Nafarroako Erregimen Zaharra, dar-dar

Nafarroako Erregimen Zaharra, dar-darDatorren maiatzaren 24ko hauteskundeetan asko ei dago jokoan Hego Euskal Herriko udal eta foru aldundietan. Baina etzi agintariak baino zerbait gehiago dago Nafarroan, norabide politikoa alda baitaiteke Erregimen Zaharra atzean uztea lortuz gero.

Horrela ulertu du, bederen, hiru hamarkadaz Diario de Navarrako zuzendari izan zen José Javier Uranga Santesteban “Olarrak”, egunkarian bertan gaur idatzi duen “Navarra SOS” iritzi artikuluan irakurri ahal izan dugunez.

Izan ere, UPN-k ordezkatu eta egun kolokan dagoen Erregimen Zaharra, besteak beste, Diario de Navarra kontserbadoreak gorde izan du orain arte.

“Nafarroa une arriskutsu eta zirraragarriak bizi du”, hasten den artikuluak hamalau mende egiten du atzera; Mairuetatik hasi eta Albako Duketik igarota Lehen Karlistadara heldu arte. Gaur egunera etorrita, “egoera baketsua da, baina larria”, ohartzen gaitu kazetariak, hauteskundeak eta alderdi politiko bakoitza banan-banan aztertu eta bere beldurrak agertu baino lehen: ¡Que vienen los rojos, que vienen los vascos!, alegia.

“Duela lau urtera arte Sabinoren ondorengoen sarrera eragotzi du” Nafarroak, Ollarraren aburuz, baina etorkizunera begira kezka agertzen du; “nortasun nafarraren galera” ei da pertsonalki historialaria ere baden gizona arduratzen duena.

«La técnica de euzkadizarnos será más refinada entrando en las instituciones y ayuntamientos poco a poco, sin prisa, porque juega con el tiempo, pero sin pausa. El arma que utilizarán es el “batúa” llevándolo hasta más allá del Ebro».

Iritzi artikuluaren bukaeran, eta gauzak argi uzte aldera, “Nafarroa espainiarra izan da eta da, geografikoki eta historikoki” aldarrikatzen du Ollarrak.

 

* Erregimen Zaharreko ordezkariak urduri daudela frogatzen duen bideoa duzue honakoa.

Dino Altávez errekete suminduak Iruñean deitu zuen manifestaldiko irudiak dira, aldaketa politikoaren kontra egin eta Erregimen Zaharrari babes osoa azaltzeko (gazteleraz dago).

 

ETA-k tirokatua

1925ean jaioa, José Javier Uranga Santesteban -euskarazko oilarrak ematen dio goitizena- Diario de Navarraren zuzendaria izan zen 1962-1990 urte bitartean. Jada 90 urte inguru dituen gizonak ETA-ren erasoa pairatu zuen 1980an, eta tiroz josi bazuten ere, bizirik atera zen gizona.

“Olarra” hobeto ezagutze aldera, bi esteka gehituko dakartzagu sarrerara:

– Bata orain bost urte, atentatua jaso zuenetik 30 urtera Diario de Navarran bertan egin zioten elkarrizketa jasotzen duen blog batekoa; “Ollarra, la pluma que ETA no logró doblegar”.

– Bestea Gara egunkarian Victor Moreno idazleak plazaratu zuen “Ollarra y sus demonios particulares”, besteak beste Uranga Santesteban frankista izan zela esatera datorrena.

"Ollarra", aldaketa politikoa, Diario de Navarra, Erregimen Zaharra, hauteskundeak, nafarroa, UPN

5 pentsamendu “Nafarroako Erregimen Zaharra, dar-dar”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude