Nafatxistak eta fatxirukoitza

Nafatxistak eta fatxirukoitza –

Euskaldun-zahar pattala naizenez, beti gustatu zait neologismoak sortzea. Mundu mailan hain indartsu dabiltzan gaztelerak eta ingelesak etengabe sortzen badituzte, hainbat arlotan egiteke dagoen euskara batuak zilegi behar du. Eta gaztelerazko prentsak duela ez asko trifachito kontzeptua sortu zuenez, alderdi eskuindar eta espainolista famatuenek osatutako hirukotea izendatzeko –Alderdi Popularra (PP), Herritarrak (Cs) eta Vox–, nik fatxirukoitza proposatzen dut euskaraz. Eta nafar kasurako, nafatxistak.

Ez dira (guztiz) gauza bera fatxirukoitza eta nafatxistak. Lehenengoan aurretik esandakoak daude, eta bigarrenean bakarrik PP eta Cs, alderdi nagusia UPN delarik. Kontraste inportantea: fatxirukoitzak ez dauka argi Espainia (banaezin eta betirakoa) erregio autonomoak behar ote dituen. Nafatxistek berriz, Nafarroa Garaia fiskalitate bereziko probintzia izan dadin sikiera defendatzen dute, itun ekonomikoaren kontua Cs delakoak argi ez badakusa ere.

Nafatxistak eta fatxirukoitzaAzken foru-hauteskundeetan nafatxistek irabazi dute, Navarra Suma izenpean (Na+). Ezer ez harrigarria, azken urteotan UPN izan baita beti garaile, 2015ean 15 diputatu lortu zituelarik. Popularrek euren kabuz bi lortu zituzten orduan, eta Cs-k deus ez. Oraingoan, elkarren artean lehenengo biek adina lortu dute, 17, gehi bi berri, Albert Riveraren eta abstentzionisten kolaborazioaz. Ez da makal, baina gehiegizkoa ere ez, azken orduko beste bat lortzen ez badute, EH Bilduren kalterako.

Honetaz gain, euskaltzaleentzat denak berdin darrai: 2015ean Geroa Baik bederatzi bazituen, beste horrenbeste orain, nahiz eta sei mila boto inguru gehiago jaso. Eta Bilduren zortziek ere tiroia jasan dute, ia bi mila boto berriekin. Ez da makal, baina ezer berririk lortzeko adina ez.

Ezer jasan ez duena ordea Ahal Dugu (Podemos) izan da, eta hor dago Aldaketa zeritzona mantendu ez izanaren koska. Pablo Iglesiasen taldea ezin elkartuta ibili da Nafarroan, eta elkarren arteko gerrak zazpi diputatuetatik bi utzi ditu bizirik. Gainontzeko bostak Alderdi Sozialistara pasa dira (PSN), zeinak zazpi kidetatik hamaika lortu dituen. Falta den hori Na+era joan da, D’hont jainkoak bidalita. Ezkerra taldeak ere ez du tifoia jasan, eta bere errepresentazio erdia galdu du: bitik, bat…

Aldaketaren jauzia Uxue Barkos presidentaren kudeaketa txarrari leporatu diote nafatxistek, baina zenbakiei so, Ahal Duguren fronte-gerra izan da Aldaketari buelta eman diona. Ezkertiar ez abertzaleek etxea behar zuten, eta PSN ez besteko aukera handirik ez. Sanchez efektua aprobetxatuz, Ahal Duguri jan diote pastela, ez baita ahaztu behar Nafarroan alderdi morea osatu zuten asko PSNtik zetozela. Ainhoa Aznarez, argien.

Hau guztiaren ondoren, galdera bakarra: ba al dago modurik nafatxisten gobernurik saihesteko? EZ. Espainiako sozialistek egun bat baino ez dute behar izan Bildurekin ezer ez egiteko agindua emateko, eta ezker abertzalea kenduta, ez dute beste inorekin gehiengo. Gauzak horrela, eta jakinda aurreko gobernu guztietan abstentzio sotil batekin UPNri gobernua eman diotela, oraingoan ez dakusat beste aukerarik. Eta Maria Txibitek ere ez, aritmetika badaki.

Kontuak kontu, eta sorpresarik gabe, eskerrak eman behar zaizkio Podemosi bere antolakuntza onagatik, eta Madrilen lider bikaina izateagatik. Bere jauregian ospatu ditzakete emaitzak.

Abertzale eta euskaltzalek pentsa dezatela gutxienez hainbat herri eman dizkietela Nafarroako eremu mistoari, datozen urteetan euskal politikak murriztuko direlako franko. Eta europazaleei, agur esan diezaiotela euro-eskualdeari, Na+ek ez baitu baizik eta ETA berorrengan ikusten.

Izan bitez nire gomendioak datozenarentzako txerto. Eta nafatxistentzako, zorion.

 

Argazkia: www.navarrasuma.es

Nafatxistak eta fatxirukoitza

Aitor Gastañeta

EHUko komunikazio-irakaslea. Margolari eta diseinatzailea. Pozik bizi naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude