Motxila bete ilusio

Motxila bete ilusio –

Asko egin dugu eta asko egiten ari gara, baina azken urteotan ez goaz ondo. Sistemaren kanpo eta barne ebaluazioek, ofizialek eta hezkuntzako langileok egiten ditugunek erradiografia kezkagarria erakusten dute.

Motxila bete ilusio

Oporraldia pasata motxila bete ilusio bueltatzen ari gara eskoletara. Motxila horretan daude gure herriak merezi duen hezkuntza eraikitzeko gogoa eta hezkuntzako langileon lan baldintzak hobetzeko asmoak, lan baldintza onak, kalitatezko hezkuntzarekin lotura zuzena baitu. Hezkuntzako langileok, jabetzen garelako gure lana, jendarte berri bat eraikitzeko oso garrantzitsua dela. Hezkuntzako langileok plantilen egonkortasuna, ratioen murrizketak, ordezkapenak lehen egunetik egitea, formakuntza edo baliabide pedagogikoak eskatzen ditugunean, hezkuntza hobetzeaz ari gara.

Udaran zehar Euskal Herri eta mundu hobea eraikitzeko desio zein aldarrikapenak entzun ditugu, eraldaketa morea, berdea eta gorriaren koloreak ikusi ditugu Miarritzeko kontragailurrean, Tafallako auzolanean, Aste Nagusi Piratan, Amazonian edo Bilboko kaleetan. LABek haur eta gazteen ongizatea abiapuntu hartuta, hezkuntza sistema mugitzen ari den herri horren zerbitzura jarri nahi du, hezkuntzarik gabe ez dagoelako aldaketarik. Baina ez dugu inor engainatuko, arazo larriak ditugu hezkuntzan.

Asko egin dugu eta asko egiten ari gara, baina azken urteotan ez goaz ondo. Sistemaren kanpo eta barne ebaluazioek, ofizialek eta hezkuntzako langileok egiten ditugunek erradiografia kezkagarria erakusten dute: euskararen kalitate eta erabileran aurrera egin beharrean atzera egiten ari gara; euskal kulturaren transmisioa ezinezkoa da espainiar eta frantziar curriculum menpekotasunetik askatu ezean; klase sozial eta jatorriaren araberako segregazioa larriagotzen ari da; langileon ezegonkortasunak hezkuntza kalitatea asko kaskartzen du; sistema publikoa pribatizatzen eta zokoratzen ari dira;…Eta aurrerantz ematen ditugun pausu esanguratsuak ezerezean uzteko Espainiako Tribunalak eta Frantziako prefektura zorrotz ari dira lanean: sexuaren araberako sailkapena egiten duten ikastetxeak diruz laguntzea bermatuz; murgiltze eredua jo puntuan jarriz; Curriculumean euskal kulturaren transmisioa debekatuz; Frantziako bandera eta ereserkia ikasgela guztietan jartzea inposatuz…

Arazoak erronka. Arazoen zerrenda luzea da. Ikasturte honetan, arazoak erronka eta mehatxuak aukera bilakatzen saiatuko da LAB sindikatua. Aipatu bezala hainbat esparrutan ditugu arazo larriak, horrenbeste dira, arazoa sistema bera dela ondorioztatzen dugula. Horregatik, LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa aldarrikatzetik eraikitzeko pausuak bizkortzea jarri du erronka gisa, pausoz pauso sistema bera eraldatzeko. Gure proposamenarekin, Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen erreferentziak Espainia eta Frantzia izan beharrean beste leku batzuetan jarri nahi ditugu: Europan eta munduan eredugarri diren hezkuntza sistemetan; gure hizkuntzaren erabileran eta kulturaren transmisioan; hezkuntzaren bitartez zapaldutako klase sozialen aukera berdintasuna lortzean; pedagogia feministaren bidezko hezkuntza hezkidetzailean…Esaten ari garena ez da ameskeria, hau dagoeneko, Euskal Herriko hainbat ikastetxetan egiten ari dira, gure erronka da, gaur arraroa dena, bihar ohikoa bilakatzea, gaur alternatiboa dena bihar sistematiko bilakatzea.

