Mobilizazioak ezinbestekoak dira gure eskubideak berreskuratzeko

Mobilizazioak ezinbestekoak dira gure eskubideak berreskuratzeko –

Mobilizazioak ezinbestekoak dira gure eskubideak berreskuratzekoAzken hilabete eta urteetan pairatzen ari garen eskubideen gainbeherari erantzun sendo bat eman behar diogu. Aspaldidanik sektore publikoaren ahultzea begi bistakoa da; finantziazio publikoaren falta, lan-baldintzen okertzea eta, ondorioz, zerbitzu publikoen kalitatearen galera, administrazio guztietan errepikatzen ari den erradiografia bat da.

UPV/EHUko argazkia oso antzekoa da; finantziazio publiko faltak ateak ireki dizkio diru eta interes pribatuari eta errektoretza-taldearen aldebakarreko erabakiek eta negoziazio errealaren ezak unibertsitateko langileon eskubideak murriztu dituzte.

• Finantziazioari dagokionez. Unibertsitate Publikoak dituen erronkei aurre egiteko orotariko baliabide gehiago behar du; finantziaketa gora doala dioten arren, aurrekontu publikoetan Unibertsitate Publikoak duen pisua geroz eta eskasagoa da eta finantziaketa pribatuak,aldiz, pisu nabarmena irabazi du.

• Lan-baldintzei dagokienez, azken kurtsoan pairatu ditugun murrizketak itzelak izan dira:

    • Oporraldietako kanpus itxierek, aldebakarreko egutegi inposaketak ekarri dizkigu.
    • Erretiro akordioen aldebakarreko deuseztapenak, negoziaketa bitartez lortutako eskubide esanguratsuak galtzea suposatu digu
    • Irakasle ordezkoen kontratuen aldaketak langile hauen prekarizazioan sakondu du
    • Ikerlari gazteen soldatetan aurrerapauso esanguratsurik negoziatu ez izanak, langile hauen lan-baldintzen prekarietatea betikotzea dakar.

Hilabete hauetako murrizketak azken urteetan nozitzen ari garen eskubide galeraren bide beretik doaz. Ezin dugu ahaztu azken hamarkadan %20ko eros-ahalmenaren galera akumulatua dugula, lan-kargaren pilaketa urtez urte handiagoa dela eta gure lan-osasuna, inolaz ere, ez dagoela bermatuta.

Egoera honen aurrean ELArentzat ezinbestekoa da dinamika mobilizatzaile baterako borroka-espazioak piztea unibertsitatean. Ikasturte honetan ere horrela erakutsi dugu. Azken asteetan irakasle ordezkoen plataformak gatazka abiatu duenean ELAk jarrera aktiboa agertu du, aurreko hilabeteetan UPV/EHUko gobernu taldeak hartu dituen beste erabaki batzuen kontra nabarmen egin duen bezalaxe, erretiro akordioen haustura, adibide. Halaber, tamalez, unibertsitatean ez dira baldintzak ematen ELAk kontrabotereko dinamika bat bakarka eramateko. Horregatik ELAk, beti, konfrontazio eraginkor baterako prest agertu eta agertzen diren eragile eta sindikatuekin elkarlana sustatu du, eta sustatzen jarraituko du datorren ikasturteari begira ere, helburu nagusi batekin: Unibertsitateko langileen lan-baldintzen defentsarako mobilizazio-dinamika indartsu bati ekitea.

 

 

Mobilizazioak ezinbestekoak dira gure eskubideak berreskuratzeko

Mobilizazioak ezinbestekoak dira gure eskubideak berreskuratzeko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude