Izarrei negarra darie

Izarrei negarra darie –

Gau itxia da, eta etxetik atera behar izan du bonba hotsen mehatxuak aztoratuta, ikarak hartuta. Gaua da, eta bat batean, lehergailu izugarri batek gertu dagoen ospitalea suntsitu du. Dena da oihu, guztia negar, garrasi eta odol. Hildakoak nonahi, eta birrindutako eraikinen hautsa itsatsi zaio gorputzera, Mediterraneoko gau sargorietako izerdia lez. Ezin konta hilotz, ezin jaso gorputz.

Izarrei negarra darie
Arg: Alea

Terrorea nagusitu da ingurumari horietan zerutik ziztu bizian eroritako suntsipen arma ikaragarrien eraginez, eta gaueko izarrei negar odoltsua darie.

Erantzun hori omen egoera konpontzeko bidea, horrelakoa ei da eman beharreko erantzuna. Odola odol truk, eta armarik gabeko biztanleria babesgabea helburu.

Aurretik, herrikide diren beste armagizon talde batek sekulako triskantza eragin du mugaz bestaldean, preso bizitzeko ezarri dieten herrialde zatiaren harresiaren bestaldean.

Iritzi eta interpretazio ezberdinak egingo dira gertatzen ari denaren gainean, baina terrorismoa sustatzen eta praktikatzen duen estatu bat, populazio zibila etengabe bonbardatzeko erabakia hartzen duen estatu bat, gerran edo bakean bizi den, Gaza eta Zisjordania bezalako eremuetan urte luzeetan horrenbeste hildako eragiteko gai den estatu bat… estatu terrorista hutsa da.

Beste gizon armatuak ere terrorista izango dira, terrorea eta hildakoak erabili baitituzte beren egoera mahai gaineratzeko, baina Israelgo estatua, bere egitura guztiak han eta hemen baliatuz, urteak daramatza estatu terrorista izaten, izua barreiatzen, populazio palestinarra suntsitu nahian, eta beren lurrak bortxaz bereganatzen.

Izarrei odol negarra darie, eta malkoek gure bihotzak busti behar dituzte…

ALEAn argitaratua

Izarrei negarra darie

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude