Mikropolitika (Ixabel Etxeberria)

Mikropolitika

Ixabel Etxeberriak Kazeta atarian idatzitako artikulua dakargu hona.


MIKROPOLITIKA

Irakasleak gaurkotasunezko adibideak agerian utziz makro politikaren hainbat adibide agerian utzi ditu. Etxeberriaren iritziz, makro politika horri aurre egiteko euskarri eta ahal guti ditugun arren, proiektu tipien garaia da. “Bakoitza bere eremuan gure nortasuna bizirauteko proiektuetan lan egiteko” mementoa da.

Mikropolitika
Arg: Gaizka Iroz, Berria

Estatu Batuekin eta Kanadarekin komertziorako tratuak aipatu dira, kezkagarriak baitira. Izan ere, Europako merkatuan herri horietako gaiak hedatuko lirateke, besteak beste orai arte barneko ekoizpenentzat sortutako arauak errespetatu gabe. Horregatik, Walloniak Kanadarekiko CETA akordioari ezetza eman dio, bere burujabetzak eskaintzen dion eskubideari jarraikiz. Hori ikusiz, Guy Verhofstadt Europako parlamentuan liberalen buruak dio horrelako akordioak Europako konpetentzia bihurtu behar direla. Alegia Europari konpetentzia gehiago eman multinazionalek indar gehiago ukan dezaten, eta erabaki garrantzitsuak bakar batzuen artean har ditzaten Europako herritarrei inposatzeko.

Frantziako gobernuak bi aldiz 49.3 aukera erabili zuen lan kodigoaren erreformaren inposatzeko. Neurriak debate gogorrak sortu zituen, demokrazia hizki handitan aipatu zen, baina hala eta guztiz ere, legea pasa zen eta orai aplikatuko da langileek irabazi eskubideak zangopilatuz. Ezkerreko gobernuak hala agindu zuelako kapitalari indarra emanez. Bakar batzuen artean erabakitakoa aplikatzen da eta kitto!

Giza eskubideen eremuan, errefuxiatuen kasuan, Europa hetsia ikusi dugu, Frantziak ahal bezain pertsona gutxi errezibitu nahi zituela. Horrela gertatu da, jende gutxi errezibitu, Calais-ko kanpamenduaren hetsi, pantailetatik desagerrarazi. Ez dakigu norantz eramango diren milaka gazte, soilik gerlatik eta miseriatik ihesi joan direnak. Bi egunez prentsan aipatu ondoren gau ilun batean eroriko ote diren ez dugu jakinen. Gardentasunik ez dago.

Baina, politika aurrera doa. Lehia dago hamarkadatan politikaz bizi direnen artean. Ea nork hartuko duen tokia, programak baino gehiago, hautagaia baita garrantzitsua. Lehia itzela herritarren kezkei arretarik eman gabe. Komunikazioari erreparatuz, komunikazio onak emaitza ematen baitu hauteskundeetan. Politikaren amerikanizazioa, herritarren arteko antolaketaren desegitearekin. Ez dago diktadurarik orai arte ezagutu ditugun bezalakoak, baina bozkatzeak berak ondorio gutxi dituela nabarmentzen da, Europak erabakitzen baititu aurrekontuen nondik norakoak eta une honetan dirurik ez dago. Beraz, dirurik ez delarik kudeaketa gutxi dago, soilik aulki bat defenditzeko.

MikropolitikaEuropan jarritako helegiteari esker euskal presoak atera zirelarik poza sentitu genuen. Geroztik Europak gutxi egin du Euskal Herriko gatazkaren ondorioen kudeatzeko. Berriz ere, Frantzian betetako zigorra ez kontutan hartzea erabaki du Bilbaoren kasuan. Europa eta Frantzia bestaldera begiratzen ari dira.

Makro politikak gainditzen gaitu. Haren gainean eragiteko euskarri eta ahal gutxi daukagu bereziki Euskal Herri libre eta independentea lortzeko. Aldiz, proiektu txikien garaia da, alegia bakoitza bere eremuan gure nortasuna bizirauteko proiektuetan lan egiteko. Aukerak daude nahi heina, izan dadin ikastola sortzeko, pedagogia askatzailean eragiteko, bertso eskolan aritzeko, sagarrondoak hedatzeko lizeoaren alde, Ibon eta gaixorik dauden presoen askatzeko denak etxeratu bitartean.

Bakeaz asko hitz egiten da gobernua gerletan murgildua delarik, bitartean herria eraikitzen jarraituko dugu, gure tresnekin.

Mikropolitika

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.