Indarkeria matxistaren aurka, Justizia feminista

Indarkeria matxistaren aurka, Justizia feminista –

Bihar, azaroaren 25ean, “Indarkeria matxistaren aurka, Justizia feminista” lelopean, Euskal Herriko mugimendu Feministak berriz ere hiriak, herriak eta auzoak hartuko ditu.

Ez gara eroak, ez gara histerikoak eta ez gara mendekuz ari. Nazkatuta, haserre, nekatuta eta gogaituta gaude. Urtero aldarrikapen, eskaera, kexa eta erreklamazio berdinak egin behar izateaz aspertuta gaude. Indarkera matxistak, patriarkatuak bere esku jartzen dituen tresna guztiekin, etenik gabe gu erailtzen jarraitzen du; erahiltzen gaitu, erasotzen gaitu, umilatzen gaitu, eta aski da.

Aurten, ofizialki, Euskal Herrian 3 emakume erail dituzte, 38 Espainiar estatuan eta ehundaka mundu osoan.

Guztiak ez gara idnarkeria fisiko honen biktimak, baina indarkeria psikologikoa, sexuala, ekonomikoa, instituzionala… denak dira indarkeria matxistaren aurpegiak eta korapilatu egiten dira, gu guztioi modu batean edo bestean eraginez.

Eragiten digu bizitza sostengatzeko egiten ditugun doako edo lan baldintza prekarioko zaintza lanak ahazten direlarik; eragiten digu zahar egoitzetan ari diren langileen borrokak mespresatzen direlarik; eragiten digu 0-3 zikloko plataformaren mobilizazio indarra, ogi apurrak emanez desaktibatzen delarik; lan prekarioak eskaintzen digutelarik… Eta indarkeria hau are eta gogorragoa da emakume zaurgarrieneikin; migrante edo ezgaituekin esate baterako.

Indarkeria matxistaren aurka, Justizia feministaGure borrokoaren eremu publikoa, kalea, gaua, festa… konkistatu dugu, eta behin eta berriro, haietatik kanporatzen eta etxean zokoratzen saiatzen dira, komunikabide, klase politiko eta gizarteak berak indartutako mezuak emanez. Beldurrari bidea irekitzen diote indarkeriarekiko “ezezagun”, “arrotz”, “bestea” mezuen bitartez. Baina errealitatea oso ezberdina da eta emakume gehienok pairatzen dugun indarkeria ezagutzen ditugun gizonen eskuetatik dator. Gure lagunak, bikotekide, familia, lankide edo militantzia kide diren gizonengandik dator. Ez dira talde handi bat, ez dira monstruoak, ez dira izenik gabeko pertsonak, ez dira beste pertsona batzuk. Jotzen, umilatzen, bortxatzen… gaituztenak, gutarrak dira. Patriarkatuaren seme osasuntsuak. Oso gutxi dira errealitate hori onartzeko prest daudenak, errazagoa baita beste batzuei errua botatzea. Eta arazoa etxean dagoenean, edo lagun taldean edo lanean… erraietaraino barneratua dugun patriarkatuaren menpe egondako mende guztiak azalaretzen dira eta inongo erreparorik gabe, ikasitako guztia erreproduzitzen dute, finkatutako ordena inposatuz: eta gu, berriz ere, eroak, bere onetik ateratakoak… eta haiek biktima gaixoak izatera pasatzen dira. Zuek posizionatzea, gure hitza sinestea, aurrera pausu bat ematea eta zuen inguruan inongo bortizkeriarik ez oanrtzea eskatzen dizuegu.

Gure leman diogu, bortizkeria matxista honen kontra, Justizia Feminista bat behar dugula. Dakizuen bezala, joan den urrian egindako jardunaldiek, feminismotik abiatuta, bide penal eta punitiboari alternatibak proposatzea zuten helburu. Eraikuntza pratiarkalari uko eginez.

Indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakume guztiok justizia eta erreparazioarako eskubidea izan dezagun funtsezko gaia iruditzen zaigu. Instituzioetatik emakumeok indarkeria sala dezagun eskatzen da eta badirudi penala dela bide bakarra. Baina emakume aunitzek ez dute bide hau hautatzen, artatzen dituzten langile juridikoen artean, ez dagoelako hortarako ez formakuntzarik ez sentsibilitaterik eta ondorioz, ez dutelako ez bide seguruena, ez eraginkorrena aurkitzen. Salatzea erabakitzen duten emakumeek, hainbat epai eta prozesu amaigabeetan murgildu behar dira. Eta horietan haien bertsioa zalantzan jartzen duten galdeketa bortitzak jasaten dituzte, hala nola birbiktimizatu egiten dituzte eta baita umildu eta gutxietsi ere. Justizia patriarkalak ez digu balio, bere azken xedea zigorra delako, eta ez erreparazioa, sortutako kaltearen onarpena eta are gutxiago emakumeok libre bizi gaitezen mekanismoen sorkuntza.

