Oinordetza

Oinordetza –

Pello Otxandianok NAIZ-en.


Ez dakit nork jarri zuen zirkulazioan «errelatoaren bataila» terminoa, baina apustu egingo nuke kontakizun bakarra inposatu nahi duten horietakoren bat izan zela. Buelta bat emango nioke memoriaren lanketaren kontu honi. Ez daukat zalantzarik egia osoa atera behar dela argitara eta, egiaren alde bat edo alde baten egia isilarazi nahi bada, gure obligazio politikoa eta morala dela egia osoa, egia guztiak, mahaigaineratzea. Biktima guztiek behar baitute aitortza eta erreparazioa, eta ez baitago justiziarik egiaren zati bat ukatuz gero. Eta justiziarik gabe ez dago elkarbizitza demokratikorik.

Oinordetza
Arg: Jon URBE/FOKU/NAIZ

Baina «errelatoaren bataila» deitu den hori tranpa bihur daiteke, entretenimendu hutsala, edozein mugimendu emantzipatzailek beharrezkoa duen barne kontakizun etiko eta politikoaren eraikuntza oztopatzen duena. Uste dut ezkerreko independentismoak introspekzio ariketa bat zor diola bere buruari, ezinbesteko duela proiektuak eta mugimenduak etorkizunean iraun dezan. Borroka ziklo oso bat bete du, asko eman du: bizitzak! Asko utzi du bidean. Eta, bistan da, borroka ziklo hori ez dela inoiz amestu genuen eran bukatu. Bidenabar, aintzat har dezagun ezkerraren porrot historikoaren oinordeko garela, injustuak ginateke geure buruarekin euskal askapen prozesuaren bilakaera munduan gertatu denetik aparte baloratuko bagenu. Uste dut introspekzio ariketa hori emankorra litzatekeela, badauzkagu-eta irakaspen baliotsuak, badugu zer eskaini hurrengo belaunaldiei.

Esango nuke, modu kontzientean ez bada ere, ari garela langintza horretan azken urteetan. Baina errelatoaren batailara bultzatzen gaituztenean modu erreaktiboan erantzuten dugu eta, uste dut, nahi gabe, ondare emankor baten partez eramanezina den zama bat jartzen dugula belaunaldi berrien bizkar gainean: traizionatu ezin den esentzia sakratu bat. Oinordetza izan daiteke itoginez betetako etxe bat, edo izan daiteke lanabes multzo baliotsu bat belaunaldi berriek askapen prozesua urrunago eraman dezaten baliatuko dutena. Maila etiko zein politikoan inspiratzailea gerta daitekeen barne kontakizun bat: umila, zintzoa, barea, iraultzailea.

Errelatoaren bataila deitu den hori entretenimendu joko bat baino ez da, batere komeni ez zaiguna. Euskal gizartea beste frekuentzia batean ari da garai berri honetan, eta frekuentzia hori da sintonizatu behar dena. Termino politikoetan hiru dira iragan zikloaren ondarea ulertzeko gakoak: 1-Inkestek diote gaurko euskal gizartearen gehiengo batek ETAren sorrera legitimoa izan zen herri-erantzun gisa ulertzen duela modu batera ala bestera. Herri errelatoaren ikuspegitik funtsezkoa da hau, eta irabazita dago. 2-Estatuko indar subiranista guztiek eta espainiar ezkerreko sektore batzuek trantsiziotik eratorritako erregimena inpugnatu egiten dute gaur egun (78an ezker abertzalea bakar-bakarrik geratu zen posizio horretan), eta erregimena krisian dago. Ez da gutxi aurreratu dena. 3- Suntsiketa saiakera guztien kontra independentismoa bigarren indar politikoa da Euskal Herrian, goranzko joeran. Independentismoa gehiengoa da Katalunian. Indar subiranista progresistek jauzi kualitatiboak eman dituzte Europa mendebaldean azken urteetan. Sinn Fein lehen indarra da inkesten arabera Errepublikan zein Ipar Irlandan, Irlandaren batasuna inoiz baino gertuago ikusten du. Ez gaitezen despistatu.

Despistatu egin nahi baikaituzte, entretenitu. Euskal askapen mugimendua Euskal Herriari zor zaio eta euskal gizarteari hitz egin behar dio, umiltasunez, lasaitasunez eta poztasunez. Euskal gizarte honi, ez existitzen ez den beste bati. Euskal gizartearekin batera egin behar baita bidea. Eta bidea egon badago. Lanabes baliotsuz betetako motxila bat behar dugu oinordetzan, ez eramanezina den zama bat. Esentzia bakarra gordeko nuke nik: herriagatik eta herriarekin, beti.

Eta bizi indar: esperantza erradikala, etorkizunaren nostalgia.

Oinordetza Oinordetza Oinordetza

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.