Estitxu Pinatxo Damba taldearen kantari berria

Hemendik aurrera Dambak kantari berria izango du, Estitxu Pinatxo, 24 urteko beratarra. Gaztea izan arren, ibilibide handiko abeslaria dugu Estitxu. 2013ko urte hasiera honetan, berekin kantuak egokitzen ari dira, baita berriak idazten ere. Laster izango da lan guzti horren berri sarean eta gure web orrian, eta eszenatokietan udaberritik aurrera, martxotik aurrera, hain zuzen ere.

Luis Puerto, Aitziber Estanga, Estitxu Pinatxo

Nafarroako Euskal Kantu Txapelketa irabazi zuen haur zein helduen mailan. 15 urte besterik ez zituela Egan taldearekin hasi zen Euskal Herriko herri eta hirietan jotzen. Bertan bere burua ezagutarazi eta EITBko Euskal Kanturik Onena saioan behin baino gehiagotan aritu zen baita disko hirukoitz bat argitaratu ere. Hortik aurrera kolaborazioak eta behin-behineko lanak bat bestearen atzetik egin zituen Josetxo Goia saxofonista iruindarrarekin lehenik, “Los pendientes de la reina – Emakume baten oroitzapena” kantu bilduman, eta geroago Edu zelaietarekin, Pettirekin, Hira taldearekin eta 2009ko Nafarroa Oinezeko kantuan, besteak beste. Joan diren bi urte hauetan telebistan ikusi dugu gehien bat EITBko Kantuan saioan eta Telecincoko La Voz programan. Orain neurri bateko egonkortasuna bilatzea erabaki du, eta horregatik du Dambarekin bat egin.

Taldearekin egindako lehen urratsekin pozik dago beratarra. “Argazki sesio baterako elkartu ginen eta oso ongi pasa genuen. Oso giro ona dagoela ikusi nuen, eta horri garrantzia handia ematen diot nik. Ordu asko konpartitzen dira lanbide honetan, ezinbestekoak dira giro ona, eta zergatik ez katxondeoa”. Ilusiarekin hartu du erronka berria. “Musikari bikainak daude talde honetan, eta profesionalez inguratuta egotean asko ikasten da”.

Taldeak oso estilo berezia dauka Estitxuren arabera. “Herrialde ezberdinetako, eta gainera beraien artean oso ezberdinak diren herrialdeetako musikariak daude, eta horrek taldeari kultura aniztasuna, eta musika sentitzeko eta bizitzeko era ezberdinak eskaintzen dizkio”. Taldearen filosofiarekin bat egiten duela uste du. “Musika alaia, dibertigarria eta festa girokoa egiten du Dambak, eta ni horrelakoa naiz, alaia, dibertigarria eta festazalea. Beraz iruditzen zait gainera primeran pasako dugula”.

Taldearen erreferentziak gustuko ditu, eta hemendik aurrera horrela jarraitzea nahi du, berak bere ekarpena eginez. “Espero dut edo gustatuko litzaidake sendotasuna eta sonoritate berriak ekarri ahal banizkie Dambako abesti berriei”. Lehen diskoan Miren Amurizaren kolaborazioa izan du taldeak, eta hemendik aurrera ere harekin lanean jarraitzea ez du baztertzen.

 

Damba Facebook

Damba Twitter

 

 

Xan Harriague

GAUZA AGERIA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude