Monpaseko paseabide aereoaren alde -Donostian-

Monpas - Monpaseko paseabide aereoaren alde -Donostian-Zoragarria litzateke paseatzea halako paseabide aereoan, 15 metro itsas gain, itsasoa bare, itsaso aztoratua. Zoragarri, Ulia mendiaren ikuspegia paseabidetik gaur egun itsasontzitik daukaguna. Zoragarri, Haize Orrazitik itsasaldeko paseabidea 700 metrotan luzatzea. Zoragarria, hiria erakargarriago egiteko, guri, eta barne eta kanpo turismoari. Eta horretatik bizi gara.

 

Ez dut esango lanak eraginik izango ez duenik Uliako hegalean. Hari josia joango da. Baina paseabidearen egitura josi liteke modu txukunean ere, Igeldo pean Txillidaren Orrazia(k) josi z(ir)en eran. Eta konparatzen jarrita, konparatuko nuke egitura honek izan lezakeen natur eragina guk hainbeste maite ditugun beste hainbatekin; azken batean, gu egiten gaituztenak. Haize Orrazia, Igeldo peko pasealekua, Gantxegiren plaza; Maskorraren hondartza ingurabidea; Pasealeku Berria Urgullen bueltan; Groseko hondartza berritua; Donostiako Zabalgunea bera, harresiak botata, Urumea eta itsasoaren arteko paduretan altxatua; Alderdi Ederren lautzea, muinoa eraitsita; Amara Berriko paduren desegitea; Loiolako erriberen okupazio berria; Alde Zaharrak Urgull pean eragindakoa; … Ordea, hori gara gu, ez? Zer da Donostia horiek gabe? Eta horien guztien aldean, eragin ekologiko txikia du Monpaseko pasabideak, Donostiako Zabalgunea eraikitzeko harrobitako erabili ziren Ulia peko labarretan. Konparatu bestela, Zarauztik Getariara edo hemendik Zumaiara doan ibilbide, denontzako ‘zoragarriaren’, eragin ekologikoarekin.

Eta nik ez dakit orain Donostiak, Gipuzkoak, Euskal Herriak balukeen dirurik halako obra bati ekiteko, edo hobe litzatekeen beste zernahitan erabili. Agian. Baina gauzak dauden-daudenean, inbertsioa Madrileko gobernuak zor digularik, guk beste zerbaitetan erabiltzeko eskatuko diogu? Beharbada, bankuei diru gehixeago emateko, ez? Utikan!

Hala eta guztiz ere ulertu nezake jendea kontra egotea. Gustuetarako, koloreak. Are Udal gobernuko Bildu guztia ere kontra, iragana iragana delako. Baina jada erabakia itxia dagoen kontu bat atzera bota aurretik (aurreko udalek erabakitako beste asko ere bota litezke, oraindik bukatu gabeak), ez litzateke aukera txarrena norabide demokratiko berrian, erreferendum/kontsulta egitea donostiarroi, ea baldintza horietan, dirua Madrili itzuli behar ote diogun. Donostiarrok erabakiz gero, onartu behar. Bi aldeetara ere.

Nik bitartean zoru gardendun paseabidea imajinatzen dut, airean, itsaso bi aldeetara, itsasoa azpian, Uliako mendi labarrak argiztatuak, Sagues bihurtu nahi dugun Euskal Zone gaztetik abiatuta…

P.S. Artikuluaren oso antzeko lehen bertsioa agertu da Irutxuloko HITZAn 2011-VII-27an (edo 26an).

Donostiako Udalak 2008an ateratako informazio / propaganda txosten polita “Monpaserako
pasabide ekologikoa”:

http://www.donostia.org/info/general.nsf/Files/Prensa/$File/FOLLETOMONPAS.pdf

Monpaseko paseabide aereoaren alde

10 pentsamendu “Monpaseko paseabide aereoaren alde -Donostian-”-ri buruz

  • “Zoragarria, hiria erakargarriago egiteko, guri, eta barne eta kanpo turismoari. Eta horretatik bizi gara…”
    Barkatu baina ni eta donostiar asko ez gara, zuk diozun bezala, turismotik bizi ezta beharrik ere. Donostiak ezin du jasan presio turistiko gehiagorik, bertakook behintzat lekua izan nahi badugu Donostiaz disfrutatzeko, ze azken boladan hainbeste turismo sustatu beharrez, azukre koxkorra uretan bezala desagertzen ari gara, eta belarria jarriz gero edozein paseo “zoragarritan” euskaldunak ohi baino indigenagoak ematen dugu, horrenbesteko globalizazioaren mesedetan. Turismo gehiagorik ez, mesedez. Eta ERROBI musika taldeak zioenez Ipar Euskal Herriari buruz:Zorigaitzez jauntxoak beldurrez TURISMOA nahiago…. hola segituz luza gabe, ez zaigu deus geldituko..
    EZ DUT BUKATU NAHI POXPOLIN JANTZITA TURISTENTZAT DANTZA EGITEN HAIEI KOMENI ZAIENEAN, ETA POR ZIERTO, OSO GAIZKI DANTZATZEN DUT…

  • Zirkulazioa errazteaz gain elementu arkitektoniko txit interesgarri eta erabilgarria ere bada erribera-aldean ezkerreko espazio longitudinalak bata bestearekin estetikoki eta praktikoki konektatzeko hala nola Naja Ripa eta Uribitartetik Abandoibarrarainoko bidean….3.- Orain dela bizpahiru urte jarritako hegalak eta estrukturak…Ibaizabal Nerbioiko eskuin bazterrean ere asken boladako egitasmo urbanistiko handien aldamenean eta hauen lagungarri modu apalagoan nabarmendu dira Abusu La Pena Areatza edota Campo de Volantin-eko berregituraketa eta konponketa lanak Deustuan Botika Zaharreko parkearekin bat egin arte. Inguruan duen zabalguneko beste eraikin eklektiko eta modernisten aurrean Udaletxea kasurako Club Nautikoak arkitektura arrazionalistaren parametroak ditu baina XX.

  • BittorHidalgo 2011-08-01 08:52

    Aupa, Edu!

    Eta guk denok desio dugun hiri eder hau, eta hiri eder honen inguruko turismoa, guk erabiliko bagenu Euskal Herri osoari, eta munduari, euskaraz bizi nahi dugun hiri bat erakusteko, euskaraz bizi nahi duen Donostia, nola izan gaitezkeen mundutar, euskaldun izanik…?

    Nik apustu hori egin nahi nuke

    Ondo izan

    Bittor

  • zakarias aiztierdi 2011-08-01 10:34

    pitzatuta behar duk egon hori ontzat emateko! eta zergatik ez egin uharte artifizial bat Zurriola parean, zoru gardenezkoa, txilaut musika eta maria lagun, bikain izango gaittuk! faborez, egin daitekeena eta zilegia dena ez dira gauza bera.

  • BittorHidalgo 2011-08-01 11:52

    Pitzatuarena, maitasunez, ez, Zaka? Pentsatzen diat …

    Ondo izan, kariñoz

    Bittor

  • Txikizio zerrenda amaigabea aipatu duzu. Igeldoko pasealekua, haizearen orrazia, kontxako pasealekua, paseo berria, Zabalgunea… Ez al da nahikoa? Porlana eta asfaltoa ez daukan gunerik ez al duzue utzi behar? Askotan irudikatu izan dut duela mende eta erdiko Donostia. Kontxa, pasealeku eta kotxerik gabe, zuzenean mendiarekin bat eginez. Zaratarik gabe, olatu hotsa bakarrik. Urgullpeko kaxkotik haratagoko osin lasaiak eta bertako bakea. Uztazue garatzen den apurra bakean! Donostia besteona ere bada eta!

  • Ni ere Mikelek proposatzen duen Donostiaren alde

  • Aitzol Azurtza 2011-08-03 04:07

    Ba ni Bittor Hidalgoren proposamenarekin ados nago. Antiguan hazi nintzen eta Haize Orraziak, Ondarretako ibilbideak, Loretopeak eta Mirakontxak haurtzaroan eta nerabezaroan poz hune asko eman zizkidaten, itsasoari begira (bare eta zabar zegoenetan) eta olatuekin jolasean edo olatuengandik ihesi. Monpaseko ibilbidea luzatzea ez zait zorakeria iruditzen, alderantziz, Donostiari beste ibilbide ikusgarri eta xarmangarri bat erants diezaioke.

  • Ni ez nator bat, diru xahuketa deritzot eta bere horretan ederra dena gure eskura jarri nahia -edo beharra dirudi- oinez ibiltzeko nahikoa leku badugunean dagoeneko Donostian. Diru xahuketa batentzat diru irabazia besterentzat…
    Ni ere Antiguan jaio, hazi eta hezia naiz. Haurtzaroan genituen txoko “basatiak” urbanizatu dizkigute (Loretope bera ere bai) ala urbanizatuko dizkigute, Aitzol jauna. Datozenek ere txokoak “basatixeago” ezagutzeko aukera izan bezate.

  • Aitzol Azurtza 2011-08-18 07:05

    MariJoxe: Mendeak dira Donostiak “basati” izateari utzi ziola. Antiguako lehen nekazal ustiakuntzak Erdi Arokoak omen dira, hiriari Nafarroako erregeak sortze forua eman zionerako 1180garren urtean Done Sebastiani eskeinitako baseliza zegoen egun Miramar Jauregia dagoen tokian, Urgull mendiko harresiak XVI-XVIIgarren mendekoak dira, Igeldo, Zubieta, Altza, Aiete, Ibaeta, Amara, Intxaurrondo… baserriz beterik zeuden orain gutxi arte (eta baserriak ez dira “izadi-basatia”, gizakiaren onurarako aldatutako izadia baizik)… XIXgarren mende amaieran Urgull eta San Martin auzoa lotzen zituen hondarrezko tonboloa lurrez bete zuten eta Kontxako badia sortu… Beraz, oso aspaldi luzea da Donostiako inguruneak “basati” izateari utzi ziola!