Euskal Eskola. Euskal Herriko Hezkuntza Sistema, euskal herritarrok erabakitakoa, burujabea. Euskara eta euskal kultura ardatz izango duena. Horretarako, euskararen ezagutza eta erabilera bermatuko duen murgiltze eredua beharrezkoa da, ikasle euskaldun-eleanitzak hezteko. Era berean, eskolak euskal kultura transmitituko badu, Euskal Curriculumean, euskal kulturan ,ardaztua izan behar da, euskal jakintzatik abiatuz, jakintza unibertsalera bidea egiteko. Gauzak horrela, LABek ikastetxe guztietan, Nazio mailan zein administrazio autonomikoetan norabide honetan bultza egiteko deia egiten du. Bereziki EAEn ate joka dugun hezkuntza legea burujabea izan dadin eta «euskal» izaera izan dezan borroka areagotuko dugu; Iruñeako haurreskoletan euskarazko plazak murrizteko mehatxuari aurre egingo diogu; Nafarroko eremu «mixto» eta «erdaldunean» euskarazko lerroak irekitzeko borrokan jarraituko dugu; Ipar Euskal Herrian Ikastolak sustatu eta eremu publikoan murgiltze eredua hedatzeko lan egingo dugu…

Publikoa. Hezkuntzarako eskubide unibertsala bermatzeko modu bakarra publikotasuna da. Hezkuntza eskubide guztiak guztiontzat, aukera berdintasuna, inklusioa edo kalitatezko hezkuntza bezalako oinarrizko eskubideak bermatzeko, Euskal Eskola Publikoa ardatz eta lehentasun duen hezkuntza sistema da gure aukera… Eta oso urruti gaude horretatik. Sistema kapitalistaren kudeatzaile zintzo diren Estatuak eta administrazio autonomikoak, hezkuntza sistema publikoa txikitzen ari dira: inbertsio eta formazio falta, langileen egonkortasunik eza, hainbat zerbitzuren pribatizazioa, erlijio katolikoa mantentzea… LABetik argi diogu, Espaniar/Frantziar publikotasun parametroak ez ditugu onartzen, guk euskal publikotasuna borrokatzen jarraituko dugu, gure herriaren errealitatetik gure herria eta hezkuntza komunitatearen beharrak aseko dituen hezkuntza eraikiz. Zentzu honetan, klase eta jatorriaren araberako segregazioari aurre egingo diogu, Gasteizen eta Euskal Herri osoan, injustua eta lotsagarria da gertatzen ari dena. Kasu, egoera konponbidean jarri ezean, arazoa larriagotu eta betikotu egingo da. Sistema duala indartzen ari da, «publikoa pobreentzako eta pribatua besteentzako» estrategia antolatua du sistemak.

Komunitarioa. Behetik gora eraikia, herriarekin eta herriarentzat. Hezkuntza komunitatea eta auzo-herriaren inplikazioan oinarritutako eredua eraikitzeko apustua egiten dugu Herri Hezitzailearen filosofia errealitate bilakatuz. Eskolaz eskola Euskal Herri osoan eskola euskaldunak, feministak, inklusiboak, laikoak, parte hartzaileak, berritzaileak, burujabeak… eraikiz.

LABek ikasturte honetan gurea eraikitzeko auzolan erraldoia antolatzen jarraituko du horretarako prest dagoen ororekin. Ez da lan makala esku artean duguna, baina oztopoak oztopo ari gara eta egingo dugu!

Motxila bete ilusio
Motxila bete ilusio
Motxila bete ilusio
Motxila bete ilusio
Motxila bete ilusio
Ibai Redondo

LAB sindikatuko Hezkuntza arduraduna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude