Nahasmena Noticias taldeko egunkarietan ETA dela eta ez dela
Noticias taldeko egunkariek gaur ETAri buruzko “litekeria” sorta argitaratu dute, gertatu daitekeenari buruzko espekulazioak. Xabier Arzalluz-ek “ETAren amaierari” egunetako epea jarri dio, BBCn agertuko omen da laster ETA eta, gainera, PPk prozesuaren inguruko jarrera aldatuko omen du. Mugitzen ari al dira gauzak ala lilurakeria informatiboa besterik ez da?
Informazio saltsa erraldoiak informatu baino nahastu egiten gaituela esaten da azken aldian. Halako zer edo zer pentsatuko zuten gaur Noticias taldeko egunkarietako irakurleek. Bake prozesuaren inguruko zurrumurru etengabeek noraezean utz dezakete gaia jarraitu nahi duen edonor.
Ikus ditzagun hiru albisteak:
- Arinkeriaz aritu dena Xabier Arzalluz EBBko buru ohia izan da Noticias taldeko elkarrizketan: “Iturri aski onetatik dakit ETAren amaiera PSOEren gobernupean izango dela, egun gutxitan ziurrera”.
- Zuhurtzia itxuraz aritu da hurrengo albistean kazetaria: “Baliteke BBCk erakunde armatuko kideren baten elkarrizketa zabaltzea”.
- Humberto Unzuetak PPren “jarrera aldaketa” izan du hizpide: “ETAren amaierari buruzko Raxoiren isiltasunak PPren jarrera aldaketa laguntzen du”.
Baina, ezer gertatzen ez bada? ETAk ez du behin betiko amaierarik iragarriko PSOEren gobernupean eta BBCn ez da tankera horretako elkarrizketarik izango eta PPk kupida gabe jarraituko du presoen auzian. Nork epaitzen ditu egia nahasten dutenen arduragabekeriak?
Gaurkoa bezalako praktikekin irakurleari errealitateaz informatu baino, gertatu daitekeenari buruzko hiru hipotesi eman zaizkio. Iturririk ia aipatu gabe eta sekretupekotasunaren izenean espekulazio jaia burutu du gaur Noticias taldeak. Kazetaritzaren izenean, behintzat asma dezatela. Bide batez, goiko irudia, ez da inoiz mugitu.
Gaur ere, Ezker Abertzaleak biktimekiko izanen duen jarrera ere aztergai du Noticias taldeak.
The Organitation, orain ez baitu diru-iturririk, bere armak eta lehergailuak saltzen ari omen da. ABCk argitaratu du, “Fuentes” jaunak esanda.