Matrikula garaian, publikoaren alde

Matrikula garaian, publikoaren alde –

Atarian dugu 2023-24 ikasturterako umeen matrikula egiteko epea, ikastetxea aukeratzeko garaia, alegia. Prentsaurreko honek bi helburu ditu: ikasleen onarpen prozesu berriaz gure kezka adierazi, eta gurasoak beren umeak eskola publikoan matrikula ditzaten animatu.

ONARPEN DEKRETUA ETA AGINDUAK

Aurten araudia aldatu dute baina irakaskuntza pribatu-itunduaren aldeko planifikazioan oinarrituta jarraituko du matrikulazio prozesuak hezkuntza itunak blindatu baitituzte. Bestalde, zonifikazio berriak, zonalde handiagoekin, ikastetxeen arteko lehia sustatzen du eta ikastetxe ahulenak arriskuan ipintzen ditu, horietako gehienak publikoak.

Matrikula garaian, publikoaren aldeHezkuntza Saila lau haizetara goraipatzen ari den berrikuntzak, gehienez jota, egoera zaurgarrian dauden ikasle multzo bat, orain arte ikastetxe publikoetan matrikulatzen zena, ikastetxe pribatu-itunduetara bideratuko du, aldi berean diru eta baliabide gehiago ikastetxe horiei emango dielarik. Begi bistan dago horrek sistemaren pribatizazioa areagotuko duela.

Gainera, sare publikoa ahultzeak, D eredua ahultzea ekarriko du hainbat ikasle itunpeko A edo B ereduko ikastetxeetara bideratuko direlako, euskararen kaltetan.

1. Ikasleak banatzea: araudi berriak ikastetxe guztiek berariazko premiak dituzten ikasle-portzentaje bat hartu beharko dutela dio. Azkenean, Jaurlaritzak onartu behar izan du gizarte-justiziako arazo bat dagoela, segregazioa alegia, urteetan ez ikusiarena egin ondoren; baina arazoaren kausari aurre egin beharrean, sintomari baino ez dio heltzen. Sintoma da ikasleen banaketa onartezina bi sareetan, eta horren kausa irakaskuntza pribatu-itunduaren presentzia izugarria, ituntze-maila ia erabatekoa, eta bere praktika txarren gaineko kontrol falta.

Kontua ez da mota bateko edo besteko ikasleak banatzea, horrek dakarren estigmatizazio arriskuarekin, egungo eredu duala blindatzen jarraituz, baizik eta eskola publikoen sare orekatu eta indartsu bat eraikitzea.

2. Eskola plaza pribatu-itunduen gaineskaintza dago: Onarpen Dekretuan, Hezkuntza Sailak eskola-plazen gaineskaintza saihesteko asmoa adierazi bazuen ere, ondorengo aginduaren arabera pribatuaren eskaintza osoa mantendu du.

Horrek zuzenean kaltetu eta murriztuko du sare publikoa, plaza publiko berriak sortu beharrean, itunpeko sareari nahi adina hazten utzi zaiolako.

Benetan sinistuko balute eskola publikoak lehentasuna behar duela, ikasleen onarpena zonaldeko, auzoko edo herriko eskaintza publikoak egiten duen gelen arabera egin beharko litzateke, eskola-plazen eskaintzaren planifikazio arrazionalaren ondorio logiko gisa hezkuntza-itunak pixkanaka murriztuz, eskolatze orekatua lortuz eta ume guztien eskubideak bermatuz.

3. Ikasleak egunero garraioan, praktika jasangaitza: araudi berriaren baremoan hurbiltasunak garrantzia izan arren, bai pribatu-itunduko eskola-plazen gehiegizko eskaintza mantentzeak nola zonaldeak handitu izanak umeen mugikortasuna bultzatzen dute.

EGIN DEZAGUN PUBLIKOAREN ALDE, GURE ESKOLAREN ALDE!

Hezkuntza Lege berriaren zirriborroak sare publikoa eta pribatua berdindu nahi ditu “Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa” delako batean, biak maila berean jarriz. Berdinak izango balira bezala, finantzazio berbera izango lukete titularitatea bazter utzita. Hau da, jaiotza-tasak behera egiten ari den honetan, sare publikoa sendotu beharrean hegemonikoa izatera iritsi arte, eta pribatuarekiko itunak behar-beharrezkoa denera mugatu beharrean, berau babestu eta mantendu egiten du. Onartezina da.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok argi dugu. Apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren alde. Eta zalantzan dabiltzan familiei eta baita gizarte osoari ere, hezkuntza publikoaz harro egoteko arrazoiak helarazi nahi dizkiegu:

Harro gaude unibertsala delako: herritar guztientzat irekia eta doako den bakarra. Euskalduna delako: gaurko eta etorkizuneko euskaldunak hezten. Anitza delako: ezberdinen arteko elkarbizitza aberatsa egunero biziz ikasten delako. Inklusiboa delako: denona da, eta denontzat, inor atzean uzten ez duen eskola. Herritarra eta parte hartzailea delako, gurea, komunitate osoarena familia, ikasle, irakasle, eta langileena. Jasangarria delako: etxe ondoan egonik ingurunearekin guztiz bat egiten duelako, herri eta auzoak bizitzaz betetzen. Langileak kontratatzean berdintasuna, meritu eta gaitasuna dituelako irizpide.

Osasuna, zaintza, pentsioak, hezkuntza… zerbitzu publiko horien guztien kalitateak jendarte baten ongizate maila adierazten du. Euskal Herri osoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere, horiexek dira defendatu behar ditugunak, Hezkuntzan, Eskola Publikoa.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAN ELKARTUKO GARA: ZATOZ GUREKIN!

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA

Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Donostialdeko, Lasarte-Oriako plataformak; Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak, Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea eta Debagoieneko Goieskola; EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Abertzaleak, Ikama, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, STEILAS, CCOO Irakaskuntza, ESK

Matrikula garaian, publikoaren alde

2 pentsamendu “Matrikula garaian, publikoaren alde”-ri buruz

  • Badakigu, aspaldi jakin, zer diren euskal espainolak. Eskola Euskaldunaz Harro. Bestea Buesarena da eta.

  • Bi kontutxo: Bilbo Handi, behar da gero, horretan eskola publiko askotan A eredua nagusi da.
    Nonbait, ume euskaldun gehienak egoera zaurgarrian daude. Ez dut sinesten. Sinetsi ez, badakit ez dela horrela. Podemos, Ciudadanos bezalaxe, laborategi batean sortu zituzten euskal eta catalán independentismoa ahultzeko. Horiexek dira Euskal Eskola.
    Ren aldekoak. Ez duzu irakaslerik bertan ikusiko, lau majara baino ez. Eta Espainiako futbol kamiseta daraman hori, sekula ere lanik egin eta egingo ez duena, 500 urteko eskarmentua daukagu, egoera zaurgarrian omen. Boa txabal!