“Maistrak zigortzen ninduen”

TitleZorionez maistren zigor fisikoak jasan ez dituen belaunaldikoa naiz. Horregatik, Xabier Mikel Errekondok bart Espainiako Kongresuan egindako antzezteak arreta piztu dit. Han, gurasoei, eta hemen, liburuetan, jakin dut eliztiarrak zirela garai hartako hezkuntzaren jaun eta jabe. Erregimenaren berunezko dorreak, haur setatiak kontrol ideologiko eta moralean hesituta izateko figurak. Zigorretan antza ez zegoen muga handirik: ipurdikoak, erregelarekin kolpeak… Gurasoen jarrera ere gaurkoenen aldean ezberdina omen zen. Erruduna beti zen haurra, irakaslea ez obeditzeagatik, eta zigorra merezitakoa.

Zein izaten zen zigorraren kausa? eta zer nolako zigorrak jasaten zituzten ikasleek? Ohikoa al zen?

Hau gaiaz hitz egiteko foro onena den zalantzan dudan arren, gustura irakurriko nituzke urte haiek haur zirela bizi zituztenen oroimenak. Mundua dago oraindik gerra osteko garaiari buruz kontatzeko, baina gai zehatz hau lantzea, besteak hurrengo baterako utzi arren, ez da denbora galtzea izango.

“Maistrak zigortzen ninduen”, deitu dut sarrera, pertsona horietako batzuen testigantzak jasotzeko. Halere, ez dira zertan norberaren larruan sufritutakoak izan behar. Aitona-amonei edo gurasoei entzundakoak ere bai.

2 pentsamendu ““Maistrak zigortzen ninduen””-ri buruz

  • Nik Bilboko Escolapios Calasancio fraideen ikastetxean ikasi nuen 1968 eta 1978 urte artean eta bertan irakasleen erdiak gutxi gora behera sistema bezala erabiltzen zituzten irainak eta zigor fisikoak (belarrondokoak, “galletak”, “kokobirikokoak”, “katedraliziak”, belarrietatik tira airean altxatu arte, ileetatik heldu eta paretaren kontra jo, zurezko erregelarekin eta antzeko trepetekin hatz mamietan kolpatu… Betiko izango ditut gogoan nire maisuak.

  • Nik Hernaniko Urumea Ikastolan ikasi nuen, eta haur-eskolako urteetan, 1975. urtera arte-edo, belarrondoko eta masaileko ederrak ematen zizkiguten andereño gazte-gazteek ere. Baten batek eraztunari ere buelta eman, eta horrekin ematen zizun kaskezurrean. Zergatik? Guztiagatik. 6-7 urterekin lezioa galdetu eta nahasten bazinen, tori masailekoa. Kristau Ikasbidea buruz jakin ez, eta tori masailekoa. Txotxekin biderketa taulak lurrean egiten hasi eta, nahi gabe, albokoari hankarekin txotxak bultza… eta tori masailekoa. Egia da gela berean ume mordoa ginela eta esango nuke andereño haiek gazteegi ere bazirela gela batean egoteko.

    Baina, EGBko laugarren mailatik aurrera ez genuen, gelan behintzat, kolpe gehiagorik jaso. Hori bai On Manuel apaizak urte batzuk gehiago jarraitu zuen irainka, oihuka eta, tarteka, kolpeka ere.