Amets barik zer ginateke?

Aspaldiko lagun bat hartu dut esku artean goiz hontan, hemen beheko argazkian agertzen den koaderno marroixka bera, bai. Hautsez beteta aurkitu dut, ahaztuta, beste koaderno batzuen azpian koitadua, baina nire bidai lagun izan zen urte askotan, beti nire poltsan.  Argazkiari ondo erreparatuz gero beheko aldean “2006txik 2” dakar, urte horretan hasi bainintzen koaderno horren orriak konkistatzen, eta espero dut horren alboan izango den urtea zenbaki oso altu bat izatea.

kuaderno marroia

kuaderno marroia

 

Kolore alai bat izan zezakeen, esate baterako berdea, ene gustukoena, edota era txukunago batean atondu nezakeen horren azala, baita barnealdean txukun eta garbi idatzi ere, baina ez, hori da “nire koadernoa”, marroia, azala tipex-arekin egindako zirriborro kaotikoz apaindua eta barnealdea bapatekotasunez beteta. Burutik orrira, zirriborroz eta bukatu gabeko milaka proiektuz betea. Urteak pasa ahala koaderno politago bat erosi eta garbira pasatzeko tentazioak asko izan dira, baina modu horretan ez zen “nire koaderno marroia” izango.

Hamazazpi urte nituen bere jabe egin nintzenean. Izatez, batxilergoko ikasgairen baterako erosia izan zen, baina nahiz eta txikitatik idaztea gustatu izan, klasean ez nuen, bada, askorik idazten. Koaderno bat baino gehiago eguneroko baten antza dauka, nahiz eta egunean zehar egindako gauzen inguruko zerarik idatzi ez. Hala ere, idatzitako gehienak poemak dira, gertatutakoaren ingurukoak edota fantasia hutsak. Ametsak. Hau da, urte horietan nire egunerokoa zena, alajaina.

Nahiz eta koaderno horretan 2006an hasi idazten, orri solteetan gordetako nire idatziak berridatzi nituen bertan, lehen esan bezala umetatik izan baitut idazteko ohitura. Horren seinale da duela gutxi nire aitak bere armairu sekretutik atera zuen egunkari antzeko hura. Orri multzo koadernatu bat erakutsi zidan. Portadan Lekeitioko armarria –nola ez-, Euskal Herrikoa eta nire izena zekartzan, nahiko letra kaskarrez idatzia, egia esan. Barruan hainbat albiste dauzka idatzita, argazki eta guzti, aldizkarietako ebakiz beteta.  Argi geratu zitzaidan beraz, nire idazteko sen hori bokazionala dela, eta ez bestelakoa.

Koaderno marroia, “barrukua atarateko” dakarren hori, aztertzen pasatu dut goiz hau, eta izugarria da hasierako orrietako poema, marrazki zein idatzien eta azken orrietakoen aldea. Eboluzio antzeko bat nabaritu da.

Hasierakoetan nerabezaroko arazo eta inseguritateak ageri dira nonahi, azaleko kezkak, lehen maitasunak, ametsak…Eta nire imajinazioan beti borborrean izan den ametsetako baten inguruko poema bat aurkitu dut, guztiz, zeharo ahazturik nuena. Idazle izateaz hitz egiten du, noizbait nire idatziak liburu batean argitaratu eta jendeak irakurriko zuela egiten nuen amets, eta konturatu nahiz gaur egungo ametsa ere badudala.

Nahiko gaztea nintzenetik ikusten nuen zoritxarrez programaziotik kendu duten Sautrela literatur saioa, aita eta biok sofan esertzen ginen ordu erdi arinago eta han egoten ginen,  noiz hasiko zain. Egunen batean elkarrizketatua ni izateaz amesten nuen, egina dut inoiz horren antzezpena ispilu aurrean, sinetsi.  “Amets tontoa” pentsatuko duzue batzuek agian, haurra zarenean beste mota bateko ametsak izaten baitira normalean, ilargira joatea, futbolaria izatea…Baina bai, Hasier Etxeberriaren aurrean egotearekin amesten nuen nik, berarekin hizketan jardun eta ene liburua jendeari aurkezteaz. Eta espero dut, azken hori behintzat, noizbait betetzea.

Gogoratzen naiz, gurasoekin amets honetaz mintzatu nintzen egunaz, asko poztu ziren biak. Aita batez ere, liburu jale amorratua baita, ilusio asko egin zion. Hori dela eta, ariak mugitzen hasi zen, argitaletxe bateko zuzendaria ezagutzen baitzuen, eta harekin kontaktuan jarriz nire lanak bidaltzeko helbide bat lortu zuen. Bidali nituen ba, koadernoko lan batzuk helbide horretara, eta naiz eta ezer lortu ez, pozgarria izan zen. Oraindik heldu behar nintzen harren sekula ez etsitzeko eta ene horretan jarraitzeko esan zidaten, eta orduan berriro ere beraiengana jotzeko. Gehien gustatu zitzaizkien poemak zeintzuk izan ziren ere esan zidaten, estilo horretakoak oso onak iruditzen zitzaizkiela, eta azkenik, ze poeta irakurri gomendatu zidaten.

Azken gomendio hori ez nuen oso ongi ulertu, ez dakit horien esentzia hartzeko esan bazidaten edo zein izan zen beraien asmoa, egile horien idazkera eta nirea oso ezberdinak baitziren. Beraz, ez zitzaidan argi geratu balio banuen ala ez, baina pozgarria izan zen argitaletxe batek nire lanak irakurri eta ebaluatzea.

Horretan dihardut aspaldi honetan. Idazten eta idazten. Langabetua naiz, baita ikasgabetua ere, ikasgai bakarrarekin geratu nintzenez gero ez baitaukat zeregin handiegirik, hizkuntza eskolan ere ez baininduten onartu. Eta agin berriz joko dut argitaletxe hartara, nahiz eta ametsa betetzea zail ikusten dudan.

Baina beno, gauzak zerbaitengandik gertatzen direlakoan nago, agian ez dut sekula libururik argitaratuko baina ametsetik hurbilago sentituko naiz…

2007an idatzi nuen poematxo batekin uzten zaituztet, ea igartzen duzuen bere garaian honen bidez adierazi nahi izan nuena:

Bada ipuin batean
bizi den pertsonarik,
bere benetako izaera
ezkutatzen duelarik.
Hilda egon daitezke
bizirik daudelarik,
eta bizirik betiko
hilda egonik.

Ez daukate bizirik
ametsak baizik,
eta mundu bat sortzen dute
aurrekoa ikusi ez nahirik.
Ez dugu ezagutzen
beraien benetako aurpegirik,
ez dakigu nortzuk diren
beraien ametsetan murgildu barik.

Beraiengan pentsatzen dute
besteok alde batera utzirik,
ez dago beraiena baino
beste mundurik.
Esnatuko al dira
beraien lo zorrotik?
Ez al dira sentituko
apur bat galdurik?

Ez dago egun bat
pentsatzen ez dudanik
zer pasatzen den
beraien buruetatik.
Mundu hartan ba al dago
nolabait sufritzerik?
Eta ba al dago behin galdutakoa
berriz ere lortzerik?
Bakoitzak bere mundua du
edo denak daude baturik?
Zenbat galdera dauzkadan
erantzun gaberik…

Baina ideia nagusi bat
atera dut guzti honetatik:
beraientzako ez dagoela
esnatzea baino amets gaiztoagorik!!

On egin ;)

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara