Manuel Iturriozen isiltasuna Melitón Manzanasen hilketaz

josebaelosegi

Orain dela urte pare bat, Alberdania etxeak Manuel Iturriozen memoriak kaleratu zituen: “Manuel Iturrioz, borrokalari baten bizipenak”. Niretzat eta, esango nuke, gehien-gehinentzat erabat ezezaguna zen pertsonaia. Azken finean, Manuel Iturrioz Gerra Zibilean gudari eta geroko mundu gerran Erresistentziako mugalari ibilitako pertsona arrunta baino ez zen izan. Horrelakoetan, balioa testigantzan bertan dago, lekukotasunean, gertaera ezagun bezain urrunei giza-ahotsa eta gertutasuna jartzean. Horregatik, are gogoangarriagoa da bere bizitzaren lehen zatiaren kontaketa, Orexa jaioterriko baserria utzi zuenetik Aldundiko mikelete bihurtu zen artekoa; alegia, nola igaro zen urte gutxian Peru Abarkarena ere izan zitekeen antzineko mundu batetik moderno eta industrializatua deritzogun gurera. Euskaldun askoren eta Euskal Herriaren beraren bilakaeraren adibide izanda, erdararen protagonismoa ere nabaria da bere kasuan, Manuelek  20 urte bete hizkuntza bakarra euskara izan arren, erdaraz idatzi bazituen memoriok. Gaitz erdi, Joxemari Iturrioz ilobaren itzulpen lana bikaina da. Ezuste atsegina, beraz. Baina liburua izpidera ekarri badut, ez dut gomendatzeko ekarri, bertan enigma txikia topatu dudalako baizik: zergatik ez dago inolako erreferentziarik Melitón Manzanasen hilketaz?

Aurrekariak argitu behar dira. Baserritar bizitza utzi eta lan bila handik-hara ibili ondoren, Manuel mikelete sartu zen. Egonkortasuna lortu uste izan zuenean, ordea, Gerra Zibila hasi zen. Orduan, gudari askok egin zuten ibilbide bera egin zuen berak ere, Dragoien batailoiko kapitain: Gipuzkoa galdu, Bizkaia galdu, Santoña, Frantzia, Katalunia eta berriro Frantzia. Argelès-sur-Merreko kontzentrazio esparrutik ihes egin eta azkenean Donibane-Lohizunera iristea lortu zuenean, handik gutxira, Alemaniak Polonia inbaditu zuen eta Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Pairatutako guztiak pairatu ondoren, Manuelek saltsa berrietarako gogorik izango ez zuela pentsatzea logikoena izan liteke, baina ez zen atzera erraz egiten zuen gizona, “pieza batekoa” baizik, ilobak berak esan bezala.

Mugaren alde batean Gestapokoak eta bestean polizia espaniarra eduki arren, Manuel bete-betean sartu zen Comète sarean pilotu aliatuak Frantziatik Espaniara pasatzeko. Erresistentziakoek Iparralderaino eramaten zituzten pilotuak. Manuelek-eta beraiekin Bidasoa zeharkatu, Aiako Harritik oinez mendian zehar eraman eta Oreretan trena edo autobusa hartzen zuten Donostiaraino. Bertan Erresuma Batuko kontsuluaren esku uzten zituzten pilotuak Gibraltarrera eraman zitzan.  Pentsatzekoa denez, era guztietako abenturak bizi izan zituen Manuelek, era guztietako arriskuak, naziengandik ihesi faxista espaniarren lapikoara, lapiko hartatik nazien sugarretan babes bila. Harik eta 1942. urteko egun batean Oreretan atxilotu zuten arte. Autobusean zihoan eta bi gizon ondo-ondoan jarriak zitzaizkion lehenagotik. Jaistean paperak eskatu zizkioten: “Dokumentu hau faltsua da, zu Manuel Iturrioz zara eta Gobernu Zibila eta Militarra zure bila dabil”, esan zion poliziak. Irungo komisaldegira eraman zuten.

Hurrengoa liburutik bertatik jaso dut:

“…handik ordu batzuetara bizitza osoan ahaztuko ez nuen bisita izan nuen, denbora mordoxkan izaera garraztu zidana. Ume aurpegia zuen polizia bat zen Melitón Manzanas. Guardiei biluzteko eta eskuburdinak jartzeko agindu zien. Egoera horretan lurrean zabaldu zuten ertz zorrotzeko hartxintxarraren gainean belaunikarazi ninduten. Ni etzanda jarri nintzen hartxintxarrak berehala larrutu baitzizkidan belaunak. Baina guardiek laster jarri ninduten belauniko Manzanasek garrasika edozein lekutan ostikoak jotzen zizkidan bitartean. Dena kontatzen ez banion handik ez nintzela bizirik aterako esaten zidan. Tarteka erori egiten nintzen eta zapaldu egiten ninduen hartxintxarrak nire azala urratzeko. Nire familia osoa handik pasaraziko zuen mehatxua egiten zidan. Nire arreba batzuen izenak aipatu zituen eta haietaz izugarrizko astakeriak esan. Ostikoak ematen nekatu zenean, lurrean odoldua eta mindua geratu nintzen. Berak orduan zigarro bat piztu zuen eta Erresistentziaz galdetu eta izenak eskatzen zizkidan bitartean, zigarroarekin min gehien egin ziezadakeen tokietan erretzen hasi zitzaidan. Mugarik ez zuen gizon odolzalea zen eta harekin gozatzen zuen. […] Ziegara sartu nindutenean nire buruari zin egin nion, handik ateratzea lortzen banuen, Manzanas hura akabatu egin behar nuela, kosta ahala kosta.”

Manuelek ihes egitea lotu zuen , eta ziegan egindako agindua betetzen ere saiatu egin zen, Hernanin prestatu zuen “ekintza” batean, hain zuzen. Tamalez, ez zuen lortu, eta Melitón Manzanasek ehundaka herritar tortutatzen jarraitu zuen hurrengo 26 urte luzeetan, Donostiako geltokian jendearen joan-etorriak zaintzen, bere eskuetatik pasatakoek eta pasatu behar zutenek ongi ikus zezaten. Mayor Orejak  “extraordinaria placidez” definitu zuen erdaraz. 2001. urtean Aznarren gobernuak “Real Orden de Reconocimiento Civil a las Víctimas del Terrorismo” delako domina eman zion.

Bigarren Mundu Gerra bukatu zen eta Manuel, harrezkero ezkondua, bizitza arrunta egiten hasi zen. Liburuan behar baino luzeago ematen da horren berri: zer-nolako komeriak izan zituen Frantzian paperak eta lana lortzeko, seme-alaben gorabeherak, familiarren gaixotasunak, Franco hil ondoren Donostian apartamentua ere erosi ahal izan zuela… Ez dago, ordea, erreferentziarik txikiena ere Melitón Manzanasen hilketaz, 1968ko abuztuaren bian ETAK Irunen bertan hil zuenean.

Ez dut Manuel Iturriozen isiltasuna ondo ulertzen. Konplexua dela uste dut.

Informazioa gehiago hemen.

Gonzalo Etxague

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

2 pentsamendu “Manuel Iturriozen isiltasuna Melitón Manzanasen hilketaz”-ri buruz

  • Luis Mendizabal 2013-02-25 12:05

    Bai, torturak jasan dituenak torturatzailearekiko ondorengo jarrera ulertzea konplexua dela garbi dago baina ez dugu ahaztu behar Manzanas hil zutenean, 1968an, errepresioa bizi bizirik zegoela eta “sekretak” non nahi. Eta Melitonen eskuetatik pasatakoak beldurra barru barruan zaramatela oraindik. Neuk ere ez nuen sekula jakin neure aitak zer izan zuen polizia-buru honekin. Hil zutenean, ezagutzen zuela esan eta poztu eta parre txiki txiki bat besterik ez zuen egin baina bere semeei ez zigun gehiago kontatu nahi izan. Guda garaiko belaunaldi harek sekretu asko eraman ditu beste mundura.

    • Hala da, Luis, baina beste gauza bat ere kontuan hartu beharko genuke: ezintasuna. Manuel Iturriozek 66 urte zituen Manzanas hil zutenean, bizitzaren gehiena pasata. Gerrako belaunaldikoei gerraren ondorengo etsipena “leporatzen” zaienean, ohiko erantzuna da ez zutela espero frankismoak hain luze jotzea, ia 40 urte. Oso zaila da Iturrioz batek zer pentsatu zuen asmatzea torturatzailea hil zutenean. Poza? tristurura? Amorrua? Ziur aski, dena batera, sentimendu korapiloa; horrenbestez, isiltasuna. Horregatik, azalerako argazki bila nenbilela, Joseba Elosegiren irudia topatu eta segituan aukeratu nuen, zergatik ere ondo ez nekiela. Baina ezintasun hori trasmititzen du.