Eusko Ikaskuntza, nora zoaz?

Eusko Ikaskuntza, nora zoaz? –

Eusko Ikaskuntzak argitaratutako “Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan” liburua irakurri berri, badira kezka eragin diguten zenbait atal, euskararen eremukoak bereziki. Horietako batzuk aipatuko ditugu.

Eusko Ikaskuntza, nora zoaz?

Jarrera salomoniko batetik heltzen diote egileek auziari.

“(Euskararen) gainbeheraren arrazoiez… prozesu natural bati buruz hitz egin duenaren aurrean, kausa exogenoez, diglosiaz eta euskararen aurkako errepresioaz hitz egitea nahiago duen ildoa ere badago”

Egon ez dago hizkuntzen heriotza “naturalik”, eta areago, euskararen (euskaldunon) aurkako errepresioa iritzien mailan sailkatzea harrigarria gertatzen da, jarraian Frankismoan (ez beste ezein garaitan) jasandako zapalkuntza aipazen bada ere. Hizkuntz-bazterketa mendetan jasan dugu, gaurdaino.

ETAren “zernahitarakoari” ere heldu diote egileok.

“ETAren euskararen defentsak biolentziarekin lotzea ekarri zuen…. euskara politizatzea, eta euskara mehatxu gisa ikusarazi alderdi eta sektore batzuen artean, PSNren kasuan bezala”

Alabaina, PSOEren euskarafobia, ETA sortu baino askoz lehenagokoa da, tamalez. Edonola ere. euskara eta ETAren arteko lotura egiteko ausardia duenak, ez lituzke gaztelera eta Borboien, Francoren, edota Guardia Zibilaren artekoa eta horiek ezarritako inposaketa aipatu beharko lehenik?

Testuan, euskararen egoeraz egiten den argazkia egungo unekoa da. Hasierako zertzelada apurrez at, euskarak izan duen bilakaerari eta zergatiei ez zaio erreparatzen. Epai gordina bota bai, ordea: “Nafarroa euskal hiztuna ez den lurralde bat da gehienbat, biztanleriaren 3/4ek ez baitaki”. To hori! Bestalde, Nafarroako euskararen egungo jakite mailari edota erabilerari buruzko datuak ez daude ondo azalduta.

Zoritxarreko esaldirik ez da falta.

Berbarako, “zaila da euskararen inguruko tentsioa lasaitzea, hizkuntza hori proiektu politikoren bati estuki loturik doalako susmoa badago”. Edota: “Hainbat arrazoirengatik… euskara polemikarekin eta eskandaluarekin lotzen da etengabe, Nafarroako Administrazioko lanpostu batzuetan euskara baloratzean gertatzen den bezala”

Batetik, euskara ez dago ezein proiektu politikori “estuki” lotuta (bestela geundeke). Aldiz, euskara abertzaletasun erradikalari lotzeko ahalegin etengabea badago, euskara (komunitate euskalduna) desagerraraztea xede duten proiektu politiko espainiazale gehientsuenen aldetik.

Bestetik, euskarari (euskaldunon hizkuntz eskubideei) erakunde publikoetan ateak itxi nahi dizkiotenek eragiten dute eskandalua eta polemika, ez beste inork. Ala tratu txarrak jaso ondotik salatzen dituenak eragiten ote du “eskandalua”?

Guztietan harrigarrienak, honakoak iruditu zaizkigu:

“Kasu bakanen batean izan ezik, ez da normala Nafarroako biztanleak euskararen aurka agertzea”. Edota “Nafarroaren kasuan, bi nazionalismo berdintasunezko logika berarekin ari dira lanean; biek uste dute aldezten dituzten hizkuntzak Nafarroa osoan hitz egin behar direla”

Zoritxarrez ez dago begiak ez belarriak zorroztu beharrik nafar euskarafoboekin tupust egiteko. Ezker-eskuin dauzkagu, oparo, Nafarroako lurralde osoan, zenbat eta hegoalderago orduan eta amorratuago. Nafar gobernu “aurrerakoian” bertan ere bai! Asteon bertan “euskal musikariak ikastetxeetan” egitaraua bertan behera utzi du PSNren esku dagoen Hezkuntza sailak (eta Geroa Bairen esku dagoen Euskarabideak jaso du gero. Noiz arte?). UPNren nahiz PSNren meneko administrazio publikoak, “zuhur” jardun ordez, euskaldunak zokoratzen trebatu baitira.

Azkenik, egiatik oso urrun iruditu zaigu “bi nazionalismo berdintasunezko logika berarekin ari dira lanean” baieztapena.

Izan ere, indar abertzaleak lotsati eta gogo handiegirik gabe aritzen baitira euskaldunon hizkuntz eskubideen defentsan, ozta-ozta, alderdi-interesak lehenetsiz normalean.

Indar nazionalista espainiazale gehienek aldiz, Voxen hasi eta PSNn buka-edo, lotsagabe dihardute euskaldunon hizkuntz eskubideen aurka, Euskara nahi dute zokoratuta, bazterrean, nahi eta ezinaren ezinaz desagertuz joango delako esperantzaz, “ondare” fosildu gisa, asko jota.

Abertzaleek hizkuntz eskubideak aldarrikatzen dituzte (egiten dutenean).

Espainiar nazionalistek ukatu edo mugatu, zapaldu.

Bidegabekeria galanta da batzuk eta besteak maila berean jartzea.

Labur esanda, izoztuta utzi gaitu liburu honen irakurketak. Eusko Ikaskuntza… nora zoaz?

.

Nafarroatik, Gerardo Luzuriaga eta Jonjo Agirre

Eusko Ikaskuntza, nora zoaz?

Oinezkoa

9 pentsamendu “Eusko Ikaskuntza, nora zoaz?”-ri buruz

  • Baina hau aspaldiko kontua da Eusko Ikaskuntzan. Ez dut harridura ulertzen. Oroimena dudanetik behintzat, beti izan dira statu quoaren (beraz minorizatuak eta okupatuak izatea) apologistak. Badakizu, badaezpada, euskaraz baxu hitz egin, españolitoei errespetuz…

  • Jope, eusko ikaskuntzak nori eman dizkio sariak? Batzuena ez dago ulertuko duen kristorik bestela!

  • PSOEren fundazio batetik ateratako testua dirudi Eusko Ikaskuntzarena. Tamalgarria.

  • “Zaila da euskararen inguruko tentsioa lasaitzea, hizkuntza hori proiektu politikoren bati estuki loturik doalako susmoa badago”
    Nori entzun izan diet mantra hori lehenago?
    UPPNkoei? PSNkoei?
    Ez nekien Eusko ikaskuntzak ere horrekin bat egiten zuenik!

  • Juan Aleman 2023-07-07 11:01

    Eusko Ikaskuntzaren produkzioa ia guzia erdaraz izan da sortu zenez gero. Beti izan zait arrotz, espaniarzalea. Esaidazu zer egiten duzun eta esanen dizut zer zaren!

  • Pettan Iparre 2023-07-07 13:00

    Urte batzuk lehenago ere hala izan zen eta gaur egungo spainiako konstituzioan bertan gaztelania estuki lotuta dago proiektu politiko bati. Naturalki iristen ez den, eta inoiz naturalki iritsi ez den lekuan ipinita dago gaztelannia. Espainiako proiektua ez da inoiz demokratikoa izango horrelakoak indarrez egiten dituzten bitartean. Konstituzioa proiektu politikoak indarrez ezartzeko bidea da. Batzuk konstituzionalistak direla diote, harro; baina horregatik soilik ez dute demostratzen demokratikoak direnik. Nor berak jakingo du non kokatzen den. Eusko Ikaskuntzarena ere ikusten da.

  • Badaramat 40 urte baino gehiago Eusko Ikaskuntzan… Txostenaren egileak estimatzen ditut, baina Patxi Zabaletak dioenaren arabera ez duten asmatu… Duela bi urte afer honekin hasi zirenean argi eta garbi adierazi genien… Erdiko bidea agorturik dago… Nik ere penaz idazten dut… Nahiko daukagu UPNren eta PSNren adierazpenekin…

  • Zein da liburu horren helburua?
    Zertan ari da Eusko ikaskuntza?
    Zer aldrebeskeria da hau?

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2023-07-27 23:04

    Eskerrik asko Gerardo eta Jonjo, udan ere erne, zoli eta zorrotz! Ez ditut gogoan 1918ko Estatutu zehatzak, baina nago Eusko Ikaskuntza euskal kultura eta hizkuntzari “behar zuten tornuia” emateko sortu zela, unibertsitatea erdigune harturik, eta ez euskararena eta espainierarena elkarrekin lehiatzen diren bi komunitate direla baieztatzeko. Uste nuen dagoeneko ezagutzen genituela zein izan diren euskararen gutxitze historikoaren giltzak eta horretan presio egin duten indarrak. Ezikusia egin zaio egungo euskararen estatusa, bere txikian, euskararen aldeko gizarte eta politikako indarrei esker irabazi zela, oposizio politiko handi batez. Tamalez (eta minez), testuaren doinutik, euskararen desagerpenerantz trantsizioko diskurtso baten itxura du, asepsia abiapuntu hartuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude