Muralak zola bihurtu nahian

Muralak zola bihurtu nahian

Hormak zola bihurtu nahi ditu Arrasateko udaletxeak; hormak zola bihurtzen ari Donostiakoa. “Egunkaria“-ri papera debekatu ziotenean, porlanera eta kotoira jo genuen gure mezua islatzeko; eta beste mila adibide jar daitezke. Hedabide handiek isiltzen dutenaren bozgorailu izan dira hormak beti.

Muralak debekatu nahi dituztenak ez daukate inongo beharrik euren hiriko kaleetan “AHT Bai” dioten pintaketak egiteko. Ez daukate zertan “Euskal Presoak kristo etxera” idaztera atera beharrik, ezta “ke zikinak bira nazan”. Badauzkatelako hormak baino eraginkorragoak diren tresnak euren mezua etxe guztietara sartzeko. Guk ere bai, noski, baina muralak badu zerbait berezia. Lehenik eta behin herri honetan bizi dugun egoera anormala azaleratzen dute kaleetan, eta bestetik indar edo hauspoa ematen diote herri mugimenduari. “Free Derry” moduko gune batean sentitzen gara muralez inguratuta, borrokak nolabait, zentzu oso erlatiboan bada ere, askatu duen esparru batean. 

muralakmuralakLarunbatean Torturaren Aurkako Eguna izango da, otsailak 13. Bi egun lehenago Donostiako Udalak Mikel Zabalzarentzat egia, justizia eta erreparazioa eskatzen zuen murala ezabatu du. Iraingarria da, baztertzailea. Mikel Zabalza eta bere familiari oraindik azalpenak zor zaizkie, eta jasotzen ez dituzten bitartean zilegi da hormak hitz egitea. Estatuen biktimak ez dute aitortza bera jasotzen, horregatik behar dituzte hormak; eta horregatik zolak bihurtu nahi dituzte batzuek. Hormak gris bihurtuz normaltasuna helarazi nahi da; eta Euskal Herrian bizi dugun egoera ezberdinek gutxi daukete normaletik.

“Adierazpen askatasuna eta errespetuan oinarrituriko bizikidetza” argudio totemikoa darabilte Arrasaten pintaketak debekatzearen aldekoek. Udal batek norabide onetan lan egiteak ez dio mesederik egiten bizikidetzari, herritarren zati bat baztertua eta mindua sentitzen delako. Zarata ez da amaituko Arrasateko udalak belarrietarako tapoiak erabiltzeagatik. Donostiako Udalak Zabalzaren murala ezabatu du, baina Zabalzari egin ziotena ez zaigu ahazten. Pintaketak egiten dituztenentzat isunak aurreikusten omen ditu ordenantzak Arrasaten, baina ziur naiz isunak isun, gazte batzuk aurkituko dutela modua lau haizetara zabaltzeko oraindik oroitzen direla Mikel Zabalzaz.

Badirudi presoen argazkien aurkako gerrari lekukoa hartu nahi diotela udaletxe batzuetan muralekin. Zailtasunak zailtasun, presoen argazkiek bere tokietan jarraitzen dute oraindik ere. Muralak ere ez dira desagertuko.

Herriak ez du atzenduko.

muralak

Muralak zola bihurtu nahian