitea onargarria den, nahiz eta genero-ideologia horien gainetik pasa. Hortaz, eta modu askean, denok egon gaitezke ideologia horretatik urrunago edo gertuago. Ez dago ordea zalantzarik hobe litzaiokeela Donostiako gotzainari Grayren mintzaira erabiltzea Monsinore Ailletena baino, baldin eta herriak ulertua nahi badu izan. Bai eta Gipuzkoan ere!

Argazkia: diariovasco.com

 

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"