Sautrela 408: Katixa Agirre, Yasar Kemal eta Hollywood eta biok

Katixa Agirre

Aste honetako saioan udaberriko literatur nobedade esperoenetako bat izango dugu, Katixa Agirre gazteiztarraren lehen nobela, Atertu arte itxaron. Aurretik bi ipuin liburu argitaratua da Agirre, Sua falta zaigu eta Habitat, biak ere aski irakurri eta komentatuak izan zirenak. Agirre EHU irakasle ere bada ikus-entzunetakoen arloan, eta hain justu unibertsitateko zenbait kontu azaltzen dira, besteak beste, nobelan. Gizon-emakume bikote baten Euskal Herrian zeharko opor bidaia bat kontatzen du, bien arteko harremana hondoan dagoela. Benjamin Britteni buruzko eta euskal gatazkarekin loturiko hari banarekin osatzen da gainera kontakizuna.

Bestetik, idazle zendu berri bati buruzko erreportajea ere izango dugu larunbateko saioan. Otsailaren akaberarekin joan zitzaigun Yasar Kemal idazle kurdu handia. Turkiarrez idazten zuelarik, Turkiako literaturako idazle handienetarik dugu halaber. Haren bi lan ditugu euskaratuak, Zanpa ezak sugea eta Ararat mendiaren sumina. Horien itzultzaileekin elkartu gara, Xabier Aranburu eta Fernando Reyrekin, hurrenez hurren, Kemalen inguruan gehiago jakiteko.

Beñat Sarasolak XX. mende amaierako ipuin liburu batean mintzatuko zaigu, Javi Cilleroren Hollywood eta bioki buruz. Huraxe izan zen bere lehen liburua eta ipuingintza mota bateko erreferentzia garrantzitsua Sarasolak azalduko digunez.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen

Hollywood eta biok, Javi Cillero, Katixa Agirre, Sautrela, Yasar Kemal

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude