Nafarroa eta euskara

Nafarroa eta euskara –

Nafarroa eta euskara

Azkenaldi honetan, Nafarroan euskararekiko joera berri bat sortzen ari da. Duela bi urte, Eusko Ikaskuntzako ikerlariek Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak liburua aurkeztu zuten. Oraintsu, Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko arduradunak, gaiari buruzko jardunaldi batzuk egin ondoren, haien emaitzak argitaratzen ari dira.

Alde batetik, esan behar dut horrelako ikerketa sakonak eta kulturalak eskertzekoak direla, normalki jendaurrean esaten ez diren gogoetak izaten direlako, euskarari buruzko biktimismotik haratago, eta egoera erreala deskribatzen dutelako, nahiz eta atsegina ez izan.

Baina beste aldetik, adierazpenok kezka handiak eragiten dizkidate; batez ere ondorioak irakurtzen ditudanean. Egia da Nafarroan euskararen egoera larria dela, eta oraingo bidean jarraituz gero zaila izango dela euskara gaztelaniarekin parekatzea; beraz, etor daitezkeen ahaleginak, ekarpenak eta bide berriak ongi etorriak izango dira. Orain arte erabili ditugun argudioekin eta baliabideekin jarraituz gero, badakigu zer emaitza jasoko ditugun; baikorra izanda, euskarak bizirautea hamarkada batzuk, mende batzuk…, beti gutxiagotasunean eta herritarren lan eskergari esker.

Bai ni eta bai beste batzuk ikertzaile horien argudioen aurka agertu izan gara publikoki, oinarrian kolonialismo hutsean erortzen direlako, errealitate gordina hau baita: abertzale espainiarrek zapaltzen eta baztertzen gaituzte.

Hona hemen guk emandako erantzun batzuk: Eusko Ikaskuntza jardun euskarafoboak zuritzen Nafarroan?Edo Eusko Ikaskuntza nora zoaz?

Laburbilduz, nire asmoa ez da gurdiaren gurpiletan makilak jartzea; nik ere nahi nuke Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaleen Topaguneak hartutako bideak emaitza onak ekartzea euskararen geroari, baina oso kritikoa naiz erakunde horiek hartutako bidearekin. Nire irudiko, eta baita beste batzuen ustez ere, erreakzio epel horiek zapalkuntza gehiago baino ez digute ekarriko. Euskara beste edozein hizkuntza bat bezala tratatu beharko litzateke,  administrazio guztietatik hasita, eskubide demokratikoa baita.

Nire ustez, orain arte euskararen hurbiltasuna sentitu ez dutenek ez dute aurrerantzean ere sentituko, baldin eta baliabideak eta legeak ez badira jartzen hizkuntzaren alde. Hor dago koxka, eta ez orain arte abertzaleek edukitako jarreran. Areago esango nuke: eskerrak abertzaleek horrela jardun dugun; bestela, Nafarroan euskara ahaztuta egingo litzateke.

Nafarroa eta euskara

Nazar, Nafarroa. Liburuzaina eta euskaltzain urgazlea. Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia.

5 pentsamendu “Nafarroa eta euskara”-ri buruz

  • Ados erabat, Kolonialismorik ez balego bezala ari gara. Kolonialismo eta zapalketa da dagoena.
    Hala ere, ez nator bat zureesaldi honekin “ baikorra izanda, euskarak bizirautea hamarkada batzuk, mende batzuk”
    Transmisioa erabat hautsirik dago Ultzama aldean, Larraunen eta Sakana osoan. 3 urtekoko umeak ekarri dute erdara azkeneko euskal etxeetara. Ume espainol horiek guraso euskaldunen gainetik daude. Dena doa pikutara eta denak gaude lo. Jendeak zergatik ez ditu begiak ireki eta belarriak garbitu nahi? Errealitatea ez dugu ikusi nahi

  • Lehengo egun batean guraso batek esan zidan umeak euskaraz haztea ezinezkoa zela. Ezinezkoa zela!!!!
    Amildegi ertzeraino iritsi gara. Iratzar gaitezen lehenik euskatzaleok, gero euskaldun guziak eta ondoren…. Has gaitezen errazenetik. Eusko Ikaskuntza eta enparauek errealitatea ez dute kontutan hartzen eta estali, ezkutatu eta alfonbra pean dute sartzen.

  • Benat Castorene 2024-05-09 10:38

    Iparraldetik, edo Hiruetatik Hartsuagak erranen lukeen bezala, ezin gira soraio egon artikulu honen, eta eragin dituenen iruzkinen aintzinean, hemen euskaldunen egoera oraindik larriagoa baita eta, tamalez, hobekuntza esperantza guti politikaren aldetik.
    Biziraun nahi badugu, euskaldunak, “[…]beti gutxiagotasunean eta herritarren lan eskergari esker[…]” jarraitzera kondenatuak gira. Beraz engoitik hobe dugu errealitate hori kontuan hartzea eta biziraupena adimentsuki eta errealismoz antolatzea espiritualki eta ekonomikoki.
    Azken gauza bat, ez dugu sinetsi behar kolonialismo edo zapalkuntzak biktimen asaldatzea beti eragiten dutenik gutiengo batena baizik.
    Adeitasunez

  • “orain arte euskararen hurbiltasuna sentitu ez dutenek ez dute aurrerantzean ere sentituko, baldin eta baliabideak eta legeak ez badira jartzen hizkuntzaren alde. Hor dago koxka.”
    Ados, Gerardo.

  • Mikel Haranburu 2024-05-09 20:05

    Ados ni ere.
    Horregatik, alferrikakoak dira etorkinen inguruan ematen diren eatabaida amaigabeak. Urliak esango du badela garaia etorkinei mezua igortzeko, sandiak harrera egin beharra zaiela, berendiak balioztatuko digu egoera sozioekonomiko-kulturala…
    Alabaina, bertako askok muzin egiten badiote hizkuntzari, ezin hurbilago izanagatik ere, ohe barruan sarri askotan, ohekidearengan erran nahi baita, zer espero dugu?
    Ahalke gara, eta ez da asko falta barregarri izateko ere, hainbeste eta hainbeste ahalegin eginik ere, Franco hil eta geroztik egindakoa, berrogeita hamar urtera goaz eta, bi belaunaldi (lehengo belaunaldiak, izan ere), eta oraindik ere, hurbiltasuna hurbiltasun, franko urruti geratzen zaio askori hizkuntza…
    Bi belaunaldi aski dira hizkuntzaren ordezkapena gerta dadin; bi belaunaldi aski izan litezke berreskurapena egiteko ere. Bi belaunaldi galdu dira gure begien aurrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude