Joxemiel Barandiaran eta aitz erroa

Euskararen Jatorria Elkarteak, beste batzuen artean, Joxemiel Barandiaran izan du gogoan Diman izan den eta etnografia landu duen 7. Biltzarrean. Ikerle honek planteatutako eta geroztik milaka aldiz eztabaidatutako gaiari heldu diogu, argitasun apur bat lortu nahian. Izan ere, tubalistatzat eta azientifikotzat hartu baitute orain ez denbora asko Euskal Herrian izan dugun etnologorik ospetsuena.

10 ikuspuntu aztertu ondoren, aitz erroa paleolito garaikoa izan daitekeela eta Joxemielek asmatu omen zuela ozenki aldarrikatu behar dugu, bere ikerle sena eta izen ona garbitzearren ez bada ere. Gainera, besteak beste, Antonio Tovar, Menendez Pidal edo Arturo Campion ere iritzi berekoak zirela esan beharra dago.

1. Antzekotasunaren printzipioa. Hizkuntzalaritzan erlazioak sortzeko erabiltzen den lehenengo araua da. Berez ez da bakarrik erabili behar baina bada azterketa bat egiteko lehenengo urratsa. Latinez pater eta gaztelerazko padre-ren arteko harreman hori antzekotasun printzipioa aplikatuta ikusi daiteke. Euskaraz ere aizkora, aiztoa, aitzurra, … hitzen eta aitz-en arteko antzekotasuna erabatekoa da eta beraz, hemen ere, antzekotasunaren legea aplikatu beharra dago, injustizia linguistikoan jauzi nahi ez badugu behintzat.

2. Euskarazko aitz errodun hitzak ez dira latinetik etorri. Sarritan entzun izan dugu, eta iaz gogoratu digute, aitz erroa duten euskal hitzak latinetik omen datozela. Hori esan duenak latin hiztegirik ez duela ezagutzen dirudi: aitzurra: ligo, bidentis; aizkora: ax, securis, asciola; aiztoa: ferro, culter, novacula; azkona: auge; azpila: bin, fossa, lacus; zulakaitza: dola tibi. Hau da, latinezko hitzen artean ez dago loturarik, ez dira familia berekoak eta ez dute zerikusirik euskarazko hitzekin.

3. Aitz errodun hitzen etimologien gardentasuna. Erro hau duten hitz gehienek etimologia argia dute, euskarazko hitz gutxik duten bezain argi. Esaterako aiztoa: aitz txikia (Naberan: aitz burua ere izan liteke); azpila: aitz biribila; aitzurra/atxurra: lurra (lantzeko) haitza/atxa (Naberan: lurra urratzeko haitza/atxa); aizturra: aitz-tur (Naberan: dorredun aiztoa?); zulakaitza: zulatzeko aitza; azkona: atx ona?. Ikusten denez, hitz gehienetan, etimologiak hitz hauen esanahia argitzeko lan gutxi egin behar izan du.

4. Asciola / aizkoraren eta beste hizkuntzen ATX (ACH-AX-AZ) erroarekiko antzekotasunak. Zalantzadun bikote bat dago: asciola eta aizkora. Bi hitz hauek konposatuak dirudite, luzeragatik eta lehenengo osagaiek beste hizkuntza askotan agertzen den ATX diruditelako. Adibidez, portugeseraz: mACHado; gazteleraz: hACHa eta mACHete; ingeleseraz: AX, AXe; italieraz: AScia ere; alemanieraz: AXt; sajoniera zaharreraz: ACHus eta AKus; frantsesera zaharraz: AXa. Edo antzeko hitz bat, opatxurra ingeleseraz: ADZ, ADZ; gazteleraz: AZuela. Eta aitzurra gazteleraz: AZada. Hitz guzti hauek ikusita, jarraikortasun bat ikusten da ATX, ACH, AX eta AZ erroen artean, asciola eta aizkora hitzaren lehenengo osagaiak izan daitezkeenak.

5. ATX eta AIZKORAren etimologiak. Aizkora izendatzeko Europako mendebaldean erabili diren hitzen eta euskarazko hitzaren etimologiek argiak dirudite. Batetik atx eta bere aldagaiak (ax, axt, axa, hacha…) atx (aitz) zati bat izan daiteke. Izan ere, gizakiak sortutako lehenengo aizkora horixe baitzen, atx zati bat, hobeto moztu ahal izateko inguruetan zorroztuta zegoena. Mendebaldeko toponimian eta terminologian ere horrela erabiltzen da gaur egun ere: atx (Atxarte, Atxuri…).

Bestetik, aizkoraren etimologia ere sinplea litzateke: aitz-ora (Naberan: oratzeko lekua duen aiztoa:) edo aitz-kora (lotutako aitza; korapilo hitzean bezala: kora + pilo). Etimologia bi hauek logikoak bezain sinpleak dirudite.

6. Genetika. Joxemiel Barandiaranek, bere ikerketen ondorioz plazaratu zuen teoria, hau da, euskal populuak hemen gutxienez 8.500 urte daramatzala baieztatu zigun orain 7 urte The Origins of de British idatzi zuen Stephen Opphenhaimerren lanak. Gainera epe hau 15.000 urtera luzatu zuen. Harrigarria izan da albiste garrantzitsu honek hemengo hedabideetan izan zuten oihartzun eskasa, gure historia idazteko urrezko informazioa eman ondoren. Teoria hau baieztatu izanak aitzen teoriari izugarrizko bultzada eman dio. Izan ere, euskaldunok milaka urte hemen bizi izan bagara, eta mendebaldeko Europa KEAL aterpetik  (Kantabria – Euskal Herria eta Akitania Lurraldeak) populatu bazen paleolito garaian, gure arbasoek hemengo hitza Europatik zabaldu zutela pentsatzea logikoa da.

7. Euskararen egonkortasuna. Euskal Filologiako zein beste filologietako irakasle askok hizkuntza guztiak, euskara barne, etengabe eta erritmo berean aldatu direla esaten dute, ziurtasun osoz gainera. Arabako Iruñako ostrakek teoria hau hankaz gora jarri diete eta, horregatik, zenbait filologok faltsuak direla esaten dute, eta ahalegin handiak egiten ari dira datazioak egin ez daitezen. Bitartean, mundu osoan hondakin arkeologikoak datatzen dituzte, aurkitutako gauzak baliagarriak diren ala ez ziurtatzeko.

Bai, badirudi euskara oso gutxi aldatu dela, eta, Arabako Iruñako ostrakez gain, badira horixe dioskuten beste adibide asko. Esaterako, Akitaniako orain 2.000 urteko hilarrien izenak: andere, bihoxs, bors (bost), hars (hartz), gison, laur (lau), sahar, nescato, umme... Edo Donemiliagan Rejan dauden orain 1.000 urte idatzitako Arabako herrien izenak, gaur egungo izenen ia berdinak direnak: Hazpurua, Haztegieta, Haizcoeta, Haizpilleta, Harrieta, Harriolha, Harrizavallaga…

8. Toponimia. Baina Barandiaranen teoria zuzena dela pentsatzeko argudio gehiago dago oraindik, ekialdeko aitz eta mendebaldeko atx erroez osatutako ehunka toponimo ditugulako: Atxarte, Aizkorri, Lemoatx, Udalatx/Udalaitz, Untzilatx, Akaitz, Allaitz… Toponimia zaharrenetan zaharrena dugu hizkuntzan eta izen horiek erromatarrek jarritakoak izatea zaila egiten zaigu, haiek gutxi zapaldutako eremuetan daudelako gainera. Hau da toponimia eta tresna hauen etimologiak bide beretik doaz.

9. Aizkorak, aiztoak… “aitzez” egiten dira. Joseba Lakarrak ere esana du Barandiaranen teoria ezin dela zuzena izan aiztoa, aizkora, aitzurra… harriz egiten zirelako eta ez aitzez. Baina ere hori ez da horrela, eta wikipedian bertan irakurtzen denez, hainbat material erabiltzen ziren tresna guzti hauek egiteko: harriak, obsidiana (aitza), silexa (aitza), etab.

10. Harri eta aitzen arteko lotura semantikoa. Eta aurreko puntuan esandakoa gutxi balitz, esan beharra dago atx/aitz eta harri hitzen arteko nahasketa semantikoa leku batean baino gehiagotan dagoela: arkaitza, Aiako Harriak (mendi bat da baina hala ere aitz erroaren ordez harriak du osagai gisa), Arriolatx, Pardarri, Arraitz… Beraz, mendi izen batzuetan harri izena gaur egungo aitza izendatzeko dagoela esan genezake. Eta silexa=sukarria ere badugu, harri osagaia badu ere, izatez, aitza da. Gainera, euskarak paleolito garaira eramaten gaituen beste hitz bat gehiago dugu, gure arbasoek sua egiteko sukarria erabiltzen zutelako, bere hitzak adierazten duen bezala.

Orain arte aipatutako 10 arrazoi hauek kontuan hartuz, logikoa da pentsatzea aitz erroa duten hitz horiek paleolito garaikoak direla eta euskarak bere horretan eutsi diela. Eta Barandiaranek seguruenik asmatu zuela. Eta hori horrela balitz, ondo legoke euskara batuan familia bereko hitz guztiak berdin idaztea, aitz ere hatxerik gabe alegia. (Artikulu honi buruzko eztabaida Euskonews-en ikusgai).

Irudia: Eusko Ikaskuntza

6 pentsamendu “Joxemiel Barandiaran eta aitz erroa”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2012-10-13 00:43

    1. “Hizkuntzalaritzan erlazioak sortzeko erabiltzen den lehenengo araua da”. Bi hizkuntzatako bi hitzen jatorri komuna FROGATZEKO bidea da “korrespondentzia fonetiko erregularrak” aurkitzea.
    Egia esan, antzekotasunak maiz engainura eramaten gaitu: Esate baterako, gaztelaniazko “mucho” eta ingelesezko “much” antzekoak izanagatik, ez dute jatorri bera. Aldiz, germaniarren “comen” eta erromantzeetako “venir”, antz gutxi edukita ere erro indoeuropar beretik datoz.
    .
    2. Honetan ixilduko naiz. Ez dakit askorik latinez.
    .
    3. Errodun hitzen etimologien gardentasuna: lehen puntuan esandakoari jarraiki, “etimologia gardena” ez da hitzen ageriko formarengatik ondorio azalekoak ateratzea: “etimologia gardena” litzateke arau fonologiko edo morfologiko batzuk bete direla esan ahal izatea eta “cognado” guztien konparaketatik (arbaso bera duten formen konparaketatik) protoforma bat berreraiki ahal izatea.
    .
    4. Ax, hacha, eta parekoen (eta metodo zientifiko estandarrarekin hain tonto jartzen diren filologo harroputz horiei sinestuz gero, aizkora-ren) erro indoeuroparra *H?eg?s-iH?- omen da (wikipedia). Artikuluaren egilea hortik has zitekeen, edo aipatu behintzat…
    .
    5. Alegia, Europa osoko erro horiek guztiak euskaratik sortu zirela, ezta? Ederki…
    .
    6. Uste dut lehengo astean, Koldo Mitxelena Katedraren III. Biltzarrean horren gainean hitzaldi bat eman zela, hain zuzen ikerketa genetiko horietatik ateratzen diren ondorioak zalantzan jartzen dituena. Santos Alonso: “Sobre los orígenes de la población vasca”. Laister argitaratuko omen da.
    .
    7. Euskararen Egonkorasuna: Irakurri faborez 1596an argitaratutako “Refranes y Sentencias” edo Johannes Leizarragaren “Jesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria” (1571), edo garai beretsuan idatzitako Perez Lazarragaren eskuizkribua. Ezin duzu esan ordutik hona euskara “gutxi” aldatu denik, eta kasu horretan bost mende besterik ez dira igaro.
    Hain zuzen, horregatik da Iruña-Veleian aurkitutakoa hain susmagarria: XVI. mendeko euskaran ageri ez diren gauzak baina XVIII. eta XX. mendeko euskaran erabat normalak direnak, dirudienez III. mendeko ostraka batzuetan aurkitzen ahal dira…
    .
    8. Dakidanagatik, inork ez du esan “haitz” latindar jatorrikoa denik.
    .
    9. Ez dut uste Lakarrak halakorik esan duenik. Haitza euskaraz harri-masa handi xamar bat ez al da? Tira, horrek ez du ezer frogatzen ez gezurtatzen.
    .
    10. Bai horixe, dudarik gabe haitz eta harriren artean bada lotura semantikoa, “txorixomutur” eta “txitxiki”-ren artean bezalaxe.
    .
    Azken ondorioa: “ondo legoke euskara batuan familia bereko hitz guztiak berdin idaztea, aitz ere hatxerik gabe alegia”. Ez dakit zer ikusteko daukan gauza batek bestearekin. H-a euskararen hots bat islatzen du, hots hori galbidean egon arren, eta ortografia batuan erabiltzen da Ipar Euskal Herriko tradizioan oinarrituz. Gustatu ala ez, etimologiak hor ez du deus pintatzen.

  • EuskararenJatorria 2012-10-13 17:52

    Amona maitagarria,

    Zinez poztekoa dun hire adinean ordenagailu aurrean, gaueko ordu txikietan, azken 30 urteotan Euskal Filologian irakatsi diren eduki batzuen aurka ikusten diren “erasoei” erantzuten ikustea.

    Zure adinean jakin beharko hukeeenez, errespetua gauza handia dun, lehenengo gizalegeetako bat. Hemen ez zegon ez “tontorik” ez “harroputzik”, gauzak argitu nahi ditugun gizalaba/seme batzuk baino.

    Aipatu ditunen puntu guztiei kasu gehiago egingo genieke, baldin eta, zientziarekin bat eginez, Iruña-Veleian aurkitutako grafitoak datatzeko Eliseo Gilek egin zuen eskaera babestu izan bazenuten. Orduan, zuen zientzizaletasun eta zintzotasunean sinistuko genuke bete-betean. Baina, Eliseok zientifikoki babesteko zituen aukera bakarrei (datazioak eta kata kontrolatuak egitea) ezetz esatea eta gero hedabideetan uko hori behin eta berriz defendatzeak erabat argitu digu zertan gabiltzan, bai grafito hauetan, eta bai bestelako gauzetan ere: “aitz”en kontu horretan, Euskal Filologian irakasten diren beste gauza batzuetan (aintzineuskera)…

    Batzuek filologia orain dela 30 urte genituen ezagutzekin egiten jarraitu nahi dute, azken hiru hamarkada hauetan ezer gertatu izan ez balitz bezala. Baina, sentitzen dugu, gauza pilo bat ikusi eta ikasi ditugu eta internet zoragarriari esker denon esku dago. Batzuek ez jakinarena egin nahi duzue hainbat aurkikuntza hauen aurrean baina, besteoak, dena entzuteko prest gaude.

    Datorren urtean datazioekin seguruenik Iruña-Veleiakoa argituko dinagu amona, eta beste hainbat gauza urteak pasatu ahala. Geroak erranen du!

    Genetika Europan
    http://euskararenjatorria.net/?p=5194

    Vennemann: hiru karreradun gizona (filologia, matematika eta filosofia), bizitza akademiko osoan AEBko unibertsitateetan, daukaten maila handiarekin). Hau da, irakurri beharreko pertsona, zinez
    http://euskararenjatorria.net/?p=5143

    Kalevi Wiik. Oso teoria interesgarria, gauza asko argituko lituzkeena
    http://iberaldea.es/genesis/la-lengua-mas-antigua-de-europa/

    Eta askoz gehiago daude baina, tira, hankaz gora jartzen ari direnez 30 urteotan irakatsitako hainbat gauza, hobe gorrarena egin.

    • Amonamantangorri 2012-10-13 22:53

      Lizentzia eskuratu nuenetik seguru asko hizkuntzalaritzan aurrerakuntza handiak egin dira, ez dut ukatzen. Eta gainera ez nintzen ikasle ona izan. Joxemiel Barandiaranen proposamen etimologikotik asko aurreratu da, Antonio Tovar, Menéndez Pidal edo Arturo Campionen meritu handiko ekarpenetatik bezala.
      .
      Txalogarria da erakusten duzuen kemena. Izan ere, zuen testuan ez dituzue bakar-bakarrik gure etxeko kontutxoak hizpidera ekarri, alegia, euskararen ustezko “(h)aitz-” erroa, baizik eta hizkuntzalaritza indoeuropearrean zabalki onartua dagoen hipotesia zalantzan jartzera iristen zarete, Europa mendebalde osorako “atx-” erroa proposatuz. Eta gainera bizkaieraren forma palatalarekin, hori ere bitxi askoa. Horrelako jendearekin altxatuko dugu Euskal Herria. Zorte on ba.
      .
      Iruña-Veleiaren kontuaz: “Z”-ak, euskara modernoaren artikulu singularrak, egipziar jeroglifiko faltsuak eta Porky txerritxoak alde batera utzita, gauza batekin ados: ez nuke egon nahi Eliseo Gil eta bere lankideen larruan. Haien karrera akademikoa bertan behera gelditu da, erabat argitu eta itxi gabe gelditu den kontu bategatik. Auzia azkeneraino ikertu eta argitu behar da, kosta ahala kosta.
      .
      Zuen webgunean saltseatzen ari nintzela, honako albiste hau aurkitu dut: “Euskal Filologian urduri: Nafarroako Iturrizar”. http://euskararenjatorria.net/?p=5564 Honelaxe dio azken parrafoan: “Seguruenik, Gasteizko Euskal Filologian urduritasun apur bat egongo da, Iturrizarren, 18 hektareako hiria izanik, grafitoren bat agertu daitekeelako. Ea zortea dugun eta zerbait agertzen den”.

      Filologia Fakultatean lasai egon daitezke. Uste dut Barcina andrea gauza dela Iturritza osoa suntsitu eta porlanez estaltzeko, haren ordez “Iturritzako Interpretazio Zentroa” edo holako zerbait erakitzeko-edo.

  • Euskararenjatorria:

    Hikaz hasi eta zukaz bukatu… Itxusi xamarra. Hika menperatzen ez baduzu hobe guztia zukaz idaztea

  • Atzerrian ainbeste interes pizten duen herri preindoeuropear honi buruz ainbat aurkikuntza berri eta teoria agertzen ari dira azken urteotan, eta hara non, ezer ikertzen ez dutenak, interes gutxiena dutenak, zerbait berria agertzen den bakoitzean poztu beharrean, ikertu beharrean ados ezpadaude, dena gutxieztu,daturik gabe ezezten saiatu etab. besterik ez dute egiten.
    Etzait arritzen euskaltzaindia hain ondo eramatea Real academia españolarekin, izan ere teknika bera erabiltzen dute haiek eta españiarrak. Gure herria ez da esistitzen, eta edozein ikerlari, historialari, zientzilari, genetistak ikurkuntza berri bat aurkezten duen bakoitzean “jaja bai zea, hoi ez da horrela” erantzuten duzue ikerkuntza irakurri gabe ere. Azken finean mezua betiko bera da, europako herri zaharrenak eta hizkuntza kulturarekin bizirauten duen preindoeuropear bakarrak ez du historiarik, ez gara esistitzen orain dela 500 urtez arantzago, (ezin dugu españia baino zaharragoak izan) eta asko jota latina bezain zaharrak. “Hunboldt, Estrabon ,Robespierrek puta ideaik etzuten” euskal herria ez da esistizen eta ez dugu historiarik ezta historia ikertzeko eskubiderik.
    Lengo astean Norbegiatik etorritako neska bat ezagutu nuen, bere bizitzan lehengo aldiz hona etorria, baina bere herrian euskera berea balitz bezela ikasia,izan ere kanpoan bertan baino interes handiagoa dago gure herriarekiko, eta arduraduna gure herriaren historia beti gutxiestu eta ixildu nahi dutenena da, edozein aztarna posible berri, edozein teoria, edozein ikertzuntzaren emaitzak, ez zaizkie gustatzen, solik dena gutxieztu eta ezer ez ikertu, ZE TEORIA, AZTARNA EDO IKERKUNTZA EDO AZTARNA BERRI HOIEK EZETU NAHI DITUZTEN HOIEK (AMONAMANTANGORRI) INOIZ EZ DUTE ESFORTZUK DEDIKATZEN IKERTZERA, GURE HISTORIA DESKUBRITU EDO ZABALTZERA,EZ EUREN LANA ARGI DAGO…………”HEMEN EZ DAGO EZER IKERTZEKO”.

    Aditu batek esan zuen, ezinezkoa da horrelako hizkuntza konplexu bat lau artzainek mendian sortzea…….(hala balitz ere, egia balitz, ni arro) baina gure historia ikertu eta ikasi nahi dugu, inork oztopo edo zentsurarik jarri gabe.

  • Zuzeun zentsura… guztia Podemosekoek berek diotena zabaltzeagatik. Inkisidoreak…