Musika eskoletan epai bidezko egonkortasuna lortu dugu!

Musika eskoletan epai bidezko egonkortasuna lortu dugu! –

Gaur, prentsa deitu dugu administrazio publikoetan interinitatearekin egiten den gehiegikerari buruz hitz egiteko.

Musika eskoletan epai bidezko egonkortasuna lortu dugu!Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) 2020ko martxoan administrazioetan interinitatea gehiegikeriaz aplikatzeari buruzko epaia argitaratu zuenetik, asko izan dira gai horri buruz entzun diren albisteak eta zurrumurruak. Kasu askotan, informazioa nahasgarria ere izan da, orain arte, kontratu motaren arabera, laborala edo administratiboa, epaitegian bide bat edo bestea hartzen baitute finkotasun erreklamazioek.

STEILASek 2019an ekin zion Zerbitzu Juridikoen bitartez finkotasuna erreklamatzeko bideari, eta badira aste batzuk lan kontratu laborala duten langileen kasuetan aldeko epaiak lortu ditugula.

Udalen menpe dauden Musika Eskoletan eraman ditugun kasuetan, epai hauek mugagabe ez-finko bihurtzen dituzte lanpostu hutsak betetzeko interino kontratua izan duten langileak, gutxienez 3 urtez aritu badira. Aurrerapauso handia da lan-baldintzen hobekuntzan eta eskola horien kalitatean.

Aldi baterako iruzurrezko kontratazioetan (obra edo zerbitzu jakin bat) ere aldeko erantzuna jaso dugu, beti ere iraunkorrak diren premiak betetzen direnean edo 30 hilabeteko denbora-tartean 24 hilabete baino gehiago luzatzen diren kasuetan

Lorpen hori haien lan-baldintzak hobetzeko urrats garrantzitsutzat jotzen dugu, eta hori eskola horiek emandako zerbitzuaren kalitatea hobetzean islatzen da. Baina asko dago egiteko.

Itxaropen faltsuak sortzen ez jarraitzeko, garrantzitsua da zehaztea hobekuntza hori lortu dela kasu horietan udalekin edo patronatuekin sinatutako lan-kontratuak direlako, kontratu mota horretan lortu baita orain arte aurrerapen hori.

Ildo horretan, Steilasek ateak zabalik uzten ditu, eta gonbita egiten die musika-eskoletako eta haur- eskoletako langile guztiei, baldin eta 3 urtez, gutxienez, bitarteko lan-kontratuetatik hasi eta udalekin edo erakunde autonomoekin lanpostu hutsak bete arte izan badituzte, gure egoitzatik pasa daitezen, beren kasua aztertzeko eta, ahal bada, erreklamazioa izapidetzeko, irekitako bideari jarraipena eman ahal izateko.

Azken urteotan, gutxienez bi musika eskolatako kasu ugari eraman ditugu. Kontratuaren tipologia aldatzeak prozesu juridiko bat eskatzen du, eta bi kasuetan, Udalaren laguntzarekin, bertako eskoletako lan- baldintzak egonkortzea eta hobetzea lortu dugu.

Musika eskoletako kasua udalaren kudeaketa zuzena duten Udal Haur-eskoletara zabaldu daiteke, hauetako batzuek kontratu mota bera erabili baitute haien langileekin.

Hezkuntza Departamentuarekin sinatutako administrazio-kontratuetan finkotasuna erreklamatzeari dagokionez, etorkizuna ez da oso ona; izan ere, kontratu mota horietan orain arte egon diren epai guztiek ez dute aurrera egin eta auzitegietan aurkako epaia eman dute, bai Nafarroan, bai beste erkidego batzuetan.

Horregatik guztiagatik, mobilizatzen jarraituko dugu. Bai Estatuko Gobernuari, bai Nafarroako Gobernuari eta bai Udalei eskatzen diegu enplegu publikorako sarbidea arautuko duten lege eta dekretu berriak idazterakoan ez dezaten inor kanpoan utzi, eta orain lanean ari diren pertsona guztiak bertan gera daitezen, horiek baitira orain arte Administrazio Publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak aurrera atera dituztenak eta bigarren mailako langile gisa tratatuak izan direnak.

Administrazio guztien ardura da kalitatezko zerbitzu publikoen alde lan egitea.

Musika eskoletan epai bidezko egonkortasuna lortu dugu!