Marijaia dela, gure Marijaia, Bilbora etorri da… Aste Nagusira!

Udalak eredu pribatu baterantzako joera agertzen duelako; Jai Batzorde Mistoa espazio informatibo hutsa bilakatu dutelako, Aste Nagusia kudeatzeko espazio gabe utziz; jaietarako aurrekontuak modu larrian murrizten direlako; konpartsak zigortu, antolatu beharreko ekitaldiak debekatu, eta konpartsa berriei muntatzeko baimena ukatu egiten zaielako; adierazpen askatasuna kolokan jartzen delako bere egikaritza murriztuz, edo murriztu nahiaz eta jai egutegia arbitrarioki aldatzen delako, interes politiko eta bestelako interes ekonomikoei jarraiki, Aste Nagusiaren ohiturei muxin eginez.

MzE0NA==

Adierazpen Askatasunean sinisten dugulako, konpartsen aniztasun koloretsuan, aurten KOLORE BELTZA gehituko dugu, ASTE NAGUSI BELTZA irudikatuz. Horregatik, txosnen kolorea, txupinaren eguna eta bestelako ekitaldiak beltzez azpimarraturik egongo dira aurten, jaia sustatu nahi dugulako, baina baita ere, Adierazpen Askatasunaren eskaria zabaldu.

Eta Abuztuaren 25ean, ASTEAZKENA, konpartsa guztiok PLANTOA egingo dugu, txupinetik txupinera, goizeko hamarretatik hurrengo eguneko goizeko hamarrak arte. Egun honetan konpartsak Aste Nagusiko argazkitik desagertuko gara, jai alai ta koloretsurik ez da egongo, ez lehiaketa gastronomikorik, ez xake txapelketarik, ez txosnarik, ez konpartsek antolaturiko kontzerturik, ez bertso bazkaririk… finean, ez dugu jaietan parte hartuko. Udalaren politikak garamatzan konpartsa gabeko jaiak nolakoak izango liratekeen irudikatu nahi dugulako, horrelako astakeriarik benetan gauzatu ez dadin.

Hala, PLANTO egunean 13’30etan udaletxearen aurrean egingo duten agerraldira gonbidapena luzatu digute Bilboko festez gozatuko dugun guztioi. Planto egiteko arrazoiez arituko dira eta beraientzat egun horrek duen zentzua argituko dute. Edonola, eta urtero legez, Bilboko Konpartsen egitarau zabalak festaz zipristinduko ditu gainontzeko zortzi egunak.

kazetaria-edo

Zer duzu buruan “Marijaia dela, gure Marijaia, Bilbora etorri da… Aste Nagusira!”-ri buruz