“Maite ditugulako” dokumentala aurkeztu du Behatokiak
Gaur Hizkuntz Eskubideen Behatokiak “Duintasun bideak” bildumako dokumental berri bat aurkeztu du Iruñean, Golem zinemetan. Dokumental berri honek “Maite ditugulako” izena du eta Nafarroa hegoaldeko hainbat herritarrek beren seme-alabek D ereduan ikas dezaten nahi dutelako pairatzen duten diskriminazioa, eskubide urraketa, azaltzen du. Dokumentala ikusi ondoren, urraketa pairatzen duten eta dokumentalean parte hartzen duten gurasoek beraiek hartu dute hitza. Artaxoako Argi Rus-ek adierazi duenez, urte asko daramatzate beren seme-alabak beren herrian bertan D ereduan ezin matrikulatu eta horregatik, uda aurretik, Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo zuten pairatzen ari ziren eskubide urraketa salatzera.
Azaldu dutenez, beren seme-alabak egunero ehunka kilometro egitera kondenatuta daude D ereduan ikasi nahi dutelako. Aurtengo ikasturtean adibidez, 1.400 ikasle horiek guztira 5 milioi kilometro egin beharko dituzte orain dela 25 urte (1986an) onartutako lege batek, Vascuencearen legeak, beren herria eremu “ez-euskaldunean” dagoela esaten duelako. “Gure seme-alabek urtero milaka kilometro egin behar dituzte gure auzokideek beren seme-alabak, oinez, lasai-lasai etxe ondoko eskolara eraman ditzaketen bitartean. Zergatik? Ba gure seme-alabek hizkuntza bat ez, bi ikastea nahi dugulako, gaztelania ez ezik, Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ere ikastea nahi dugulako” adierazi du Rus-ek.
Guraso guztiek bezala, beren seme-alabentzako onena nahi dutela adierazi dute, etorkizunean bizitzarako, lanerako, aukera gehiago izan ditzaten, hizkuntzak ikas ditzaten nahi dute eta horregatik egiten dute D ereduaren aldeko hautua, gaur egun euskara eta gaztelania ikastea bermatzen duen eredu bakarra delako. “Bitartean ikusi dugu, inork eskatu gabe, Gobernuak gure eskualdean TIL eredua jarri duela martxan… Eta guk gure seme-alabentzat D eredua nahi badugu mugitu egin behar dugu, errepidean bueltaka ibili… zergatik?” galdetu dute gurasoek.
Dokumentalean parte hartu duen Mendigorriako Lurdes Mendibilek ere hartu du hitza eta beren herrian bertan haurrak gaztelaniaz matrikulatzen dituztenekiko pairatzen duten diskriminazioa agerian utzi du: “argi dago, guri ez zaizkigu gainontzeko gurasoei aitortzen zaizkien eskubide guztiak aitortzen”.
Hala ere, argi utzi nahi izan dute ere, beren herrikide eta auzokideen aldetik elkartasun handia jasotzen dutela eta oso babestuak sentitzen direla herritarren aldetik: “bidaiak ordaintzeko-eta hainbat ekimen eta jaialdi antolatu dugu eta guzti guztietan herrikideen, auzokideen laguntza handia izan dugu eta parte hartzea ere uste baino askoz zabalagoa izan da”. Aldiz, azaldu dutenez, agintarien aldetik ez dute babes bera jaso.
Azaldu dutenez, beren seme-alabak egunero errepidean jartzeak sekulako kezka eragiten die, kezka eguraldiarengatik, kezka istripu arriskuagatik eta kezka baita ere, bidaia horiek beraientzat suposatzen duten gehiegizko gastuagatik…
Aurten gainera, jasotzen zuten diru-laguntza eskasa ere kendu egin die Nafarroako Gobernuak eta hilabetean ikasle bakoitzagatik ordaintzen dituzten 600 euroak beren poltsikotik ordaindu beharko dituzte aurrerantzean. “Irtenbide bat nahi eta behar dugu. Irtenbide bat behar dugu. Negua iritsi baino lehen, gure seme-alabek errepideetan eguraldiaren eta bestelako arriskuak pairatu baino lehen, irtenbide bat exijitzen dugu” aldarrikatu dute gurasoek bukatzeko.
Gurasoek beren egoera azaldu ondoren Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Garbiñe Petriatik, hartu du hitza familia hauek pairatzen duten eskubide urraketa eta diskriminazioa salatzeko.
“Egoera hau onartezina da, nafar guztiek eskubide berak dituzte eta Nafarroan legea bera da eskubide berdintasun hori urratzen duena” adierazi du Petratik.
Behatokiko zuzendariak irakaskuntzaren eremuan edota haur eta gaztetxoen eremuan nazioartean indarrean dauden hainbat arau eta akordio aipatu ditu, besteak beste: Giza Eskubideen Deklarazio unibertsaleko 26.2 artikulua, zeinak hezkuntzaren helburua giza eskubideen errespetua indartzea dela dioen; edota Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituneko 27. artikulua, zeinak gutxiengo linguistikoek beren hizkuntza erabiltzeko eskubide aitortzen duen; edota Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituneko 2. artikulua, zeinak hizkuntzagatik bereizkeriarik ez dela onartuko ezartzen duen; edota Haurren Eskubideen Deklarazioko 30. artikulua, zeinak gutxiengoen haurrei beren hizkuntza erabiltzeko eskubidea aitortzen dien…
Garbiñe Petriatik salatu duenez “pertsona hauek, nafar hauek, urtero milaka kilometro egin behar dituzte, orain dela 25 urte onartu zen lege zentzugabe baten ondorioz, orain dela 25 urte onartutako lege horrek nafarrei Nafarroako hegoaldean Nafarroako berezko hizkuntzan ikasteko eskubidea ukatzen dielako”.
Behatokiko zuzendariak salatu duenez, Nafarroako hainbat familia egoera onartezina pairatzen ari dira, eskubide urraketa sistematiko onartezina eta Behatokiak, egoera hori salatzearekin batera, irtenbideak exijitzen dizkio urraketa honen arduradun nagusiari, alegia, Nafarroako Gobernuari.
Era berean, bideoa egin zutenean Nafarroako Gobernuak bidaia gastuen zati bat bere gain hartzen zuela zehaztu ondoren, aurtengo ikasturtean Gobernuak diru-kopuru murritz hori bertan behera utzi duela salatu du Petriatik.
“Pertsona hauen egoerari berehalako irtenbidea eman diezaion exijitzen diogu Nafarroako Gobernuari, bidaia gastuak bere osotasunean ordain ditzala eta era berean, nola ez, berandu baino lehen horrelako egoerak eragiten dituen araudia alda dezala” gaineratuz bukatu du Behatokiko zuzendariak.
Agerraldia bukatzeko, Behatokiko arduradunek dokumental berri hau “Duintasun bideak” bilduman kokatzen den bideo berri bat dela argitu dute eta aurrerantzean ahal duten guztietan eskubide urraketak bideo edo dokumental bidez salatzen jarraituko dutela iragarri dute. Aurrez egindako bideoak, “Maite ditugulako” dokumentala eta etorriko diren besteak www.vimeopro.com/duintasun/bideak atarian ikus daitezke.