Hizkuntzak gizakumea jan zuenekoa

Hizkuntzak gizakumea jan zuenekoa

Imajinazioa jostailu benetan txundigarria dugu eta gaur imajinazio ariketa txiki bat egitea bururatu zait, eta urruti joan naiz.

Izan ere, jostailu horrek ez baitu mugarik. Eta imajinatzen hasi eta eldarnio batean, hor ikusi dut nire burua, munduan beste asko bezala, alderdiari fidel eta urteetan egindako zerbitzuei ordain, eusko jaurlaritzako sailburu, demagun, Hizkuntza eta Kultur Sailean. Imajinatzen segitu eta nire lehenengo eguna ere imajinatu dut, demagun, goizeko zortzietan, nire bulego dotorean, sofa are dotoreagoan eserita eta bizkar-lekuan nire pisu guztiaz bermatuta. Zer egin? Nondik hasi lanean? Ez al naiz ni hizkuntza eta kultura sailburua? Zerbait egin beharko dugu, ba. Eta pentsatzen hasi naiz. Badakit areto handi-mandiotan askorik egiten ez den gauza dela, pentsatzea, baina ni nire eldarnioan, pentsatzen hasi naiz:

“Zer da hizkuntza?” Horrelako galderak egin beharrean bagara, malo. Espainolek edo ingelesek edo frantsesek ez dute horrelako galderarik egiten, beharrik ere ez dutelako. Horientzako hizkuntza arnasa hartzea bezalakoxea da gauza guztiz naturala, beraiekin, beraietako bakoitzarekin, batera toki guztietara joaten dena. Nola joango da ba inor bere arnasa propiorik gabe? Nork galdetuko du, ba munduan, arnasa hartzea zer den? Gurean, berriz, halako galderak egin beharrean bagara, arnasarik hartzen ez dugulako izango da edo arnasa hartzeko arazo handiak ditugulako, oxigeno falta, nonbait, eta arnasarik hartzen ez denean, kuidau…

Hizkuntza zer den galdetu behar badugu, beste aldetik, -filosofo jendea eta holakoak aparte utzita- ez dudarik egin, hori beste hizkuntza batetik begiratzen dugulako izango da beti edo gehienetan: gaztelaniatik edo frantsesetik begiratuta begiratu beharreko hizkuntza ez da inoiz gaztelania edo frantsesa izango, beste bat baizik, kasu honetan, euskara. Euskara da Saila deitzen dioten kristalezko kaiola arranditsuan sartu beharrekoa. Jontxo baina hori ez al zen, gurea? Hala esaten digute, bai, baina ikusten duzuenez bereetan, berez eta bular betean arnasa hartzen duten espainola edo frantsesa behar dugu, nonbait, itolarrian den gureari begiratzeko. Horregatik hizkuntza haiek ez dute Sail beharrik. Ez oso indartsuak direlako ez bada horiek nork beretik begiratzeko ez dutelako batere oztoporik. Eta horregatik dira indartsu. Hizkuntza Sailean zainketa berezietan dugun hizkuntza ez da inoiz begiratzeko dugun hizkuntza izango, ez da inoiz bizitzeko behar duguna izango. Hizkuntzak gizakumea jan zuenekoaBeste bat izango da beti, gure kasuan euskara, gauzakia ikergaia, objektua. Garen subjektutik kanpo egonda subjektu horretatik edozein gauzakiri begiratuko geniokeen bezala begiratuko diogu. Eta segitu dut pentsatzen, Sail honek objektuak objektu izaten segi dezan besterik ez du balio. Inoiz ez du subjektuaren osagai naturala izateko edo izaten hasteko lanetan batere lagunduko eta beraz objektua kondenatzen ari da santa sekulako objektu izan dadin.

Eta horratx zertara datozen orain arte Sail horretan izandako Hizkuntza Politika guztiak: Hizkuntza Sailaren helburua ez da arnasarik falta zaion subjektua biziberritzea, horrek objektuaren desagerpena lekarkeelako eta ondorioz, interesatzen zaienean ateratzeko daukaten jostailu indartsu baten bukaera. Horra ba ohar inportante bat ateratzeko: Euskaldun izan nahian dabilen gixajoak eta boterexka hauek daukaten helburuek ez dute batere zerikusirik elkarrekin.

