Mendian gora
Irakasle azkar, jakitun eta kuttun batek esan zuen behin gauzak ongi egiteko inork ezin duela espero besteek motibatzea, gakoa gogoa eta automotibazioa direla. Alegia, nork bere burua bultzatu behar duela gauzak ahalik eta hobekien egitera, gustura eta harro sentitzeko. Motibazioa barrutik daramala pertsona orok, edo eraman beharko lukeela.
Egia da, bai, “nork bere burua maitatzen ez badu, nork maiteko du?” esaldiak adierazten duen bezala, bakoitzak ez badu esfortzurik egiten pozik lan egiteko, besteek ez dutela miraririk lortuko. Autoestimuarekin eta segurtasunarekin lotura zuzena duen zerbait da. Ispilu aurrean jarri eta “Yes, I can” esatea, ozen eta tinko, ahotsari dardara egitea debekatuz.
Ekintzailetza bultzatzea atsegin dute batzuk, ez soilik enpresei bideratutakoa, norberaren bizitzarako ere balio baitu. Inspiratzaileak diren pertsona ugari daude inguruan; ilusioa pizten digutenak, ametsak betetzen laguntzen digutenak, proposamenak gogoz egiten dizkigutenak, eta garrantzitsuena dena: geure buruan sinestera behartzen gaituztenak.
Tamalez, badaude beste batzuk gogoak zapuztu eta ilusioak zapaltzen dizkigutenak. Automotibazio puntu gorenean gaudenean ostiko batez lurrera botatzen gaituztenak. Jakina, behean egonda oso latza dirudi mendi tontorrera ailegatzea eta berriz nekatzea egindako lan guztiaren ostean, esfortzua egitea alferrik dirudielako.
Zaila da, baina ez ezinezkoa. Geure burua gutxiestea egiten diguten horiek alde aitera bidaltzea da onena. Lurretik altxa, prakak garbitu, motxilan soberan dugun guztia belarretan utzi eta bideari berriz ekin, beharrezkoa baldin bada, makila hartuta. Goian egotean, pertsona horiei guztiei “egun on” esan eta irribarre egin. Goian gaude berriz, eta oraingoan ez gaituzte hemendik mugituko.