Nazio eraikuntza. Arrisku eta aukera berriak

Nazio eraikuntza. Arrisku eta aukera berriak –

Eskuin muturra harrotuta dabil Espainian. Hamarkadetan epel plantak egiten aritu eta eskuineko beste hainbat sektorerekin txapel beraren pean ibili ostean, zenbait sektorek nahiago izan dute koiuntura (PPren ustelkeriaren azaleratzea, Kataluniako prozesuak nazionalismo espainiarra hauspotzeko emandako aukera, Europa eta mundu mailako eskuin muturraren igoera) baliatu eta bere gordinean azaltzea.

Nazio eraikuntza. Arrisku eta aukera berriak

Gauza guztiek bezala, honek baditu bere arriskuak, baina baita ABANTAILAK ere. Euskal Herritarrak ZATITZEA izan da Espainiaren estrategiaren ardatzetako bat azken 40 urteetan. Gure berezko identitatea ulertzeko eta garatzeko bide politiko ezberdinak planteatuz (foralismoa, autonomismoa, federalismoa, independentzia) eta gure barneko ezberdintzasun ideologikoak bultzatuz (ezker, eskuin…), gu zatitzeko helburua lortu dutela begi bistakoa da. Herri zatituak menpeko izateko ez du kanpo etsairik behar, sekula ez da aske izateko gai.

Espainiako Ciudadanos, Vox eta PP bereziki haizatzen ari diren “Zentralismoaren” (inperioaren uniformizazio eta asimilazioa alegia) aldarrikapen sutsuak posible egiten du hainbestetan entzun izan dugun hori, herri gisa erantzutea. Hasi UPNtik eta Euskal erakunderik independentziazaleeraino, Euskal Esparru politiko ia osoak etsaia partekatzea eta, beraz, taktikoki bada ere, herri bezala borrokan elkarrekin aritzea posible egiten dute horrelako erasoek. Badira elkarrekin borrokatzeko beste hainbat arlo ere, batez ere eskumenen gaian (Gizarte segurantza…).

Euskal Herritarrok, bakoitzak bere azken helburuei uko egin gabe, gaur eta orain parteka ditzakegun aldarrikapenen inguruan erantzunak artikulatzeko gai bagara, etorkizunean urrats berriak egiteko baldntzak sortuko ditugu. Kanpo etsaiaren aurka lubaki berean besoz beso aritzeak, herri kontzientzia indartzea lekarke eta herri askea eraikitzeko hain beharrezkoa dugun elkarrenganako konfidantza indartzea.

Elkartzen gaituena jarri behar dugu lehen lerroan, zatitzen gaituena baztertuz eta probokazio errazean erortzea sahiestuz. Ez gaitzala arinkeriak gida. Gure esku dago arriskua aukera bihurtzea.

Nazio eraikuntza. Arrisku eta aukera berriak