Justizia eredu berri batez gain, bortizkeria matxistatik bizirik atera diren emakume guztiek beren bizitza aurrera eramateko baliabideak behar dituzte. Klase politikoak ezin du lazo morea soinean jarri eta elkarretaratzetan parte hartu, arreta integralean, abegi-etxe eta pisuetan 6 hilabeteko itxarote zerrendak dituen bitartean. Behar adina aurrekontu ezarri behar dituzte indarkeria jasaten duten emakumeen susperraldiari aurre egiteko; izan ere, ez da onargarria indarkeria gaitzestea indarkeria arintzen lagunduko duten mekanismorik eman gabe. Baliabide integralak, publikoak eta kalitatezkoak behar ditugu, itxaron- zerrendarik gabeak, emakume erabiltzaile eta langileentzat baldintza duinak dituztenak.

Azaroaren 25 honetan gizonek gu erasotzeari, edo eraso horien konplize izateari utz diezaiotela exijitu nahi dugu. Instituzioek beren lana egitea exijitu nahi dugu, beraiek bait dira sufritzen dugun bortizkeria honen arduradun. Guk, libre garen gizarte batean bizitzeko eskubidea dugu.

Menpekotasun bizitza batera eta biolentzia ezberdin ugarietara zigortzen gaituen kultura patriarkal baten existentzia ukatzen duten diskurtsoen areagotzearen aurrean, mugimendu feministatik antolatuta eta kaleak hartzen jarraituko dugu.

GORA BORROKA FEMINISTA

Indarkeria matxistaren aurka, Justizia feminista

3 pentsamendu “Indarkeria matxistaren aurka, Justizia feminista”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2022-11-24 14:29

    “Salatzea erabakitzen duten emakumeek, hainbat epai eta prozesu amaigabeetan murgildu behar dira. Eta horietan haien bertsioa zalantzan jartzen duten galdeketa bortitzak jasaten dituzte, hala nola birbiktimizatu egiten dituzte eta baita umildu eta gutxietsi ere”.

    Defentsako abokatuaren eginkizuna da biktimari eta lekukoei galdeketa zorrotzak egin, zalantza erein eta kontraesanak ikusaraztea, bere bezeroarentzat ahal denik eta zigorrik laburrena lortzea, astungarririk ez gehitzea… Eta akusazioaren aldetik ere bai, biktimari zehaztasuna eskatu ohi zaio deklaratzean, hain zuzen astungarriak gehitu eta zigorrik altuena eskatu ahal izateko.

    Horrela da justizia patriarkalean eta horrelaxe izan beharko du justizia feministan ere, pentsatzen dut nik. Tribunal popularrak eta herri-justizia zilegi dira iraultza-egoeretan, baina ez bizitza arruntean. Auzitegi ordinarioak behar ditugu.

    Zuzenbide-sistemak hutsune eta arazo anitz ditu, baina kontu hauetan zenbait elkarteren demagogia eta gezurra eskandaluzkoa da. ZER OSTIA NAHI DUZUE BA?

    Hara! Gainera, antza denez, oraingo feministon betekizuna da gizon bortxatzaile eta biolentoak kartzelatik libratzea:

    “Justizia patriarkalak ez digu balio, bere azken xedea zigorra delako, eta ez erreparazioa, sortutako kaltearen onarpena eta are gutxiago emakumeok libre bizi gaitezen mekanismoen sorkuntza”.

    Aizue, antipunitibismoa aplikatzen has gaitezke, ez dakit ba, lapurreta txiki, droga kopuru txikien ekoizte eta saleroste, baimen eta erregulazio gabeko negozio, kausa sozioekonomiko garbiak dituztenetatik…

    Ba ez, aizue, kasualidadea, juxtu hasiko gara “antipunitibismo” angelical hori aplikatzen ia beti EMAKUMEAK biktima izaten dituzten delituetan. Besteak, ikusiko dugu. Eta feministak horren alde eta txaloka. Zeinen jatorrak zareten.

  • Dirudienez, feminismoak, zentsura behar du bere “tesiak” defendatzeko. Nire iruzkinarekin gertatu den bezala.

    Gizonen eskubideak (preso ez egoteko, bizitzeko, ikasi ahal izateko…) babestu ezean feminismoak ez du lekurik gure gizartean. Gizateriaren %45a gorroto duen mugimendu hau ilegalizatu behar dugu lehenbailehen, behin sistema hau (NATO, PNV, Zuzeu… feminismoaren babesleak. Oroitu PNVk finantziatzen duela Emakunde, Bilgune Feminista, Pikara, Zuzeu…) gainditu dugula.

  • Alpargatero 2022-11-25 09:21

    Gaur egungo feminismoa parodia barregarri bat baino ez da; diru publikotik ederki bizi den txiringitera koadrilla bat. Nahikoa da! Utzi gorrotoa eta zatiketa zabaltzeari. Indarkeria baldin badago, eta horrekin benetan bukatu nahi badugu, lehenago indarkeria hori nondik eta zergatik datorren aztertu beharko da, eta gero konponbideak jarri. Eta ez, indarkeriak ez du generorik, eta inon inoiz ez da erabiltzen emakume baten kontra emakume izateagatik. Beraz, hori bada zuen abiapuntua, guztiz okerra, argi dago zuen helburua ez dela arazo hori konpontzea edo nolabait arintzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude