Metempsikosia edo

Metempsikosia edo –

Lankide bat hil da, bat-batean, sintomarik ia gabe barrendik jaten zaituen minbizi horietako batek jota, gu baino bizpahiru urte gutxiagorekin. Heriotzak heriotza dakar burura, bukatu beharra, finean fina.

Metempsikosia

Gertuko norbait hiltzen denean oraindik meza entzun behar izaten dugu gehientsuetan; hileta zibilak ugaltzen doazela entzun bai, baina egon ez naiz bakar batean ere egon.  Nirea izango da lehenengoa, akaso. Edonola ere, mezetan apaizak dioena dioela, une egokia da norberaren sinismenak berpasatzeko. Beste aldeaz zer pentsatzen dugun gogoeta egiteko. Zerua eta infernua lekutan gelditu ziren niretzat, fede kristauak eskatzen zuena nerabezaroaren koherentziaz eta grinaz bizi nahi izatetik jainkorik ezara  igaro nintzen instant hartatik. Edo, zehatzago, agnostizismora, ezer ez dakidala, ezer ez dakidala baizik, aitortzera.

Eta, halere, pentsatzen dut zeinen egokia litzatekeen zerua eta infernua egotea. Ez norbera betiko lira jotzen aritzeko goiko paradisuan, baizik eta hau, hori eta hura jainko guztiz zuzenak nola epaitzen dituen ikustearren. CDRkoak benetan atentatuak egiteko asmo sendoa zeukaten ala estatuak independentismoaren inguru erradikalenak suntsitzeko tranpa bat izan ote da?

Halako piztiak izan ote litezke gure artean oraindik ere? Galdera erretorikoa da, noski, bizi izan ditugun hamaika urtek erakutsi baitigute baietz, hemen eta edonon, badaudela ideia batengatik hiltzen eta batez ere erailtzen dakitenak.

Beste aukera ez da hobea, ordea. Estatua bere osoan edo estatuaren estamentu batek horrela jokatzea, jendeari segadak ipintzea inoren eskarmenturako, hori bai handia! Eta, halere, neuk duda edukitzea bera adierazgarria da, bizi dugun demokraziaren alderdi ilunak oraino argitu ez diren seinale.

Honegatik, azken epaiketan egon nahi nuke korrespontsal, zuei zuzenean transmititzeko nola denon zergetatik aberastu direnak, nola umeak babestu behar eta bortxatu dituzten elizgizonak, nola errugabeak nahita hil dituztenak, nola diana euren buruaren gainean jarri dutenak, nola torturatzaileak, bahitzaileak eta era guztietako bortxatzaileak, nola gizarte osoak gezurretan eduki dituztenak Luziferrek eta bere deabruek sardeaz hartzen dituzten banaka eta binaka eta nola botatzen dituzten betiko surtara.

Metempsikosia ere ez letorkidake txarto, halakoak pizti pozoitsu batek irentsitako zomorro lirdingaren ahoan bizi diren bakterio kirastuetan berraragituko liratekeelakoan.

Elebakar gutxiago

Metempsikosia edo

Irakaslea, filologoa eta euskaltzaina. Araba.