Sarrionandia eta Euskadi Saria (literaturaren balio profetikoa)

Sarrionandia eta Euskadi Saria (literaturaren balio profetikoa)

Sarrionandia eta Euskadi Saria (literaturaren balio profetikoa)Emma Bovaryren heriotzan, Flaubertek hau idatzi zuen: «Emmak burua itzuli zuen poliki, eta estola bioletaren ikuskizunak plazerez bete zuen, zalantzarik gabe bereganatu zuelako, erabateko bakearen erdian, bere lebitazio mistikoetan galdutako plazer haragizkoa, zorion zerutiarraren lehen irudiak agertzen zitzaizkion bitartean». Zaila da jakiten, Flaubertek zein heriotza zeukan gogoan hau idatzi zuenean, Emmarena edo berea: azken hatsaren aurreko agonia, beste aldekoaren lehen ikuskizuna, ikuskizun haren «bakea». Hildako idazleen testuetan, heriotzari buruzko zatiek halako zirrara sortzen dute, jite profetikoa baitaukate, idazlea bera ironikoki umiliatzen dutenak nolabait, irakurleak baibaitaki idaztean herio uxatu nahi izan zuela idazleak, hilezkortasunaren tentazio handiegiari amore emanda, eta, hala ere, porrot egin zuela, denok egingo dugun legez. Flaubertek hil aurretik idatzi zuen (noski), ziurtasun garratz batek liluratuta, eta, hil ondoren, ziurtasun hura zinezko gertakari bilakatu da, patetikoa nahi bada, baina, paradoxikoki, Flaubert bera da hizketan ari zaiguna, beraz, modu batean oraindik hil ez dena. Literaturaren mendekua da. Heriotzaren profezia idatzi zuen, eta, arrazoia ematekotan geundenean, algara batean itzuli zaigu, bere hortz beltzekin, mahaian kolpeak joz, inoiz hilko ez dela oihukatuz.

Balio profetiko antzekoa dauka Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuak ere, ondoren Euskadi Sariarekin gertatutakoa ikusita. Botereaz ari zaigu idazlea: «Biolentzia fisikoa derrigorrezkoa da estatu bat eraikitzeko, baina metodo makurra da… eta teknikoki ere ez da malgua, etsaia zigortzeko eta behartzeko baizik ez du balio. Bestelako botere batzuk kalitate gehiagokoak dira; esaterako, diruak, zigortzeko eta saritzeko balio du, isun eta ordainsariak medio». Liburua irakurri gabe, baina irakurri izan balute bezala, Jaurlaritzakoek sariari dagokion dirua «atxikitzea» erabaki zuten. Sarkasmoa litzateke, ez balitz Jaurlaritzakoek ez dituztela idazlearen hitzak ezagutzen. Badirudi liburuaren ibilbidean ezinbesteko geldialdia dela sari hau (eta honen inguruko iskanbila guztia, euren politikari, kazetari, tertuliano eta zerak barne), liburua bi fasetan edo alditan idatzita balego bezala. Liburuaren historia kritikoa egitean, noizbait, esan ahal izango dugu idazleak boterea eta boterearen gortea tentatzeko abilezia paregabea izan zuela, haiek liburuan esaten zena berresten eta egiaztatzen lagunduko ziotelako segurantzarekin tentatu ere. Beraz, orain atzera hitz horiek irakurtzen ditugunean, Sarrionandiak diruaz idatzitakoak alegia, idazlea algara batean imajinatzen dugu, errealitatea zein sinplea eta aurreikusgarria den ezin sinetsita.

Liburuak halako lotsaz hasi zuen iazko abenduan bizitzarako abentura, neke antzera. Lodiegia zen gure irakurle, blogari, aditu eta kritikari lanpetuentzat. Isiltasun ia erabatekoa zabaldu zen liburuaren inguruan. Baina indiferentzia hori, nolabait, ez zetorren bat liburuak azaltzen duen guztiarekin; hain da sakona, hain da pisua, hain da aberatsa… ze amaiera zoriontsuagoa merezi baitzuen. Eta hara non, justu bere etsaiek eman dioten behar zuen tornuia hori.

Sarrionandia eta Euskadi Saria (literaturaren balio profetikoa)
Euskadi saria, literatura, politika, Sarrionandia
Lander Garro

GURE ETXEKO KONTUAK