Mila aurpegiko borroka
Mila aurpegiko borroka –
Urriak 21 eta 22. Oraingoan, Castres eta Tolosa lotu nahi lituzkeen autobidearen obrak geldiarazteko deira goaz. Enpresa batzuen mesedetan eta biziaren kaltetan eraiki nahi duten hamaikagarren proiektua. Sentsibilizazio kanpainak, helegite juridikoak, gibelatze eta erreferendum eskaerak, zientzialarien iritziak, ekintza zuzenak… gaurko egunean denak alferrik izan dira. Kontra dagoen gehiengoak Estatuaren autoritateari men egin beharko lioke, uraska erraldoien, abiadura handiko trenaren edo harrobien kasuetan bezala. Badirudi azpiegituren metatzea biziraupen kontua dela mundu kapitalistaren gutxiengo ultrarentzat. Eta mekanika politikoa ongi olioztatua dute: faboritismoak eta presioak administrazioan, hazkundeari, demokraziari eta kalte-ordain neurriei buruz ele gezurtiak, eta mehatxu ekoterroristaren ustezko eragileentzat, debekuak eta tropen bidalketa masiboa.
Testuinguru arranguratsuaren gainetik, ongizate komunaren aldeko militanteen alorrean, antolaketa eta ekintza moldeak indartzen doaz. Notre-Dame-des-Landesetako ondarea eta Sainte-Solineko bateragunea ipar, belaunaldi gazteak dinamika bere egiten du. Bai, jazartzen zaion natura gara. Asteburu batez, laborari solidario baten zelai hutsa kanpamentu-base koloretsua bilakatzen da, karpa, kantina eta haurtzaindegi, biltzar, kontzertu eta mitinekin. Talde batzuek errepresioari eta biolentzia sexistei nola ihardetsi behar zaien jakiteko informazioa banatzen dute. Toki askotatik datozen milaka pertsona gurutzatzen ditugu, onginahi eta determinazio giroetan. Eta manifestaldi desberdinak une berean osatzekotan direlarik, bakoitzak hobeki komeni zaiona hautatzen du: familiarra, ofentsiboa, bizikletaz, bertako biotopoaren bisita egiteko, eta abar. Elkarrekin hartzen dugu abiada helikopteroen burrunba geldiezinaren pean, bereizten gara gero, eta arratsean berriz eginen dugu topo, lehen bilanentzat.
Mobilizazio herrikoi horietan, batasun, indar eta dibertsitate sentimenduak azkarrak dira. Manifestaldietatik batek mundrunaz estaltzeko suntsitu nahi duten etxalde desjabetu bat bereganatzen duelarik, inurritegia da berehala aktibatzen, fanfarre baten doinuak lagundurik. Garbiketa, arramoldatzea, apainketa eta barrikadak, batzordeen eraketa eta otordu inprobisatuak, eta lekuko elkarteen bozeramaileen emozioa agerian, etorri diren guztiei eskerrak emanez, denen artean borrokari hats berria eman baitiogu. Macronen eta Alderdi Sozialistaren ministroek nahi dutena erranen dute, ZADak gune alaiak eta bateratzaileak dira.
Baina dena tinkatzen da robot urdin ilunen etorrerarekin. Makilak, gas negar-eragileak, granadak, gomazko pilotak eta ibilgailu blindatuak. Eraso horietara ohitua dagoen manifestarien gehiengoak daramatzan babeskiak gauza gutxi dira armamentu konbentzionalari buru egiteko. Erretretak edo erregaien prezioen igoera salatzeko manifestaldietan, hala nola autoan zihoan gazte baten erailketan, gobernua bere herritarrak zauritzeko, hiltzeko prest ageri da. Uniformez jantzi indarrei bost axola zaizkie beroketa klimatiko ebidentea, GIECen gomendioak. Eta —elkarrizketa egiazki abia dadin— baretze eta obren gelditze galdekizunen aitzinean, prefetek etengabe probokaziora jotzen dute, lanen lasterrago joanarazteko erabaki faltsutuak hartuz.
Asteburua itxaropen eta herra artean bukatzen zaigu. Auto partekatzeak antolatzen dira, karpak biltzen. Halako topaketen antolatzeko boluntarioen esfortzuak miresten gaitu, eta aldi berean boterean direnen biolentziak astintzen. Datozen hitzorduak markatzen ditugu agendan, hemen eskualdeko koordinazioa, han manifa, aukerak oso zabalak dira. Kanpamentuaren lau bazterretan jendarmeek jarri kontrolen saihestea da azken zeregina.
Halako gertaldietatik irakaspenik ateratzerik bada, sistemaren gurpiletan benetako makilak jartzeko ausardia eta irudimena bizkortzean datza. Ekojestuak eta bestelako alternatiba proposamenak beharrezkoak badira ere, engoitik bukatu da erdipurdiko neurriak galdetzeko garaia. Itzultzeko bidean, lehentasunezko helburua lokalki irabaztea dela errepikatzen diogu elkarri, eta beharbada datorren hordagoa Bouygues multinazionala Marieniako lurretatik kanporatzea izan litekeela. Behar bezala presta gaitezen.