Mikroipuina

Mikroipuina –

Gaur mikroipuin bat irakurriko dizuet, euskarara neuk itzulita. Edith Wharton idazlearena da eta bere idazlan ia guztiek bezala, irakurri ostean, barneratzea eta hausnartzea eragiten dizuna. Behintzat niri! Hona hemen:

Mikroipuina

“Bazen behin neskatila bat hain-hain azkarra zena, bere gurasoak beldur zirela ez ote zen hilko. Baina adineko izeba batek, Atlantikoa belauntzian gurutzatutakoa zenak, honakoa esan zuen: «Maiteok, utziozue ezkontzen maitemintzen den lehen gizonarekin eta, halako lelokeria egingo du, horrek ziur aski bizia salbatuko diola.»”

Beti iruditzen zait Edith Whartonek idatzitako hitzek beraiek kontatzen digutenaz haratagoko zerbait kontatzen digutela. Aldi berean, nahita edo nahi gabe, bere buruaz ari zaigula iruditzen zait. Bere lanek badute errealitatea islatzeko modu oso zuzena, sakontasun mikatza eta ironia fina. Gai batzuk bere garaikoak dira, baina badira pasarte eta ipuin batzuk gaur egungo gure bizitzaz ari direla diruditenak.

Bi esalditan hainbat gauza esaten dizkigula iruditzen zait: emakumeen egoera eta patua gizartean, esperientziak erakusten duena bizitzan, hiru belaunaldiren bizitzaren ibilbide eta ardurak… Bere idatziak bere garaiaren eta bizitzaren testuinguruan ulertu behar dira.

Edith Wharton (1862–1937) idazle estatubatuarra izan zen. Bidaiatua eta kultua zen. Familia onekoa, nahiz bere bizitza pertsonala ez zen beti oso erraza izan. Familiaren nahien kontra idazle egin zen eta 1921ean Pulitzer saria irabazi zuen: sari hori lortu zuen lehen emakumea bihurtu zen horrela. Bere lan ezagunenak “Alaitasunaren etxea”, “Inozentziaren Aroa” edota “Neskazaharra” eleberriak dira (filma gisa ere ezagutuko dituzuenak). Henry James idazle ezagunaren garaikidea eta laguna izan zen eta antzeko gaiez aritu ziren idazten. Bere garaiko gizartea begi kritikoz azaltzen du bere idatzietan eta emakumeak bizi behar zituen egoera (zailez) idatzi zuen.

Bere lanek, sarritan, arnas gabe uzten naute bukaeran.

Mikroipuina