Maritxu, Uliako sorgina

Maritxu, Uliako sorgina –

Gaztea nintzela, XX. mendeko hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, maiz entzuten nuen solasgai, familian, lagunen artean, kalean… Donostiako Ulia mendian bizi zen Maritxu sorginaren aipamena. Ezaguna zen, miretsia eta maitatua. Kartak irakurtzen omen zekiela, etorkizuna igartzen zuela, eritasunak aurreikusten zituela, jendeak laguntzen zituela, biziki umila eta jakintsua zela… Hori dena, eta gehiago, izaten zen solasaldietan entzuten zirenak. Inoiz ez nintzen berarengana joan, baina aitortzen dut zenbaitetan horretarako gogo bizia izan nuela.

.

Uliako Maritxuren nondik norakoak

Maritxu, Uliako sorginaMaritxu Erlantz Maintz erronkariarra zen, 1908an Izaban sortua, eta gazte-gaztetik gauzak iragartzeko dohaina izan zuena. Bost urte zituela, irakasleak arbelean jartzen zituen eragiketen emaitzak berehalaxe igartzen omen zituen eta ikaskideei erraiten omen zizkien. Irakasleak harrituta zeuden, eta ez zuten ulertzen Maritxuk horrelakoak igartzeko zuen erraztasuna.

Gaztetan irakasle-eskolan aritu zen, eta 1936-1939-ko gerran, irakasle izan zen Irañeta herrian. 1938ko urriaren 7an, Giovanni Güller suitzarrarekin ezkondu zen, horrela Suitzako hiritartasuna erdietsi zuelarik. Orduz geroztik Maritxu Güller izan zen. Senarra harriturik zegoen emazteak zituen ahalmen paranormalekin, eta horietan sakontzen eta aberasten bultzatu eta lagundu zuen. Horrela Suitzan bizi zirela, Maritxuk grafologia, kiromantzia, esoterismoa eta psikoanalisia ikertu zituen. Alemaniera ere ederki ikasi zuen. Geroago parapsikologia ikasketak egin zituen Parisen.

Euskal Herrira itzulirik, Iruñean bizi izan ziren, eta bertan Gaztelu plazan zuten apartamenduan hasi zen gerrako kalteak sufritutako pertsonak laguntzen, etorkizuna igartzen eta kartomantzia praktikatzen.

1952an Güller senar-emazteak Donostiara aldatu ziren, Ulia mendixkako baserri batera. Hortxe, hasi zen berriz ere, kartak irakurtzen eta etorkizuna igartzen. Horrela jakin zuen, senarra 1957an hiltzekoa zela. Haren ospea, jadanik, Euskal herriko bazter guztietara hedatua zen. Orduan hasi zen jendea Uliako sorgina deitzen. Haurdun ziren emakumeak usaintzen zituen eta baita minbizia garatzen ari ziren pertsonak ere. Haren etxera jende ainitz joaten ziren, bazter eta klase sozial guztietakoak.

1972an, urte luzetan bereganatutako ezagupen esoterikoak ongi aztertzeari ekin zion, hainbat artikulu eta tarot plazaratu zituelarik. 1976an Tarot esoteriko handia plazaratu zuen, Luis Peña Longaren ilustrazioekin. Geroago 1982an, Euskal Herriko tarota eta Euskal tarot mitikoa plazaratu zituen. Aipatu lehen taroteko marrazkiak Alfredo Fermin Mintxok egin zituen eta Angel Elvirak egin zituen tarot mitikokoak. Hiru tarotak Gasteizko Fournier karta-argitaldariaren bitartez plazaratu zituen.

1993ko apirilaren 4an Donostian zendu zen, laurogeita bost urte zituela. Aipatu beharra daukat datu gehien-gehienak Auñamendi Eusko Entziklopedian Idoia Estornes Zubizarretak izenpeturiko artikulutik jaso ditudala.

.

Euskal Tarot Mitikoan azaldutakoak

1982an, nik hogeita sei urte nituela, Euskal Tarot Mitikoa ospetsu eta ederra plazaratu zuen. Nik euskal prentsan izan nuen horren berri, eta liburu-denda bateko erakusleihoan ikusi orduko, dendara sartu eta erosi egin nuen. Orduz geroztik, etxean atxikitzen dut altxor baliosa delakoan. Hogeita bi arkano nagusiz eta berrogeita hamasei arkano ttikiz osatua da, eta Angel Elvirak egindako marrazki zoragarriez ongi irudikatuak. Hortxe dira gure mitologian azaltzen diren pertsonaiak: Mari, Sugaar, Anbotoko Dama, Gaueko, Mairu, Jaun Zuria, Kixmi, Lur, Eguzki, Ilargi, Basajaun, Itzularri, Mateo Txistu, Balbe, Jentila, Lamina, Martinttiki… eta abar.

Txantxangorri koloretsuaz eta eguzki-lore ederraz apaindutako kaxatxo baten barruan dira karta guztiak, eta haiekin batera hirurogeita zortzi orrialde dituen liburuxka bat, Maritxuk idatzia, eta tarotari buruzko azalpenak ematen dituena. Liburuxka zabaldu orduko, Joxemiel Barandiaranen sarreratxo labur baina esanguratsua topatuko dugu: Euskal Herriko mitoen adierazpen sinbolikoa izugarri ongi irudikatua azaltzen zaigu Maritxuren tarot honetan. Berak erraiten duenez, tarota dugu gizakiaren ibileren kode adierazlerik hoberena.

Eta jarraian, tarotari buruzko hainbat azalpen eta gogoeta irakurri ahal izanen ditugu. Nik euskaraturik, horietako batzuk ekarriko ditut lerro hauetara. Hauxe da Izabako alaba gartsuari egiten diodan omenalditxo xume baina sentikorra.

Euskal Herriko mitoen aberastasun sinbolikoa tarotaren ikurrekin uztartzeko egin dudan ahalegin honetan, nire esker ona adierazi nahi diet euskal kulturako maisu handiei, Joxemiel Barandiarani, Julio Caro Barojari, R. Mª Azkueri eta, nola ez, Izabako Joxe eta Beñat Estornes Lasa anaiei, beraiek baitira euskal izatearen lorategi ederra hobekien zaindu dutenak.

Maritxu, Uliako sorgina

Sinbolismoa, tradizioa eta kultur erroak. Erronkariko sukalde zaharretan piztuta iraun duen su sakratutik ezagupen handiak jaso nituen. Kez beteriko horma zaharrak, sabai ia osoa estaltzen zuen tximini zirkularra, kebidearen izkinetan zintzilik izaten ziren lukainkak eta urdaiazpikoak, zezinak eta arrosarioak… ohiko irudiak izan ziren Erronkariko sukaldeetan eta nigan biziki oroitzapen sakonak utzi zituztenak. Tximini gainean baziren hainbat burdin eta horietatik dilindan ezartzen zuten, garretan gainean, eltze handia.

Jai egunetan erronkariarrek bertako janzkera klasiko eta aberatsa janzten zuten. Emakumeak buruko gorri ederrez janzten ziren, exorzismo baterako prest baleude bezala. Buruko horien kolore biziek eta jantzi osoan zehar ziren urrezko brodatuek sukaldeetako horma keztatuak are eta beltzagoak bilakatzen zituzten.

Aitanik, makila eskuan, eta beheko suaren aitzinean jarririk, euskal sinesmenetako ipuin eta istorio zaharrak kontatzen zizkigun. Mito eta kondaira haiek, sukaldeko giro berezi hartan, egiazkoak ziruditen, edota entzuten genituen haurrei horrela iruditzen zitzaigun, bederen.

Sinboloek iruditeria guztiak apaintzen dituzte: mitoak, arketipoak, giza egiturak… Mitoa oso kultur errealitate aberatsa eta konplexua da, hainbat ikuspegitatik interpretatu daitekeena, Mirce Eliadek ederki erran zuen bezala.

Euskaldunen mundu-ikuskeran ditugun oinarrizko pertsonaiak hauek dira: Lur jainkosa eta Eki (edo Eguzki) eta Ilazki (edo Ilargi). Mari (Lurraren pertsonifikazioa) dugu denon jainkosa, suzko gurdian zeruetan barrena ibiltzen dena. Badira lehen mailako pertsonaiak eta baita bigarren eta hirugarren mailetakoak ere. Galtzagorri dugu, agian, ttipiena orratz-kaxatxo batean bizi daitekeena.

Baditugu pertsonaia baikorrak eta ezkorrak, ongileak eta gaizkinak, arrak eta emeak, egunekoak eta gauekoak…, eta horiek denek euskal sinesmen zaharra osatzen dute. Joxemiel Barandiaranek erran zuenez, gure mitologian badira gurean sortuak diren jainko-jainkosak eta numenak, eta beranduago, hainbat kulturatatik jaso ditugunak.

Paul Dielen interpretazio etiko-psikologikoetan Greziako mitologiako pertsonaia bakoitzak bertakoen psikearen funtzio bat idurikatzen zuen, eta jainko-jainkosa eta jeinu horien arteko harremanak gizakion harremanen isla omen ziren. Harreman horiek bi norabideetara bidera zitezkeen: onuragarrira ala gaiztakeriara. Levi Straussen irudikoz, mitoa mintzaira berezia da, egonkorra, eragilea eta munduko lurralde guztietara zabaltzen dena.

Georges Dumezilek jainko-jainkosa indoeuroparrak hiru multzo handitan biltzea proposatu zuen. Multzo horien izenak: indarra, bortizkeria eta emankortasuna. Banaketa hau gizarte zaharren banaketa berberari dagokio: aztiak, gerlariak eta laborariak.

Platonen ustez, mitoa gizakion iritzia azaltzeko baliabidea da eta ez dagokio, inolaz ere, ezagupen zientifikoari.

Edozein interpretaziok gizateriak errealitateaz duen pertzepzioa ulertzeko balio du, irudimenaren funtzio sinbolikoaren baliabide baita. Ez du zientziaren egia bilatzen, haatik, biziki ongi adierazten digu hainbat pertzepzioren egia. Giza psikismoaren alde on zein txar guztiak ager daitezke, ongi azalduta, honelako adierazpen sinbolikoetan.

Mitoa sortze guztien eredu eta arketipoa izan daiteke, bai arlo biologikoan, zein psikologikoan, zein izpiritualean. Mitoaren xede nagusia gizakion ekintza garrantzitsu guztien eredua aurkeztea da.

Mitoa antzerki sinbolikoa da, gizakia iraunarazten duten barneko eta kanpoko indarren arteko talkan jokatzen duena. Etengabeko talka honek gizakiaren garapenean eta nortasun-hartzearen kontzientzian laguntzen du.

Hori dela eta, uztarturik azaltzen zaigu mitoa bizitzaren egiazko bidearekin, hau da, tarotarekin.

Tarota. Hauxe da karta joko zaharrena, sinboloz betetako mundua erakusten diguna. Ezin dugu mendeetan zehar helarazi digun irakaspen esoterikoaz dudatu. Taroteko irudiak estereotipoak dira, etengabeko mugimendua iradokitzen digutenak. Ez digute goitik ezarritako dotrinarik azaltzen, horrelako ezarpen guztietatik libratzen baizik.

Askapen horrek badu alde psikoterapeutiko bat, gure ahalmenak laguntzen ditu eta gure irudimena bultzatzen du. Ez da erraza erraitea zein den horren jatorria. Court de Gebelin izan zen, 1781ean, taroteko marrazkien indar sinbolikoaz ohartu zena eta horiek interpretatzeko hainbat teoria sortu zuena. Batzuen ustez, Txina zaharretik dator, besteen ustez, Indiatik, badira Egiptotik datorrela erraiten dutenak, edota alkimistek eta kabalistek sortua dela baieztatzen digutenak.

Tarotaren ikonografia Erdi Arokoa dela erranen nuke nik, kristau ikurrekin nahasirik gureraino iritsi dena. Erdi Aroak mnemotekniak bideratu zituen. Badira tarotaren ezaugarri mnemoteknikoak Raimundo Lulioren “Ars Memorandi”-rekin erlazionaturik egon daitezkeela erraiten dutenak (1410).

Esoterismoa gizateria bezain zaharra da, eta sinbolismoaren jatorria gure espeziearen hastapen berberetan bilatu beharko genuke, hau da, gure arbaso zaharren erroetan. Balia dezagun mito zaharren aberastasuna bizitzaren egiazko bidea urratzeko.

Gure oroitzapenetan bizi dadin betiko Maritxu Erlantz izabarra, Uliako sorgina deitzen zutena, eta proposatu zigun bide magiko-esoterikoak, sinbolismoz beteriko mitoak, gure urratsak norabide onetik bideratzen lagun gaitzan. Hala bada, hala bedi!

Maritxu, Uliako sorgina Maritxu, Uliako sorgina

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

6 pentsamendu “Maritxu, Uliako sorgina”-ri buruz

  • Bicain, Joseba. Anhitz esquer!

  • Maritxuk euskaraz ba al zekien? Hain aspaldi jaiotakoa Izaban… jakitez, erronkariera izango zen, ala?

  • Joseba Aurkenerena 2021-01-17 23:13

    Maritxuri egin zioten elkarrizketa batean irakurria daukat erronkarieraz ulertzen zuela eta zerbait bazekiela, aitani-amaniek Erronkariko uskaraz egiten baitzuten.

  • Baina orduan, erronkariera gurasoei ulertu bai, baina hitzegin ez, eta garai hartakoa izanik ez dut uste euskara batuaz edo hitz egingo zuenik. Gerora ikasi zuen? Iruditzen zait ezetz… eta horixe da inoiz inondik ulertzen ez dudana: emakume honek dioenez, euskal kultura baloratzen du; mitologia, Barandiaranez hitz onak… baina euskaraz hitz egiteko gai ez. Aldiz alemaniera menperatzen zuela irakurri dut. Horrelako kontuek españolez esaten den bezala, “txirriatu” egiten didate, ekuazioak ez du soluziorik.

  • Amonamantangorri 2021-01-18 01:38

    Oraindik ez zait argi gelditu zergatik den hain miresgarria eta goresteko modukoa, bere bizitza osoan inozoak engainatzen ibilitako pertsona bat. Minbiziak jotakoak artatzen omen zituen, hara, zeinen emakume maitagarria!

    “Batzuen ustez, Txina zaharretik dator, besteen ustez, Indiatik, badira Egiptotik datorrela erraiten dutenak, edota alkimistek eta kabalistek sortua dela baieztatzen digutenak”.

    Bai, eta baita ere badago dioenik lehen tarot kartasortak XV. mendeko Italiako goi-klaseetan aurkitzen direla eta XVIII. mendera arte ez zirela erabili aztikeriazko asmoekin. Beraz, ez India, ez Txina, ez ostiarik.

  • Nik ere badut Euskal Tarot Mitikoa etxean. 7 urte nituela aitak Durangoko azokan erosi zuen, eta geroztik nirekin batera daramat nire bizilekuetan barrena, Joxemiel Barandiaranen Obras Completas-eko Eusko-Folklore liburutzarrarekin batera.
    Nola amets eginarazi didaten!