Gauza bistakoa da boterexka horretan helburua ez dela subjektua salbatzea. Bestela boterexkako partaideek beraiek erakutsi beharko lukete beste inork baino lehen, horretan ari direla. Imajinatzen?: Lehendakaria, sailburu guztiak, legebiltzarreko batzar guztiak, diputazioetan, udaletxeetan euskaldunak euskaraz egiten eta beste guztiak kaskoak jarrita edo hortik aterata ere Real edo Eibar edo Osasunako jokalari euskaldun guztiak telebistan fitsik ere ez erdaraz edo literatura euskaraz egiten duten edo ezker abertzaleko webgune eta komunikabideetan sartu eta eu izeneko leihotxo malapartatua non arraio dagoen ibili beharrik ez izatea edo hauen mitinak hasi eta buka…? Eta segi imajinatzen, ni edo zu bezalako edozein, lanean, tabernan, kuadrillan, leitzen ditugun liburuak, egunkariak ibiltzen garen webak, ikusten ditugun telebista kateak…

Hori, lehenik eta behin subjektuak egiten du bere nahia hori delako, baina imajinazio ariketa honetan oraintxe esan dugun bezala, subjektua, lehendakariarengandik hasi eta edozein herriko bestetako azken txosnako azken parranderoraino baldin bada, boterexka hauetatik, hasi beharko genuke, orduan, pentsatzen, subjektuak bere nahia gauzatu ahal izateko zer behar duen eta horretarako behar dituen bitarteko guztiak martxan jarri, hori hala izan dadin:

Entenitu ez eta ikasteko irrikan dagoenari baliabide guztiak eman, haren nahia gauzatzeko; bestetik, ondoan duen subjektuari entenitzeko piperrik ere egingo ez lukeenari, oso modu demokratiko, didaktiko, diplomatiko eta solemne batez azaldu beharko lioke herri honen osasun demokratiko, bizikidetza, justizia, gizalege eta kultur garapenari dagozkion arrazoiak direla medioa, entenitzera ailegatzera behartuta dagoela eta horrekin batera maitasunez eskaini gure Sailak horretarako bere esku jartzen dituen baliabide guztiak. Bazterrean utzi gabe noski, sorkuntzak, hedabideek edo hezkuntzak duten itolarri latza behin betiko bukatzeko beharrezkoa diren neurriak hartzea bai eta ere itzulpen sistema sendo bat martxan jartzea, subjektuak premiazkoak baititu horiek guztiak bizitzeko, belatzak aire zabala nola. Boterexka honek, baina, berehala ikusiko luke Espainiak bere moldez eratuta dituen hiru probintzia baskongadila hauetarako, helburu horiei begira horrelako neurri ñimiñoena martxan jartzeko lehenbiziko saio herabeena ere, zasta, moztuko liokeela bidea, ezertan hasi baino lehen ere. Lasai, hala ere, Madrileko botereak eta boterexka hauek helburu berbera dutenez –subjektuari adarra jotzea eta objektuak kristalezko kaiolan segitzea- Ez dago arazorik. Espainian baino goxoago inon ez.

Gu, berriz, imajinazio-ariketa eskerga honen bidetik, hara zertara ailegatu garen: subjektua salbatu eta objektu desagertarazi egin dugu, azkar gainera. Fuera Hizkuntza Saila! ez al zen, bada, hori kontua? Ez, boterexka hauetatik ikusita kontua ez da hori. Lehen esan dugu. Eta orduan ze arraiogatik sartu ziguten “Gizakia helburu” leloa burmuinak leher egin arte aurreko legegintzaldian? Ez du, ez, ematen horretan dabiltzanik.

Hala ere atera dezagun guzti honetatik beste ohartxo bat: eztabaida antzua da norbanakoa edo boterexka, nor jarri aurretik. Norbanako gurdikadatxo batek euskaldun nahi duen subjektua dela erakutsi ondoren, boterexkak, etxetik hasita, guztia jarri beharko luke mahai gainean hori hala izan dadin. Horretarako dago dagoen tokian, boterexka. Espainian? Inposible. Kanpoan beharko.
Nire eldarniotik atera ezinik, hainbeste pentsatu ondoren erabakia eta dena hartu dut, eta sofatik altxa eta hemen esandakoa oinarri hartuta lehendakaritzara daramaten eskailera dotoreak hasi naiz igotzen, urgente, gure mandatari gorenari hartu beharreko neurri sorta zehatz azaltzeko deliberoa irmo hartuta.
Eldarnioa bukatzera doalako lehenbiziko keinuak egiten hasi zait. Bakarren batek esango du, eta kultura? Eta “lasai, gehiegi luzatu nahi ez, eta hori hurrengo baterako utziko dugu” pentsatu dut erantzutea. Baina azkenean beste galdera batekin erantzutea erabaki dut harroxko plantan: Ba al dago Idatzi honetan esandako zerbait kulturarekin zer ikusirik ez daukana?

Eta eldarnioak abandonatu nau, esnatu naiz, telebista piztu eta hor ikusi dut gure lehendakaria bere lehenengo elkarrizketa ETB2an erdara apainean ematen. Hizkuntza eta kultura sailaren bitartez zenbat gauza egin behar duten euskara biziberritzeko espainiera dotorez ari da azaltzen, hitz jario amaigabeaz.

Hizkuntzak gizakumea jan zuenekoa Hizkuntzak gizakumea jan zuenekoa Hizkuntzak gizakumea jan zuenekoa
Hizkuntzak gizakumea jan zuenekoa Hizkuntzak gizakumea jan zuenekoa Hizkuntzak gizakumea jan zuenekoa