Nafarroako ataka: Norekin eginen du Podemosek dantza?

laura-perez-candidata-de-podemos-nafarroa-ahal-dugu-efeNafarroan enegarrenez aldaketa usaina nabari da airean. Aurreko aldietan ordea UPNk gobernuan segitzea lortu zuen PSNk hala erabakita. Ferrazeko hariek mugitzen dituzte sozialista nafarrak, txontxongiloak bailiran, eta orain arte ez dira gai izan oposizioarekin akordioetara iristeko. Itxura guztien arabera, hauteskundeotan ez dira erabakiorrak izanen, haien bozka ugari Laura Pérez Ruano, Podemoseko hautagaiak jasoko baitu. Baina Madrilgo Plaza España inguruetan dagoen Podemosen egoitzan ere urak harrotu antzera dabiltza. Monederok zuzendaritzatik dimititu du eta Pablo Iglesiasek keinuak egiten dizkie bozkatzaile sozialdemokratei. Moderazio bila dabiltza, “Venezuelarekin eta ETArekin lagunkoi” direla erakutsiko lukeen zantzu oro ezabatuz. Ikusi beharko nola ezkontzen den estrategia hau, Laura Pérezen diskurtso argi eta zuzenarekin.


Podemosen ahulaldia eta Monederoren “agurra”
Andaluziako hauteskundeen ostean, Podemosen puxika hustu egin da. Susana Diazi jokaldia oso ondo atera zitzaion, eta Podemosek ez zituen “esperotako emaitzak” lortu. Ez ote gara Pablo Iglesiasen itzalari begira egon? Hedabideetan parte hartu eta mediatikoak izatearena aurka etorri zaie, eta Espainiar Estatuko hedabideen eliteak topatu du nor aupatu aldaketa nahiak kontrolpean izateko. Albert Rivera eta Ciudadanos alderdiak izan duen gorakada izugarria da honen emaitza, UPyD suntsitzerainokoa. Testuinguru honetan etorri da hedabide berberek demonizatutako Monederoren desmarke ustez espontaneoa. Podemosek, ordezkatu nahi dituen alderdien antza hartu duela eta hedabideetan minutu bateko presentzia izateari, herri bateko zirkuluan egoteari baino garrantzia gehiago eman zaiola esan du alderdi berriko ideologo zenak. Hori esan eta langileen egunean kalera jaitsi da Iglesias, berriz ere megafonoa eskuan:


“Ezin dugu”

Podemoseko zuzendaritzako kide batek esan zidan: “Zuei ere komeni zaizue gu Espainiako Gobernura iristea”. Nafarroako aldaketarako aukeraz galdetuta, Bildurekin gobernu akordioa egitea “ezinezko” zela argudiatu zuen, Madrilen ez ulertzeaz gainera, haien aurkako arma bezala erabiliko bailitzateke erabakia. Juantxo Iturriak ere aste honetantxe bertan ZuZeun argitaratu elkarrizketan Podemosen helburua “argia” dela adierazi du. Gobernu zentrala.

Zer tokitan uzten du guzti honek Laura Pérez? Gai izango ote da koherentziari eusteko? Eta ezingo balu, dimitituko ote luke? Atzo bertan Osoigok antolatutako debate digitalean Nafarroako hautagaiek balizko akordioen inguruan hitz egin zuten eta Pérezek posizionatzea ekidin zuen akordioak “politika zaharra” direla argudiatuz: “Gure akordioa herritarrekin eginen dugu”. Ikusteko dago zer gertatuko den Nafarroan. Ea Podemosek ordezkatu nahi duen alderdiaren antza hartzen duen ala ez. Sindudarik gabe, erabakiak Nafarroaren etorkizunean eragina izango du.

 

hauteskundeak, nafarroa, podemos
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

3 pentsamendu “Nafarroako ataka: Norekin eginen du Podemosek dantza?”-ri buruz

  • Podemos ingenieritza politiko inperialaren ondorioa da.
    Laura Perez konkistatzaie hauen mertzenario bat da.
    Etzazue irudikatu bertako politikariak ezpata eta paretaren aurka dauden heroiak balira bezela. Ondo ordainduak dira eta PSOE ordezkatzera datoz.

  • amonamantangorri 2015-05-02 13:40

    Podemosek Nafarroan ba omen ditu makina bat arazo militanteen artean. Zirkuluetan dabiltzan batzuek sarean argitaratzen dituzten mezu batzurengatik jakin dut, ez bertatik bertara ikusi dudalako… Hala ere, oraindik ikusteko dago barne-arazo horiek eraginik edukiko duten alderdiaren arrakastan.

    Nafarroan abertzaletasunak sabaia jo du boto kopuruan. Ez dirudi gehiago haziko denik, ez bederen epe laburrean. Beraz, UPN kanporatzeko beharrezkoa da abertzaleak ez direnek ere operazioan parte hartzea. NaBai saiatu zen PSNrekin eta IUrekin zerbait egiten, baina PSOEk aspalditik aukeratu du estatu-auzi hontan norekin egon. Posibilitate bakarra, PSNren espazioa bereganatzeko gai den indar politiko bat agertzea da.

  • Ba argi dago nire ustez zer gertatuko den.

    Podemoseko jendea, (hemen EH-n “Ahal Dugu” bezala izendatu direla jakin izan dut) Madriletik etortzen dira azken finean eta, denok dakigunez, horrek neurri handi batean mugatzen du euren ildo politikoa. Agian haiek ez dituzte izango prontzipioz inongo arazo ideologikorik abertzaleekin paktu edo akordio batera iristeko, baina Estatutik jasotzen duten eragina gauzak zailagoak egiten ditu, zalantzarik gabe.

    Azkenean bi lurren artean geratuko direla susmatzen dut, baina tira, oraingoz itxaron beharko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude