Nafarroaren defendatzaile nagusiarentzat monumentua Tafallan
Nafarroaren defendatzaile nagusiarentzat monumentua Tafallan –
Tafallako bizilagun talde bat, Altaffaylla Fundazioak bultzatuta eta Udalaren elkarlanarekin, sustatzen ari gara omenaldi bat egitea Nafarroako Pedro Mariskalari, tafallarrari, bere heriotzaren 500. urteurrenean.
Omenaldia azaroaren 26an izanen da (24a bere heriotzaren data da) eta bere omenezko estatua handi bat aurkeztuko da, San Juan tafallar kaleko bere etxe-jauregian. Dantzariak, bertsolariak, jotariak, txistulariak, gaiteroak, abesbatzak eta abeslariak egonen dira.
Estatua, Iñaki Villanueva nafar artistak egina eta 4 metro baino gehiagoko garaierarekin, herri harpidetzaz eta Tafallako Udalaren laguntzarekin finantzatuko da.
Jakina den legez, Nafarroako eta Lakarrako Pedro, Erreinuko VI. Mariskala izan zen. Tafallako San Juan kaleko bizilagun honek (“Mariskalen Etxea”) nafar Estatuko ardura gorenak bete zituen.
Hualde abizeneko tafallar batekin harremana izan zuen eta bertatik, Francisco de Navarra jaio zen. Bere aitaren antzera, XVI. mendeko nafartar nabarmenetakoa izan zen, apezpiku, idazle aipagarri eta Orreagako priore izanik. Tafallarrek ohoratu nahi izan zuten, “Nafarroako” plazari bere omenezko abizena emanez.
Nafarroako Pedro Mariskalak Erreinuaren konkista, bide diplomatikoen bidez, ekiditeko mandatua jaso zuen, horretarako Espainiako eta Frantziako erregeekin eta Aita Santuarekin bilduz. Ahalegin diplomatikoek porrot egin ostean, 1511n eta 1512an inbaditzaileei aurre egin zien, nafar ejertzitoaren burua izanik. Hori dela eta, heriotza-zigorrera kondenatu zuten eta bere ondasunak konfiskatu zituzten.
1516an, Mariskala erbestetik itzuli eta Erresuma askatzeko saiakera berri bat gidatu zuen. Konkistatzaileek atzeman zuten, lehenik Atienzan eta ondoren Simancasen kartzelaratuz, bizi-baldintza penagarrietan.
Alferrikakoak izan ziren Gaztelako errege-erreginei zin egin ziezaien jasandako presioak. Behin eta berriz, ondorengo argudioarekin ihardetsi zien: “ordurako Nafarroako errege-erreginei eta bere aberriari leialtasun zina egina ziela”. Horrelako pertsonaia baten ospea Gaztelako Gorteek berek onartu zuten, askatasuna ukatu ziotenean, berriz ere libre izanik Nafarroa altxatuko zuenaren beldur baitziren.
Kartzelatik bere jendea adoretzen jarraitu zuen. 1521ean, Tafalla bere errege-erreginen alde altxatu zen eta Pedro, gatibu zen Mariskalaren semea, hiribilduan garaile sartu zen. Alta, Noainen garaituak izan eta Amaiurko gaztelua erori eta gero, 1522ko uztailean, Simancaseko presondegian bizi zuen egoerak okerrera egin zuen. Urte hartako azaroaren 24an, bere ziegan hilda agertu zen, bere borondatea ezin izan zuelarik inork erosi.
Historialari anitzen iritziz, Nafarroako Pedro bere lurrarekiko leialtasun apurtezinaren eredu da. Bere zina hautsi baino, nahiago izan zuen heriotza. Izan ere, Espainiako erregeari jakinarazi zion legez, bere hitzaren balioa hutsaren hurrengoa litzateke, aurretiaz eginiko zina bete ezean. Frai Prudencio de Sandoval espainiar historialariak aitortu bezala, “ez zuen inoiz bere aberria arnegatu”.
Nafarroaren defendatzaile nagusiarentzat monumentua Tafallan