Matematikaren irakaskuntza eraldatu
Matematikaren irakaskuntza eraldatu –
Ikasle askori matematika ulertarazteko oztopoa antzematen da, arkatzarekin eragiketa mekanikoak egin ostean, nekatuta, irakasleari galdetzen dionean egindako eragiketak zertarako balio duen.
Edonola ere, badaude munduan matematikaren zentzua azaltzearen aldeko apustua egiten duten herrialdeak. Esaterako, hamarkada bat baino gehiago da Kanadako Estatuak matematika irakasteko modua eraldatu zuela. Izan ere, denbora gutxiago eskaintzen diote kalkulu-ariketak eskuz errepikatzeari. Horren ordez, tarte handiagoa eskaintzen zaio hausnarketa eta arrazoiketari.
Kanadako eredua aintzat hartuta, UNIBERTSITATEZ KANPOKO HEZKUNTZAN MATEMATIKAKO CURRICULUM BAT EGITEKO OINARRIAK izeneko txostenean, hainbat matematikatarik azaltzen dute ez dela arreta gehiegi jarri behar eragiketak nola egin behar diren azaltzeko. Aitzitik, matematikak zertarako eta zergatik erabiltzen diren arrazoitzera bideratu behar da ikasleria. Autoreek IKASLEEN EBALUAZIORAKO NAZIOARTEKO PROGRAMA –PISA- txostenaren marko teorikoaren ildoak jarraitzen dituzte. 2021eko PISAk adierazten du mundu errealeko problemak matematikara eraman behar direla. Izan ere, egungo ereduan, eskoletan lehenengo kontzeptu matematikoak azaltzen dira eta gero ikasleek egiten dituzte eragiketak. Beraz, arrazoibidea landuz gero, ikaslerian pentsamendu kritikoa garatuko da eta ondo oinarritutako erabakiak hartzeko ahalmena izango dute. Horrekin guztiarekin, ikasleek matematiken zentzua ulertuko dute eta logika matematiko batean komunikatu eta argudiatzeko gaitasuna izango dute.
Bestalde, UNESCOk MATEMATIKAREN IRAKASKUNTZARAKO EKARPENAK izeneko txostenean proposatzen du ikasleek duten interesekin lotzen diren egoera problematikoetatik abiatzea, matematikan duten errendimendua hobetzeko. Esaterako, normalean, egoera jakinik gabe ikasleei desbideratzeen kantitateen batez bestekoa kalkulatzea eskatzen zaie. Hala ere, hori eskatu beharrean, ikasleari galdetzen bazaio nor den Saskibaloi ligako jokalari onena datu estatistikoen arabera, egiten ari den eragiketarekin konektatuko litzateke. Ikasle batek partidako hiruko gehien dituen jokalariaren alde egin dezake beste batek berriz esan dezake jokalari horrek desbideratze gehienak dituena dela. Izan ere, gehiagotan bota du, baina gehiagotan ere huts egin du. Ondorioz, hausnarketak eta eztabaidak sorrarazten dituen ikasketa eredua ezarriko da ikasgeletan. Eredu horrekin ikasleetan motibazioa piztu eta pentsamendu kritikoa garatzen da.
UNESCOk, berriz, azpimarratzen du IKTak sakonki garatu behar direla matematikako arloan. Ildo horretatik, azken urteetan Interneten ezarri dira izaera hezitzailea duten hainbat aplikazio digital. Adibidez, geometria, aljebra edo estatistika lantzeko ospea hartu du Geogrebra programak. Aplikazio horrekin 3Dko irudi geometrikoak simulatu edo grafikoak sortzen dira. Ondorioz, era erakargarri batean geometria kontzeptuak landuko lituzkete ikasleek. Baina matematikako arloan konpetentzia digitala eraginkortasunez garatzekoirakasleen formakuntza ezinbestekoa da. Hain zuzen ere, irakasleek ziurtasunez erabiltzen jakin behar dute horrelako baliabide digitalak. Horretarako ezinbestekoa da irakasleriak formakuntza teknologiko etengabeak eta zehatzak izatea.
Laburbilduz, bizitzako kalkulu gehienak arkatz edo paperik gabe egiten dira. Matematika eragiketak egiteko, gehienbat, estimazioa edo kalkulagailua erabiltzen baita. Hala ere, ikasgela askotan, egunero egiten diren matematikako eragiketak lantzeko moduak ez dira behar bezainbeste jorratzen. Horregatik, beharrezkoa da txertatzea hezkuntza curriculumean matematikako arrazoiketa gehiago eta eskuko kalkulu gutxiago.