Migrazioa, nahieran?

Migrazioa, nahieran? – 

Migrazioa, nahieran?

Duela gutxi, “Migrazioa? Ez, milesker” izenburuko artikulua agertu zen eta, bertan, gaiari buruz aritzeko “gaitz” eta “minbizi” gisako hitzak erabili ziren. Onargaitzak dira. Artikulua idatzi zuenaren defentsan, baten batek fenomeno orokor bat izendatzeko eta kapitalismoa salatzeko asmoz idatzi zituela esango luke, baina bistan da hori irakurri duen migratzaileak bere burua eta bere seme-alabak “gaitz” eta “minbizi”tzat jotzen dituela ulertu eta sentituko zuela. Bide horrek ez dakar onik.

 

Noren nahieran?

Artikulu horren jatorrian dagoen ondoeza ere bistakoa da, ordea, ez baita eldarnio baten emaitza hutsa. Wikipedian eta Gaindegian aski erraz kontsulta daitezkeen zenbakiek diotenez, Euskal Herrian bizi den populazioaren ehuneko zinez deigarria osatzen du kanpoan jaiotako biztanlegoak. Konparazio baterako, Europar Batasuneko 27 estatuetan atzerrian jaiotako populazioren kopuruak %7,5 eta %14-15 bueltakoak ziren 2018 inguruan. Euskal Herriaren kasuan, berriz, portzentajea %28,5 bueltakoa. Jakinminik lukeenarentzat, honela xehetzen da %28,5 hau: Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %43 euskal lurraldetik kanpo jaioa da, zehazki Frantzian; Hego Euskal Herrian, berriz, %27 da lurraldetik kanpo jaioa, zehazki, %16,5 inguru Espainiar estatuan eta, gainontzekoak, batez ere, Amerikan eta Afrikan.

“Herrialde garatu” deitzen diren horien artean, Australia eta Zeelanda Berria izango dira pareko ehunekoa daukaten estatu bakarrak, munduko antzeko beste gizarteetatik oso urrun. Diferentzia da Zeelanda Berriak eta Australiak immigrazio hau integratzeko aski egoera abantailatsuagoa dutela Euskal Herriak baino, ingelesa dutelako hizkuntzatzat eta autodeterminatzeko ahalmena ere bai; Euskal Herriak, berriz, justu kontrakoa.

Geroxeago, lehenengo artikulu hari erantzun-artikuluak argitaratu ziren. Eta horietako batek ondorengo izenburua zekarren: “Migrazioa? Nahierara”. Itxura guztien arabera, suminetik idatzitako izenburua, baina mamitsua, halere, “nahierara” horrek migrazioaren inguruko kezka ezberdinen koordenadak markatzen laguntzen digulako. Izan ere, migrazioa, noren “nahierara”? Migranteen nahierara? Harrera-herrien nahierara? Ala besteren baten nahierara?

Esango nuke artikulugilearen asmoa “migranteen nahierara” aldarrikatzea zela. Baina kontua da estatu eta naziotan adierazten den gizateria honek ez duela horrela funtzionatzen; eta ez du horrela funtzionatzen immigrazioaren auzia ezinbestean herrien autodeterminazio eskubidearekin batera agertzen zaigulako.

Xenofobiaren aurkako sentsibilazio lana beharrezkoa eta goresgarria dela, esan gabe doa. Era berean, ezin ahaztu “Migrazioa? Nahierara” aldarrikapenak ez duela esanahi bera hartzen estatu propioa duelako bere nahia libreki adierazteko aukera duen herri batentzat eta menperaturiko herri batentzat. Estatudun herri baten markoan nahi dugun bezain aldarrikapen aurrerakoia izango da, eta immigrazio politika gogorrei kontrapisua egiteko balioko du, agian; baina autodeterminazio eskubidea indarrez ukatua daukan herriari zuzentzen zaionean, barkatu baina, errespetu guztiz esanda, mezuak aurrerakoi izateari uzten dio eta itzelezko miopia, edo zinismo kanpoeder, edo menperaturiko herriarekiko xenofobia edota autogorroto trazak hartzen hasten da. Zergatik? Bada, inplizituki, menderaturiko herriari eskatzen zaiolako mehatxupean eragotzita daukan autodeterminazio eskubideaz ahantz dadila.

Eta autodeterminazio eskubideari garrantzia kentzea, herri izaerari garrantzia kentzea da eta, labur esanda, autodeterminazio eskubidea sistemaz eragozten zaion herriari, jakinaren gainean, beste inork emango ez duena eskatzea, abusatzea da. “Nahierara”? Zenbat izan arte? %50? %75? %90? Abuso bat da, hori planteatzen duenak badakielako kopuru hauek estatudun herri bati ezin zaizkiola errealismoz planteatu; bai, ordea, herri azpiratu bati irentsarazi.

 

Migrazioa demokrazia liberal parlamentarioetan

Mundu zabalean immigrazioaren gaia eztabaidagai da eta wikipedian “immigration to…” formatuko artikuluek adierazten duten gisan, naturalizatua dago. Serio jorratzen da, bai, munduko nazioentzat gai biziki serioa delako. Eta immigrazioaz aritzean herrien autodeterminazio eskubidea ez da ausaz atera dugun kontua.

Migrazioari buruzko gogoetetan indarrean dagoen markoetako bat (bada besterik) demokrazia liberal parlamentarioena da eta, bertan, aurrerakoi eta irekitzat jotzen diren ikuspuntu teorikoetan multikulturalismoa positiboki ulertzearen alde egiten da. Eta, ildoan, immigrazioaren gaiaz aritzeko orduan giza eskubideekin loturiko eta ezkondu beharreko bi printzipio dauzkagula nabarmentzea da ohikoa. Printzipio horietako bat migratzailearen beharra da; beste printzipioa harrera-herriaren autodeterminazio eskubidea.

Migratzailearen beharrak esan nahi du, maizegi, izan pobreziagatik izan jazarpen egoera bategatik, aukera hoberik ez dela izaten eta, hala, jatorrizko lurraldeak nola harrera-herriek behar horrekiko betekizun etiko bat dutela, giza-eskubideekin lotua, zeina baita, lehenaren kasuan, migratu nahi duenari lurraldetik irteten uztea, eta bigarrenaren kasuan, berriz, sartzen uztea. Eta, nolabait ere, bien kasuan, migrazioa bultzatzen duten faktoreen aurka egitea. Halaber, hainbat gauza inplikatzen ditu: adibidez, migrazio mota batzuk legitimotzat jo daitezkeen bezala (pobreziatik ihesi doazenak), beste batzuk ez direla legitimoak, hala nola besteren lurraldeak okupatzera joaten diren indar armatu eta funtzionarialak edota, Ipar Euskal Herrian nabarmenki gertatzen den gisan, lurraldea atseden-lekutzat bereganatu dutenenak edota harrera-herriari bizkar ematen diotenak.

Herrien autodeterminazio eskubideak, berriz, esan nahi du besterekiko errespetuaren abiapuntua norberarekiko errespetuan dagoela, esate baterako, internazionalismoaren sinesgarritasuna norbere nazioarekiko kontsiderazioan dagoen bezalaxe. Eta esan nahi du, baita ere, harrera-herriak halabeharrez datorrenaren eskaria aintzakotzat hartzeko betebehar etikoa duen hein berean, berari dagokiola harrera noiz, nola egingo duen kudeatzea, betiere giza eskubideak begiratuz, arbitrariotasunik gabe eta, noski, inor harresietan tiroz akabatu gabe.

Bi printzipio hauetan zeinek daukan azken hitza? Berez, elkar neurtzen dute, baina plano ezberdinetan funtzionatzen dute: migratzeko beharrari loturikoan norbanako migrantearen interesak dauka azken hitza, migratzea norbanakoen aukera (edo aukera eza) izaten baita. Autodeterminazio eskubideari loturikoan, berriz, harrera gizarteak dauka azken hitza, harrera egitea gizarte mailako kontua delako, parlamentuetatik ateratako legeen arabera begiratu beharrekoa.

Bi koordenada hauen artean ilunpeko zoko asko geratzen direla? Horixe baietz, sakon askoak. Baina jai dauka koordenada hauetakoren bat kenduta paradisua iritsiko dela pentsatzen duenak.

Eta, paradisua aipatu baitugu… zapal dezagun lur pixka bat orain: ba al zenekien badirela multikulturalismoarekiko eta immigrazioarekiko jarrera neurtzen duten mundu-mailako rankingak?

Bada, bai. Honela formulatzen dira ranking hauek osatzeko irizpideak:

1.- Multikulturalismoren onarpenaren legeztatzea.
2.- Multikulturalismoa eskola curriculumean sartzea.
3.-Hedabide publikoen jardunean “etnikotasuna” delakoa aintzakotzat hartzea. adierazpena sartu eta harekiko sentsibilitatea lantzea.
4.- Janzkerari, igandeko atsedenari buruzko legeei eta abarri buruz dagozkien salbuespenak legeztatzea.
5.- Naziotasun bikoitzaren onarpena.
6.- ”Erakunde etniko” delakoek antolaturiko jarduerak diru publikoz laguntzea.
7.- Zailtasunik handienak dituzten immigrante taldeen aldeko diskriminazio positiboa.

Arestian aipaturiko Australia, Zeelanda Berria, Kanada eta Estatu Batuak omen dira zerrenda honen lehen postuetan. Zein iritzi ote dute honi buruz, behiala herri arrunt izan eta, gaur egun, hurrenenez hurren aipaturik, gizarte horietako bakoitzeko populazioaren %3 (Australian), %16 (Zeelanda Berrian), %6 (Kanadan) eta %1 (Estatu Batuetan) osatzen duten “gutxiengo etnikoen” arteko azpitaldea osatzen duten horiek (maoriek, indioek eta horiek…)? Izango dute iritzirik. Nolanahi den ere, gu geurera: Euskal Herriaren immigraziorekiko portaeraren kokapenaz kezkarik duena, ez dadila horregatik gehiegi larritu, egon daiteke pozik, txapeldunik handienen pare eta aurrerago egoteko moduan gaude; autodeterminazio eskubidea eta estatu propioa besterik ez ditugu falta erabat parean egoteko.

Beraz, migrazioa? Euskal Herriaren autodeterminazioarekin, mesedez (eta bitartean, ahal den bezala, nahi den bezala ezin da-eta).

Migrazioa, nahieran?

3 pentsamendu “Migrazioa, nahieran?”-ri buruz

  • Autodeterminatzioa goiti edo beiti,Kampotik etorriko dira eta zure etxetik bidaliko zaituzte .Jada berandu gabiltza.
    Nik nahieran re-emigrazioaren alde.

  • Euskal Herriaren benetako arazoa ez da inmigrazioa (per se), ordezkapen etnikoa baizik. Desagertze-bidean den herria gara, geroz eta gutxiago gara, eta atzerritarrek okupatzen dute guk utzitako hutsunea. Horrexegatik da inmigrazioa kezkagai, desagertze-prozesu hori bizkortzen duelako hain zuzen. Eskubideen diskurtsoa oso ongi dago, baldin eta esentziala dena bermatua bada: bizitza, biziraupena. Ez da gure kasua.

  • Beñat Castorene 2022-11-08 10:37

    Egurrak arrazoi du: ” Arazoa ez da inmigrazioa “per se” absolutuan.
    Baina gure kasu berezian “ordezpen etnikoa”ren aurreko posizioa izan behat litzateke irizpidea edozein eztabaidatan. Bestenaz elkorren arteko eztabaida egongo da.
    Ordezkapen horren arriskua errealitatean ikusten dugun ala ez? Gustatzen zaigun ala ez? ekidinezina den ala ez?
    Nik ene herrian ordezpen hori ikusten dut eta erronka botatzen diot edozeini erran diezadala ez duela ikusten.
    Ordezpen hori ez ez zaut gustatzen,. Izan ere maite ditut hizkuntza, ezpiritua, bizi modu arrazoigarria, aitona amonen oroitzapena eta abar. Horien galtzeak izigarriko urriki sentimentua sortzen dit.
    Zorigaitzez ordezpen hori politikoki ekidinezintzat jotzen dut eta debrua ikusten dut ezin asmatuz zer soluzio estrapolitiko edo metapolitiko litzatekeen gure zibilizaziotik zerbait salbatzeko.