Musua, tutorialik gabe
Musua, tutorialik gabe –
Emaize Sexologia Zentroak Alea agerkarian argitaratua.
Askatasuna behar du desioak; Miazkatu bestearen zaporea nahieran, horiek dira musurik onenak.
Gizakion baitan gozatzeko grina dago eta horretarako bide anitzak jorra ditzakegu, harreman erotikoak besteak beste.
Maitale ona izateko gomendioak ematen dituzten idatziak aspaldikoak dira, horien artean ezagunena Kamasutra. Bai jaun andereak, Kamasutra koitoaz aritzeaz gain, gozamen erotikorako garrantzitsuak izan daitezkeen beste jokoez aritzen da: masajeak, koskak eta musuak adibidez. Liburu honi beste batean ekingo diogu eta musuetan jarriko dugu arreta orain.
Zenbat urte pasa dira desioz jositako lehen musua eman zenuenetik? Zenbat musu eman dituzu geroztik? Elkarri emandako musu horiek gozatu dituzu? Noiz da musu bat arrakastatsua?
Ez dakit honi noizbait erreparatu diozuen, baina antza denez ondo musukatzen ikasteko beharra dugu. Hala dirudi behintzat youtuben kuxkuxean ibiliz gero, musuak modu egokian emateko tutorial anitz aurkitu baitaitezke. Uler genezake pubertaroan sartu berri dagoen gazte batek jakin-min hori izatea, baina 30 eta 45 urteko pertsonek behar hori izatea ez al da harritzekoa? Hau da zenbait kanaletara jotzen duen jendearen profila.
Adin horren inguruan luzaroko bikote asko apurtu ohi dira eta pertsona batekin ohituta egonda, berriren batekin ligatzerakoan ondo egingo dugun urduritasunak bultzaturik jo dezakegu gomendio bila. Baliteke gure bizitzan zehar izandako ligeak egun bakarrekoak izatea eta pertsona berdinarekin errepikatzeko aukerarik ez izateagatik kezkaturik jotzea. Bakoitzak arrazoi batzuei jarraikiz ekingo dio laguntza bilari, baina gure beldur, ezinegon edo arrakasta faltaren konponbidea kanpoan bilatzeak ez du gure barnera begiratzeko zailtasuna adierazten?
Pertsona horrek ez badu gurekin errepikatu nahi gure musuengatik izango da? Norbait gurekin gustura badago musuak elkarri hobetuko ditugu, ez da horregatik aldenduko. Bikote harreman luzea eta gero, berriak izango bagina bezala aritzeak ez du gure ziurtasun falta azaltzen? Batekin emandako musuak ez dira berdinak izango bestearekin, baina esperientziak badu balioa.
Gure zailtasunak, beldurrak, ezinegonak… ezagutzen ditugunean, hobetzeko eta ziurtasuna lortzeko bidean gaude. Eta barrura begiratzeaz gain, gure instintuan fidatzea egokia litzateke. Inork ez du master bat behar musu goxoak emateko eta tutorialek dioten pausuak eta moduak jorratzeak ez digu modu askean aritzeko aukerarik emango.
Erotikak desioan du oinarria eta desioak ez du arauekin funtzionatzen. Desioak askatasuna behar du, bai pizteko eta baita bestearekin gozamena bilatu eta disfrutatzeko ere. Elkar ukitu ezpainak, mihiak, miazkatu bestearen zaporea nahieran, horiek baitira musurik hoberenak.