Mutiloako bi baserritarren gogoetak (II)

Mutiloako bi baserritarren gogoetak –

BIDEOA. Mutiloako bi baserritarren gogoetak (I)

Duela pare bat aste, Ordiziako Azoka zela eta, Mutiloako (Goierri, Gipuzkoa) baserritar bat elkarrizketatu nuen. Irakurri ondoren iruditzen zait asko, ikaragarri esaten duela: Euskal Herriaz, euskaldunaren kosmobisio eta idiosinkraziaz, geure erro kulturalez… Baserriak XX. mendean zehar ekonomian galdu zuen pisua tarteko, aldatzen ari den mundu ikuspegi batez. Azterketa labur bat egiten saiatuko naiz. Honakoa da Anttoni Murgiondori egindako elkarrizketa, eta jarraian, ondorioak.


“Guk hemen segituko dugu azkeneko ostikadak eman arte!”

Mutiloako bi baserritarren gogoetakAnttoni Murgiondo Mutiloan jaio zen, Goierri eskualdean, 1949ko abenduan. Bekoetxe baserrira ezkondu zen aspaldi, eta ordutik bertan bizi da, Gabirian, aldameneko herrian. Dirudienez baserritar askori erretiroa ez zaie 67 urterekin ere iristen, eta lanean jarraitzen du jo eta su, astero hiru azoketara joanez, Ordiziakoa horietako bat. Pasa den urtean Euskal Jai egunean antolatzen den barazki festan bigarren saria eskuratu zuen.

Zenbat urterekin hasi zinen lanean?

Lanean? Puff! Hamalau urterekin esango nizuke. Lehenik eta behin eskolan egin beharrekoak egin, eta handik segidan baserrian jarraitzen genuen. Baserrian egin dut lan beti, Mutiloan gurasoei laguntzen, eta ondoren gure etxean.

Esan didatenez, ez zinen atzo goizean hasi Ordiziako Azokara lanera joaten…

Oker ez banago, hogeita hamabi urte daramatzadala esango nuke, 1985etik. Ordutik hona asteazkenero izan naiz bertan, astero-astero, hutsik egin gabe; eta opor gutxi eginda, gainera! Kanpora joateko tarteren bat hartu izan dut, baina beti astebete baino gutxiago, asteazkenean postuan izan behar baikinen.

Nola hasi zinen Ordiziako Azokara joaten?

Garai batean gehiago joaten nintzen Legazpira, bai Gabiriatik eta baita gure jaiotetxetik ere. Horren ondoren Zumarragara hurbiltzen ere hasi nintzen; Ordizia iritsi zen azkena. Hori izan da urteetan nire martxa, beraz: asteazkenetan Ordizira, ostiraletan Legazpira eta larunbatetan Zumarragara. Azoka egunetan postua jartzen eta jasotzen beti laguntzen nau norbaitek, senarrak edo semeak, eta postuan bertan ni aritzen naiz.

Ordizian hasi ginenean, pentsa nola ziren gauzak, uste dut tartean ez zela baimen konturik ere, istorio horiek beranduago iritsi ziren. Orduan jende bat udan joaten zen, eta beste batzuk neguan. Ni sartu nintzenean neguan hasi nintzen, udan etortzen zen beste baten postuan. Erreleboa eman nion bertan, eta ondoren urte osoan joaten hasi nintzen.

Nolakoa da zure asteazkenetako martxa?

Goizean goiz jaiki eta plazara zazpietatik berehala iritsi ohi gara. Postua muntatzen dugu, zer edo zer gosaldu, eta 13:00ak inguru arte atzera lanera.

Mutiloako bi baserritarren gogoetak
80ko hamarkada

Makina bat urte daramatzazu Ordiziako plazan, eta makina bat gauza ere aldatuko ziren tarte horretan…

Azoka asko aldatzen ari da. Garai batean ikusten zen etxe bakoitzean jende asko bizi zela, familia handiak zeudela edozein etxetan. Gaur egun bikoteek ez dauzkate hainbeste ume, gazteak ere ahal bezain pronto independizatzen saiatzen dira… Hamaika arrazoi izango dira, baina kontua da, orokorrean, erosketak txikiagoak direla orain. Jende gehiago pasa behar da antzekoa irabazteko. Dena den, gaur egun ere jendea badabil azokan, bertako produktua baloratzen dutenak badaude, eta eskerrak!

Erosleaz aparte, postuak ere aldatu dira. Orain dela 32 urte saltzaileek ez genuen hainbeste genero eskaintzen, eta nire ustez gaur egun ekoiztu ere gehiago egiten da.

Ekoizpenari begira dauden tresnak eta bestelakoak aldatu direlako, agian?

Ez pentsa. Duela urte batzuk traktorea ere bageneukan baserrian, orain ere, tresnak antzekoak… Orduan ere seme-alabek laguntzen zuten eta eskerrak horri ere! Guk hemen segituko dugu azkeneko ostikadak eman arte!

Iaz ospatu zen barazki txapelketan sari bat irabazi zenuen.

Bai, bigarren saria eskuratu genuen. Pentsatzen dut baloratzen dutena produktua bertakoa izatea dela, eta hortik aurrera itxura, kolorea, tamaina, ebaki berriak izatea… Denetik. Hala ere ez dakit aurten parte hartuko dudan, nahaste handia baita. Lehiaketa horretan parte hartzeko postua utzi beharrean nago, eta orduan alaba edo semeren batek jai eskatu beharra dauka bere lanean bertara joateko… Ikusiko dugu zer egin.

Euskal Jaiak direla aprobetxatuta buelta bat emango al duzu?

Bai zera! Eguerdirako nekatuta egoten naiz ni, etxera buelta, bazkaldu eta siesta!


Ondorioak:

  • Lana eta lurra. Batetik, aurreko belaunaldian hain sustraituta zegoen ohitura edo bizimoldea: arbasoek pasa dizutena (baserria, lurra, basoa…) berdin edo hobekiago pasatzea hurrengo belaunaldiei. 14 urtez geroztik ari da lanean Murgiondo, bai produktiboki, eta bai erreproduktiboki.
  • Lana eta familia. Bertan azpimarratzen du sendiak daukan garrantzia lana eta bizi-proiektua aurrera ateratzeko garaian, kontutan hartuta, oso maiz, senideak izan ohi direla lankideak. Zaila da, beraz, horrelako testuinguru batean, lana bera ohituta gauden ikuspegietatik aztertzea: ordutegiak, soldata, oporrak…
  • Ordiziako Azoka. Murgiondok ez zuen kapital bat jarri behar izan postuan izateko, postua utzi zuen bati erreleboa emanez hasi zen asteazkenero Ordizian lanean. Erreleboa hartu, lekukoa jaso zuen; ez zuen inbertsio altu bat egin behar izan barazki batzuk saldu ahal izateko. Asko aldatu da hori gaur egun, tamalez.
  • Eboluzioa. Murgiondok garai berrietara moldatzen asmatu du, eta axanparik gabe kontatzen du. Lehen erosketa gehiago egiten ziren azokan, eta familiak handiagoak ziren; orain, jende gehiago pasatu behar da berdina irabazteko, baina berak genero gehiago eskaintzen du. Baserritarra eboluzionatu da.
  • Siesta. Espainiarren ohitura izango da, baina redios, ze ohitura ona!
Mutiloako bi baserritarren gogoetak  Mutiloako bi baserritarren gogoetak  Mutiloako bi baserritarren gogoetak
baserria, Baserritarrak, euskal erroa, Euskal erroak, goieri, mutiloa, Mutiloako bi baserritarren gogoetak, ordiziako azoka
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude